Arrauna 2015

Tela puskarik preziatuena, Kontxako bandera

Karkara 2015ko ira. 29a, 08:47

Begiak dir-dir, ahotsak dar-dar, ileak puntan eta irribarreak ahoan. Arraunlari eta arraunzale guztiak hunkitzen ditu Kontxako estropadak. Aurten banderarik preziatuenak geltokia Orion izan ez arren, lortu du oriotarrei zirrara sorraraztea.

1879. Bizkaiko Golkoko estropadarik zaharrena egin zen urtea, banderarik preziatuena lehen aldiz astindu zena, euskaldun askorentzat ogibide zen arrantzatik eratorritako kirolak Donostiako Kontxako badian habia bilatu zuen urtea.

1879 urteko arrakasta medio 120 bider egin dena, Oriok trainerua 80 aldiz uretaratu duena eta bandera etxera 31 aldiz  eraman du duena, palmaresean lider kokatzen duena.

Arraunzaleak eta ez zaleak biltzen dituen estropada, itsukeriak indarra hartzen duena, egutegian gorriz margotzen diren hiru asteburuek osatzen dutena, arraunaren olinpiada bilakatu dena.

Kontxako Banderaz ari gara.

120 edizio eta 31 bandera

Ia hamarkada guztietan utzi du marka Oriok. Lehenengoa 1901ean izan zen, Lersundi traineruaren gidaritza Manuel Olaizolak zuenean. Kontxako estropaden 17. edizioa izan zen Oriok bandera astindu zuen lehena. Ordutik hona beste 30 aldiz lortu du tela preziatua: 1909an, 1910en, 1916an, 1919an, 1923an, 1925ean, 1933an, 1939an, 1040an, 1042an, 1944an, 1951n, 1952an,1953an, 1955ean, 1958an, 1964an, 1970ean, 1971n, 1972an, 1974an, 1975ean, 1983an, 1992an, 1996an, 1997an, 1998an, 2000an eta, azkenekoz, 2007an.

Lehen urtetik hona guztiz aldatu da badiaren itxura, eta ez estetikoki soilik. Hasieran arraunzaleak erakartzen zituen, bai; baina ez orain adina. Urteen poderioz Kontxako estropaden sona handitzen joan da, eta, orain, arraunzaleak ez ezik jai giroa atsegin dutenak ere batzen dira arraunaren festara.

129 urte eta gero, emakumezkoak aintzat hartu ziren

Baina urte hauetan guztietan aldatu den gauza bakarra ez da giroa. 129 urte igaro behar izan ziren emakumezkoen presentzia izateko Donostiako uretan. 2008an egin zen emakumezkoena lehendabizikoz.
Zortzi aldiz uretaratu dira emakumekoak Kontxako banderaren bila. Lau talde aurrez aurre, 2.778 metro aurretik. Txiki traineruko arraunlariek 2010 urtea geroztik Kontxan ez sailkatzeagatik zuten arantza iaz kendu ahal izan zuten. Aurten koska bat egin dute gora, eta sailkatzea betebeharra zen. Bandera irabazteko gosez ziren arren, amets hori ezin izan dute bete.

Aurten, gainera, berdintasunerako bidean pauso bat eman da. Sariak hobetzea erabaki du antolakuntzak. Besteak beste, iaz baino 2.000 euro gehiago irabazi ditu aurten irabazleak, San Juanek.

Orion ez, baina bai oriotarrek

Batelerak izan dira, beste behin, Kontxa konkistatu dutenak. Gizonezkoetan ere bandera ez da Oriora etorri, baina oriotar batek irabazi du. Jon Salsamendik gidatzen duen Urdaibaik estropadari 180ºko bira eman eta lehen igandeko emaitza iraultzea lortu zuen. Bigarren urtez jarraian bermeotarrek irabazi dute Kontxako bandera.

Ibon Gaztañazpi, ETB1en aurkezten duen Herri People saioan, Bou Bizkaiako entrenatzailearekin bildu zen Kontxa amaitu berritan, sinbolikoki bada ere bizitzan arrakasta eman edo kentzen duen bandera eskuetan zuela. Oso harro eta oso gustura zegoen oriotarra.

Irabazi ez arren,  egindako estropadarekin harro zeuden Orioko arraunlariak. Kanpora estropadaren buruan joan arren, ziabogan aurre hartu zien Urdaibaiek. Oriotarrak eusten saiatu arren, alde egin zuten urdinek.
Irabazi edo galdu, Kontxa beti da berezia. Kontxak beti jartzen du oilo-ipurdia. Nerbioak beti izaten dira dantzan. Denboraldiaren azken hondarrean daudelako-edo, beti erortzen da malkoren bat edo beste.
Atzera begirako bat egiten da, sarritan, Kontxan; baina aurrera begira ere jartzen dira asko eta asko.  Azken paladak izaten dira batzuentzat, eta arraunaren harra hazi egiten da beste batzuentzat.

KARKARAk zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Orain arte bezala, kalitatezko eduki libreak eskaini nahi dizkizugu. Euskaraz informatzea da gure eginkizuna, eta zure eskubidea. Izan zaitez KARKARAko laguntzaile, urtean 40 euro besterik ez dira!


Izan zaitez KARKARAko laguntzaile!