Brontzezko domina irabazi dute hiru oriotarrek

Karkara 2016ko urt. 12a, 08:21

Espainiako Eskubaloi Txapelketan izan ziren hiru oriotar: Maria Zaldua eta Laida Urbitarte Orioko Ikastolako taldeko jokalariak eta, Garikoitz Garagarza, entrenatzailea. Infantilen taldean izan dira hirurak eta brontzezko domina lortu dute. 

Pasa den astean, urtarrilaren 3tik 8ra, Almerian, Espainiako Eskubaloi Txapelketa territoriala jokatu zen; eta, txapelketa horretan, Euskadiko selekzioak presentzia izan zuen. Eta, Euskadiko Selekzioan hiru oriotarrek hartzen dute parte, infantil kategorian, baina paper desberdinarekin. Maria Zaldua Atxega eta Laida Urbitarte Arrillaga jokalariak izan dira, eta Garikoitz Garagarza hautatzailea.

Itxura ona eman dute oso, brontzezko dominarekin itzuli baitira Oriora. Txapelketako partida guztiak irabazita iritsi ziren finalaurrekoetara. Finalerdietan Valentziaren aurka galdu egin zuten, hori izan zen txapelketako lehen eta azken porrota. Izan ere, ondoren, hirugarren postuaren aldeko lehiako partidan irabazi egin zuten, Asturiasi. 18-12 irabazi zuten. 

Garagarzak azaldu du helburua zortzi lehenengoen artean sailkatzea zela, hortaz, oso pozik gelditu gara emaitzarekin, aitortu du. Neskek izugarrizko lana egin dutela gaineratu du hautatzaileak.

Orioko Herri Ikastola Gipuzkoako Txapelketan sailkatzeko aukerekin

Garagarza Euskadiko selekzioko hautatzailea Orioko Herri Ikastolako entrenatzailea ere bada, eta, Gabonetako oporretan ligan atsedena izan ondoren, asteburu honetan berriz ekingo diote ligari. Orioko Herri Ikastolako taldearen denboraldia oso ondo doa, Gipuzkoako Txapelketara sailkatzeko aukera handiak dauzkagu. Izan ere, orain arte, partida bakarra galdu dute. Liderraren kontra egin zuten porrot, Ereintza A taldearen aurka.
 
Orain, laugarren postuan daude oriotarrak, partida bat gutxiago jokatuta. Eta lehenengo lauak dira Gipuzkoako Txapelketako amaierako fasera sailkatzen direnak. Hortaz, orain arteko lanarekin jarraituz gero, aukerak dituztel auste du Garagarzak. Otsaila amaieran jakingo dute ea sailkatu diren ala ez.

KARKARAk zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Orain arte bezala, kalitatezko eduki libreak eskaini nahi dizkizugu. Euskaraz informatzea da gure eginkizuna, eta zure eskubidea. Izan zaitez KARKARAko laguntzaile, urtean 40 euro besterik ez dira!


Izan zaitez KARKARAko laguntzaile!