Arrauna 2015

Jokin Amilibia: "Arraunlariek epe motzera begiratzen dutenez, nahiago dute tostako arraunketan jarraitu"

Karkara 2015ko urr. 29a, 08:42

Arraunlari ohia da Jokin Amilibia. Nola aulki mugikorrean, hala tostako arraunketan ibiltzen zen. Bigarren modalitate honetan Kontxako bandera eskuratu zuen, herrian preziatuena. Arraunlarien prestatzaile gisa lanean aritutakoa da, eta orain, entrenatzaile lanetan ibiliko da aulki mugikorrean.

Pasa den astean elkartu ginen Amilibiarekin. Oraindik entrenamenduekin hasteko zeudenez, ez zekien zehazki zein izango zen aurtengo egoera, hortaz, helburuak finkatzeko ere azkarregi zela aurreratu zigun grabagailua martxan jartzerako. Dena den, kirol helburuak alde batera utzita, helburu pertsonalez hitz egin genuen oriotarrarekin.

Millaresek esan zuen klubak ez zuela aulki mugikorraren inguruko proiektu egonkorrik. Zu ere uste berekoa al zara?

Orio aulki mugikorreko kluba dela esaten dugu, baina, aspaldian, zortzikoa besterik ez dugu egiten. Seniorretan zortzikoa egiten dugu eta sartzen ez denak alferrik dagoela sentitzen du. Ibonek deitu zidanean, esan zidan, zortzikoa egon ezean beste ontzi batzuetan aritu gintezkeela esan zidan. Hau da, zortzikoa ateraz gero, primeran; baina hori ez dela aukera bakarra. Aulki mugikorra gehiago lantzeko asmoa dago.

Ibonek esan zidan Labradores de Sevillari irabaztea ia ezinezkoa zela, ia guztiek selekzioan baitaude. Helburua aulki mugikorra lantzea zen, talde gehiago sortzea, nahiz eta hirugarren edo laugarren egin, oinarri sendoagoa sortu.

Ibonen deiak ilusioa egin al zizun?

Nik orain denbora libre asko daukat eta oso ondo bizi naiz. Baina Ibonen deiak bihotza ukitu zidan, eta arrauna asko gustatzen zaidanez, baiezkoa emate pentsatu nuen.

Hau  da, beste kategoria batzuetan ere ontziak osatzeko asmoa daukazue?

Ahal baldin bada, bai; jendeak nahi baldin badu, bai. Baina nik uste dut arraunlariek nahiago dutela tostakoa egin. Ahal balute biak egingo lituzkete, baina egutegiak ez du laguntzen. Tostakoaren denboraldia oso luzea da, garaiz hasi eta berandu amaitzen da. Horrek zaildu egiten du bi modalitateak uztartzea. Batak guztia absorbitzen du.

Mugikorraren egonkortasun hori bilatzea zaila da, hortaz.

Oso zaila da. Klubak saiatu dezake, baina arraunlariek dute azken hitza. Arraunlariek nahiago dute trainerua. Eta, askotan, nahiago dute Bn jokatu aulki mugikorrean aritu baino. Ez da An jokatzeagatik bakarrik. Kontua da garaiz hasten delako eta usten dutelako tostakoa eginda lehen trainerurako saltoa errazago emango dutela, nahiago dute traineruan aritu. Guztiek helburu edo erreferente lehen traineruan sartzea dute.

Baina arraunean dabiltzan ia guztiek diote aulki mugikorra indartzeak mesede egingo liokeela tostako arraunketari...

Hankekin lana egiten baitute eta kardiobaskularra zorrotzagoa delako. Urteen poderioz arraunlari hobeak izango dira aulki mugikorra eginez gero, indartsuagoak. Baina arraunlariek epe motzera begiratzen dute, hortaz, nahiago dute tostakoan jarraitu.

Baina guztientzat onuragarria litzake aulki mugikorra indartzea, ezta?

Baino arraunlariek epe motzera begiratzen dute soilik. Estropada internazionalak jokatzeko edo selekziora joateko ilusiorik ez duenak lehenbailehen traineruan sartu nahi du. Hori da zaila, pentsamolde hori aldatzea, gogo hori piztea.

Zailena, beraz, motibatzea da ezta?

bai. Iaztik daudenak ere ari dira dagoeneko entrenatzen. Gaztea, pasa berriak, badaki oraindik trainerua urruti duela, hortaz, mugikorrean ibiltzen dira. Baina ergometroan datu onak ematen ari denak albo batera uzten du aulki mugikorra eta traineruari begira hasten da lanean, bete-betean. Aulki mugikorrean onena eman behar dutenean ere lehen traineruan tosta lortu dezaketela pentsatzen egoten dira.

Oriok, ordea, badu gazte talde bat oso indartsua eta lorpen handiak egiten ari dena. Horiek ba al dira gazteentzat amu?

Baina izugarrizko sakrifizioa da. Gainera, Garmendiak eta Zabalak ia urte osoa Sevillan pasatzen dute. Ez dakit nola uztartzen dituzten ikasketak eta arrauna. Selekzioko maila jarraitzeko biak uztartzea ia ezinezkoa da estatu honetan. Hemengo modeloak ez du batere laguntzen. Argi eduki behar duzu horretara bazoaz dena utzi behar duzula, eta hori oso zaila da, bai gazteentzat, bai familiarentzat.

Baina aulki mugikorrerako gosea sortzeko ere balio dezake...

Ikusteko arraunlari paregabea izan dezakezula eta izugarrizko esperientziak bizi? Bai. Ea horrela konbentzitzen ditugun eta animatzen diren.

Telefonoz hitz egin nuen Imanol eta konpainiarekin, baina telefonoz hitz egitea zuzenena ez zenez, beraiek Oriora etortzean egongo gara. Gazteak ere bistaz ezagutzen ditut, baina oraindik ez dut berekin hitz egin. Hitz egitean ikusiko dugu zer eta nola landu. Nire helburuak ere horren arabera aldatuko dira.

Zuk biak egiten zenituen...

Gure garaian, zortziko ia guztiak tokia izaten genuen lehen traineruan. Orduan uztaileko estropada oraingo ekainekoak bezala ziren, motorrak berotzekoak. Ekainean amaitzen zen aulki mugikorra eta uztailean trainerua prestatzen genuen.

Orain ezinezkoa da biak egitea. Zortziko oso-osoak ezingo luke traineruan egon, trainerua uztaila hasieran oso berde egongo litzake eta, egutegiak ez baitu horretarako batere laguntzen.

Prentsatzen dut egutegia aldatu dela traineruen negozioak dirua ematen duelako...

Hori da.Tostako arraunketari zukua ateratzen saiatu dira...

Iaz mundialean, aurten Munduko Txapelketan, Joko Olinpikoetara sailkatzeko azken aukera baliatu nahian... Lehiaketa potoloak dira. Kalitatea badago...

Aurten ere, pentsatzen dut, Olinpiadetarako sailkatuz gero horiek Orioko zortzikoan ez direla egongo pentsatzen dut. Horiek gabe bigarren egitea oso zaila izango da, baina saiatuko gara ahalik eta ontzi indartsuena egiten.

KARKARAk zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Orain arte bezala, kalitatezko eduki libreak eskaini nahi dizkizugu. Euskaraz informatzea da gure eginkizuna, eta zure eskubidea. Izan zaitez KARKARAko laguntzaile, urtean 40 euro besterik ez dira!


Izan zaitez KARKARAko laguntzaile!