Salsamendi: "Politikarien menpe ez egotea gustatuko litzaidake”

Karkara 2016ko ots. 29a, 14:19

Lourdes Salsamendi Kultura, Turismoa eta Euskarako batzordeburua da. Mutiozabal ontziola erosteaz eta berreskuratzeaz hitz egin dugu berarekin. 

Zergatik berreskuratu nahi izan duzue Mutiozabal ontziola?

Kantauri isurialdean zutik gelditzen zen ontzioletatik martxan egon zen azkenengoa da. Errekuperatzeko esfortzua egitea, beraz, oso garrantzitsua iruditzen zitzaigun. Gainera, duen kokapenagatik –turismoa kontuan hartuta– erreferentziala da oso; eta, bereziki, herriaren historiarekin duen lotura estuagatik.

Adostasunez erabaki duzue berreskuratzea, gainera.

Aurreko legealdian hasi zen berreskuratzen prozesua, alderdi guztien artean. Momentu batean, gelditu egin zen. 60.000 eurotara irits zitekeen diru laguntza galtzeko arriskua zegoen,. 2015 abenduan amaitzen zen erosteko epea eta laguntza erosketarako zen. Pittin bat gutxiago kostatu da, 47.981  euro eta hori ordaindu dute.

Orainek iritzia eman du, esanez pozik dagoela baina ez direla informatuta egon. Kontua da, batzuetan, gauzak etorri ahala egin behar direla, azkar. Gainera, Mutiozabalgo iloba guztiekin ados jarri behar izan dugu. Nahiz eta guztiek borondatea izan lehen momentutik, adostasunera iristeko elkarrizketa dezente egin behar izan ditugu eta ez genuen apenas denborarik horretarako, gaiari berriz irailean heldu baikenion. Horregatik izan da minutuz minutu ez informatzearena.

Eta behin erosita, berreraikuntza nola finantzatuko duzue?

Jaurlaritzatik bideratzen saiatuko gara. Berreskuratzeko laguntzak daudenez, bide horri helduko diogu. Hori eraikuntzari dagokionez. Bestalde, proiektua bideratzea, zer erabilpen eta kudeaketa izango duen zehaztea ere garrantzitsua da diru laguntzak lortzeko. Hezkuntza sartu nahi dugu proiektuan, formazioa, eta hortik ere finantziazioa lor dezakegu.

Hezkuntza diozu. Gazteentzat formazioa?

Kasualitatez, datorren astean, Albaolakoekin elkartuko naiz. Egurrezko ontzigintza eskolak ematen hasiko dira. Aukera handiak daude eta guk ziur daukaguna da elkarlana ezinbestekoa dela, ontziolen arteko saretzea. Lotura izan nahi dugu, besteak beste, Albaolarekin. Elkar elikatzea da egokiena.

Baina oraindik ez daukazue zehaztuta proiekturik, ezta?

Zehazteko adituekin egon behar dugu. Adituekin hitzaldi bat antolatuko dugu herritar guztientzat, eta beraiek emango dizkigute ideiak ontziola era onenean bideratzeko. Herritarrek parte hartzea espero dugu, proiektua osatu ahal izateko.

Emango zaion erabileraren araberakoa izango da eraikinaren itxura?

Proiektua egin gabe dago, baina, dakidanez, ontziola lehen zen moduan errekuperatuko da. Lehengo berdina izango da, hau da, erreplika gaurkotu bat egingo da. 

Eta horretarako guztirako zenbat diru behar duzue?

Zifra batzuk aipatzen dira, baina ez da zehatza. Aurrerago jakingo dugu, hemendik gutxira. Udararako proiektua aurkeztu behar dugu eta ordurako jakin beharko dugu. 

Hezkuntzan tokia izatea nahi duzue, baina hori ere definitzeke dago, ezta?

Ez dakit zer erabilpen izango duen, baina niri gustatuko litzaidake zerbait konkretua izatea eta ez politikoa. Herritik eta herriarentzat egindako zerbait da. Hortaz, nahiz eta hemendik lau urtera beste alderdi bat egon indarrean, hori politikarien menpe ez egotea gustatuko litzaidake. Autonomia propioa izatea. Ahalik eta modu onenean bideratzea, hori argi izatea eta ildo horretatik bideratzea, boterean dagoena egonda.

KARKARAk zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Orain arte bezala, kalitatezko eduki libreak eskaini nahi dizkizugu. Euskaraz informatzea da gure eginkizuna, eta zure eskubidea. Izan zaitez KARKARAko laguntzaile, urtean 40 euro besterik ez dira!


Izan zaitez KARKARAko laguntzaile!