Euskaraz bizi-bizi

Zer pentsatua ematen duten emaitzak

Argazkia: Plan Orokorreko bileretako bat

Orioko Plan Orokorraren baitan, herriko hainbat eremu garatuko dira. Garapen horiek euskararen debaluazioa ekarri dezakete. Erabakiak hartu baino lehen ondorio horiek aztertu dituzte, euskarari ahalik eta kalte gutxien egin ahal izateko.

Duela bi urte abiatu zen Orioko Hiri Antolamendurako Plan Orokor berria lantzeko prozesua. Etorkizuneko Orio nolakoa izango den erabakitzeko unea iritsi da. Erabakiak hartzeko egungo egoeraren erradiografia egitea garrantzitsua da, hori dela dela, eragin linguistikoaren ebaluazioa egin du Udalak. Eremu jakin bateko egitasmoek bertako errealitate linguistikoan izan ditzaketen balizko eraginak aurreikustea da ebaluazioaren helburua, Plan Orokorraren baitan hartutako erabakiek euskararen hizkuntza-komunitateari ahalik eta kalte gutxien eragiteko.

Eragin linguistikoa egiteko prozedura eta tresna hiru eragileek landu dute, elkarlanean: Gipuzkoako Foru Aldundiak, Euskararen Gizarte  Erakundeen Kontsailuak eta Udalerri Euskaldunen Mankomunitateak. Azterketa egin dute eta dagoeneko osatu dute aurrerapen-dokumentua. 

Dokumentua mardula da, informazio askokoa. Testuinguratzen hasten da, datu orokorrekin. Besteak beste Orio udalerri euskalduna dela aipatzen du eta 2002a geroztik Udalerri Euskaldunen Mankomunitateko kide dela. Herri honen euskararen indizea %83,1ekoa da. Bilakaerari dagokionez, euskararen indizeak behera egin du nagusiki azken 15 urteetan. 

Euskararen erabilerak, kalean eta etxean, behera

2001eko datuekin alderatuz gero, behera egin du euskaldunen portzentajeak kaleko eta etxeko erabileran. Oro har, euskaldunen portzentajeak ere bai.

                               2001        Gaur egun
Euskaldunak            %86         %82,5
Kaleko erabilera       %74         %63
Etxeko erabilera       %60         %52

Datuek beherakada adierazten duten arren, Orion euskara bizi dago eta Orioko Udalak eutsi egin nahio dio Orioko herriaren izaera euskaldunari. Datuek kezkatu egiten dute udala eta horregatik erabaki zuten ELEa egitea. 

Palotak eremua garatzean euskara kolokan

Bost eremu aztertu dituzte ELEan: Mutiozabal, Palotak, Dike, Pilotalekua eta Aizperro. HAPOak planteatzen dituen garapenak aztertu ditu eta aukera bakoitzak izango lukeen eragina. Azterketaren arabera, proposatzen diren aktuazioen eragina moderatua edo ertaina da, Palotetan izan ezik. Izan ere, Palota garatuz gero, etxebizitza ugari egingo dira eta horrek eragin larria izan dezake hizkuntzan. 

HAPOak jasotzen dituen aktuazioak onartzerakoan ikerketa honetako emaitza hori ere hartuko dute kontuan, euskarak bilakaera negatibo hori izan ez dezan.

KARKARAk zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Orain arte bezala, kalitatezko eduki libreak eskaini nahi dizkizugu. Euskaraz informatzea da gure eginkizuna, eta zure eskubidea. Izan zaitez KARKARAko laguntzaile, urtean 36 euro besterik ez dira!


Izan zaitez KARKARAko laguntzaile!