Euskarak 365 egun

Euskara ikasteko hautua egin dutenak omentzeko adierazpena

Karkara 2015ko abe. 4a, 09:12

Udala osatzen duten alderdi guztiek adostu duten Euskararen Eguneko adierazpena Eusko Legebiltzarrak onartutakoan oinarrituta dago eta euskara ikasteko hautua egin dutenak omentzea du helburu. 

Gaur, abenduak 3, Euskararen Nazioarteko Egunean, honako adierazpena zabaldu nahi du Orioko Udalak:

Azken urteotan, aurrerapauso garrantzitsuak egin dira euskararen normalizazio eta biziberritze bidean. Euskarak hazkunde prozesua izan du eta, neurri handian, biziberritu egin da. Hiru izan dira prozesu eredugarri honen zutabe nagusiak:

  • Herritar askoren engaiamendua euskararekiko
  • Hezkuntza
  • Helduen euskalduntzea. Azken hamarkada hauetan, milaka eta milaka izan dira heldutan euskara ikastea erabaki duten herritarrak, eta milaka, baita ere, euskararen aldeko hautua eginez, euskararik jakin edo jakin ez, beren seme-alabak euskaraz hezteko aukera egin dutenak.

Orioko Udalak ere, bere aldetik, ekimen ugari jarri ditu martxan euskararen ezagutza eta erabilera zabaltzeko administrazioan eta herritarren artean: 'Euskaraz bizi-bizi' programa, etorkinak euskarara hurbiltzeko saioak, Udalak euskaraz funtzionatzeko hartutako erabakiak, euskararen dekalogoa, herrian euskara doan ikasteko zerbitzu berria...

Orioko Udalak, 2015eko abenduaren 3ko Euskararen Nazioarteko Egunean,euskarara hurbiltzeko hautua egin duten pertsonei aitormena egin nahi die, euskararekiko erakutsi duten atxikimendua eta hizkuntza ikasteko egin duten ahaleginagatik. Euskararen biziberritze prozesua etengabe elikatzen dute pertsona horiek, eta haien guztien gogoa, kemena eta ahalegina aitortu eta omendu nahi ditugu.

Orioko Udalak berretsi nahi du herritar eleaniztunak lortzea duela helburu, uste baitugu eleaniztasunak eragin ona duela gure gizartearentzat, bizikidetza demokratikoari eta gizarte-kohesioari begira. Horregatik indartu dugu aurten Euskaltegiaren zerbitzua: aukera emateko herritar guztiei euskara doan ikasteko herritik mugitu beharrik gabe.

Bestalde, Orioko Udalak konpromisoa hartzen du euskararen erabileraren normalizazioan urrats sendoak egiten jarraitzeko. Aurrera begira, erabilera baita gakoa eta Orioko Udalak hitz ematen du aukera berriak irekiko dituela euskara erabiltzeko, eta horretarako, errespetatuko dituela hiztun guztien hizkuntza-eskubideak eta euskaraz egiteko askatasuna.

Erakundeei eta herritarrei dei egiten diegu elkarrekin aurrera segitzeko euskararen aldeko bidea ibiltzen. Euskara, beste ezer baino lehen, hizkuntza garaikidea, berritzailea eta gaurkotua da, gure gizarteak erabiltzen eta sustatzen jarraitu behar duena.

KARKARAk zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Orain arte bezala, kalitatezko eduki libreak eskaini nahi dizkizugu. Euskaraz informatzea da gure eginkizuna, eta zure eskubidea. Izan zaitez KARKARAko laguntzaile, urtean 40 euro besterik ez dira!


Izan zaitez KARKARAko laguntzaile!