Sekula baino euskara ikasle gehiago

Karkara 2015ko urr. 1a, 08:44

60tik gora lagunek eman dute izena euskaltegian. Aurtengoa izan da euskaltegiak inoiz izan duen matrikulazio-kopururik handiena. Zerbitzua emateko kontratua irailaren 28an sinatu zuten Udalak eta Mertxe Mugika AEKko koordinatzaileak.

Aurreikuspenak hautsi dira. Espero baino jende gehiagok eman du izena euskaltegian. Guztira 60 lagun matrikulatu dira Orioko Udalak eta AEKk elkarlanean egin duten eskaintzan. Taldeak osatuta zeudenez, matrikulazioa itxi behar izan dute, sekula gertatu ez dena.

Egun osoan zehar izango dira AEKko langileak euskaltegian. Goizetan, lehenengo urratseko 11 ikasle izango dira eta arratsaldetan, berriz, euskaraz pixka bat badakitenek (13-bat pertsona) ikasten jarraitzeko aukera izango dute. Azkenik, alfabetatzeko asmoa duen 7 laguneko taldetxoa osatu da.

Autoikaskuntza eskaintza berri arrakastatsua

Aurtengo nobedade nagusia autoikaskuntza zen. Euskara ikasten jarraitzeko taldea osatzen ez zela-eta, jendea euskaltegira joan gabe gelditzen zen; edo libre zuen orduan taldea osatzen ez zelako, eskolarik jaso gabe gelditzen ziren. Hutsune hori osatzeko garatu dute autoikaskuntzaren zerbitzua.

30 lagunek eman dute izena euskara sistema honen bidez ikasteko. Etxean nahiz euskaltegian egin ahalko dituzte ariketak, beren kabuz; eta, horrez gainon, astean behin, tutorearekin elkartuko dira ariketak zuzentzeko eta zalantzak argiteko. Gainera, astean behin mintzapraktika egiteko aukera dute.

Autoikaskuntzan plaza guztiak bete dira, ez dago plaza librerik. Hortaz, itxaron-zerrenda ireki du AEKk. 

Taldeen aurkezpena ostegunean

Bihar, urriaren 1ean, ostegunean, egingo da taldeen aurkezpena. Eskolak goizez dituztenak 10:30ean elkartuko dira; arratsaldeetan izena eman dutenen artean, alfabetatu nahi dutenek 18:30ean egingo dute zita, eta, euskalduntzen ari direnek 19:00etan dute hitzordua.

Autoikaskuntzako ikasleak datorren astean hasiko dira

Plaza gutxi daude libre

Esan bezala, autoikaskuntzak arrakasta itzeal izan du eta ez dago plaza librerik. Euskalduntze + mailako arratsaldeko taldean ere leku gutxi geratzen da. 

KARKARAk zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Orain arte bezala, kalitatezko eduki libreak eskaini nahi dizkizugu. Euskaraz informatzea da gure eginkizuna, eta zure eskubidea. Izan zaitez KARKARAko laguntzaile, urtean 40 euro besterik ez dira!


Izan zaitez KARKARAko laguntzaile!