Euskarak 365 egun

Euskarak Zaragueta Herri Eskolan duen garrantzia? Presentzia?

Karkara 2015ko abe. 3a, 09:31

Zaragueta Herri Eskolaren hausnarketa Euskararen Eguna hizpide hartuta.

Zaragueta herri eskolako hizkuntza proiektuko 1go puntuak dioen bezalaxe gure ikastetxea euskalduna da, beraz, euskara da gure eguneroko bizitzako eta ikasketetako hizkuntza nagusia. Eta halaxe da, egunero lanean gabiltza, honela izan dadin.

Eskola aldatuz doa, gizartea bezalaxe eta azken urteotan kanpotik etorri zaizkigun familia eta ikasle guztiak ongi etorriak izan dira gurean, aniztasunean oinarritzen baita gure euskal eskola publikoa.

Ikasle hauek oriotar euskaldunak eta euskal hiztunak izatea da gure helburua; eta horretan dihardugu, bai ikasle eta bai familiekin lanean.

Ez ditugu atzean uzten egunero euskara hutsean jolasten, amesten eta haserretzen diren ikasleak ere, hauen familiek baitute hizkuntzaren giltza.

Abenduaren 3an, euskararen egunean, hainbat jarduera egingo ditugu eskolan gure ikasleekin. Egun polita izaten da, gustura hartzen dute parte ikasleek, denon gustukoak izaten baitira egun horretarako antolatzen ditugun jarduerak.

Gero eta gehiago dira, ikasturtez ikasturte, eta ikasturtean zehar ere, etortzen diren kanpoko ikasleak: ertamerikarrak, pakistandarrak, albaniarrak… Ikasle hauen familiek eskola publikoaren aukera egiten dute, gehienetan.

Herriak euskaldun izaten jarraitu behar badu, lan eta ardura handia dugu esku artean. Ikasturte osoan zehar saiatzen gara haurrak gustura izaten, beraientzat hizkuntza eta ohitura berriak diren hauetan murgiltzeko ahaleginean.

Guretzat abenduaren 3a ikasturte osoa da.

KARKARAk zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Orain arte bezala, kalitatezko eduki libreak eskaini nahi dizkizugu. Euskaraz informatzea da gure eginkizuna, eta zure eskubidea. Izan zaitez KARKARAko laguntzaile, urtean 40 euro besterik ez dira!


Izan zaitez KARKARAko laguntzaile!