Zuen zozketa: Udara

Gizonak boletoak etxean jasotzen zituela komentatu zigun, harpideduna zelako. Gu, barrutik barrez, eta kanpotik serio.

Horrela herrietako festak ezagutzeko aukera izan genuen 2014ko udan.Egon ginen herri bakoitzeko ogitarteko onenak saltzen dituzten tabernen gida egin eta sekretua guretzat gordetzea erabaki genuen. Eta ogitarteko asko jan genituela zin dagizuet, nire gerribuelta testigu. Orduan irabazitako kiloak bota ezinik nabil oraindik.

Eta horrela, jan edanez, festa zoragarrien berri izan genuen. Mutrikuko madalenak, Oiartzungo sanestebanak, Azpeitiko saninaxiyuak… eta herri gehienetan San Miguel.

Baina, festa politak Debako sanrokeak! Eguraldi ederra egin zigun, eta trena hartuta han ginen goiz-goizetik. Herriko kale nagusia itxia zuten, eta haurrentzat entzierroa egin behar zutela esan ziguten DYAko furgoneta baten alboan zeuden sorosleek. Bazterrak pixka bat ikusi, kafea hartu, indarra ematen zigun peto horia jantzi, eta bakoitza kale izkina banatan jarri ginen.

Hantxe ari ginela gure produktua eskaintzen, senar emazte bikotea gerturatu, eta gizonak boletoak etxean jasotzen zituela komentatu zigun, harpideduna zelako. Gu, barrutik barrez, eta kanpotik serio. Baina segituan emaztea sartu zen elkarrizketan eta senarra zuzendu zuen. Ez… zuk etxean jasotzen dituzunak Gurutze Gorriko boletoak dira eta hauek…DYAkoak dira. Azkenen, serio egonagatik, irribarre batez agurtu genuen bikotea, eta aurrera.

Arrasaten ere gauza xelebrea gertatu zitzaigun. 2014ko urte hartan, Gure Esku Dago taldeak Iruñea eta Durango lotuko zuen giza katea antolatu zuen ekainerako. Ekimen hori ezagutarazteko, udaberriko festa eta azoketan, postua montatzen zuten, eta ibilbideko kilometro bat saltzen zuten, eta kamiseta urdina oparitu. Gure Esku Dagokoak urdinez jantzita kilometroak saltzen bost eurotan, eta gu inguruan Kilometrotakoak Gure Zozketako boleto urdinak bost eurotan saltzen… ba azkenean espero duzuena! Arrasateko parte zaharrean bikote gazte batek boleto bana erosi zigun eta batak besteari:  gogoa ninan kilometro bat erosteko.

KARKARAk zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Orain arte bezala, kalitatezko eduki libreak eskaini nahi dizkizugu. Euskaraz informatzea da gure eginkizuna, eta zure eskubidea. Izan zaitez KARKARAko laguntzaile, urtean 36 euro besterik ez dira!


Izan zaitez KARKARAko laguntzaile!