Norberak egin beharreko bidaia

Rikardo Uzkudun 2016ko ots. 29a, 14:41

Ur goiena, ur barrena diskoa kaleratu zuen Olatz Zugastik pasa den azaroan. 

Azaroko zenbakian eman genuen Olatzen disko berriaren albistea Karkaran, baita berari egindako elkarrizketa mamitsua ere. Geroztik kontzertu batzuk eman ditu Olatzek batean eta bestean. Victoria Eugenia antzokia ondo bete zuen azaroaren 29an eman zuen kontzertuan. Diskoa osatzen izan duen taldea izan zuen lagun: Ederra anaiak, David Gorospe eta Julen Alonso –pena Uhats taldeko ahotsak falta izana–. 

Eta kantuetan ezagun da talde berria duela Olatzek, bateria eta baxuaren presentzia nabarmentzekoa da, Mezularia eta Ni gatibu hartzeko kantuetan izan ezik. Nolabait esateko, harpak eta gitarrak airean lagatzen dituzten doinuak lurreratzen lagundu dute, eta eskertzen da.

Ohi bezala, kanturen batzuk kutsu zeltiarra dute –Lorena Mckennitt gogorarazi digu kanturen batek–, eta besteren batek doinu mediterranearren oiartzuna du –Eleftheria Arvanitaki izan zitekeen–, baina hori bai, nola ez, Olatz Zugastiren ahots sendoan. Letrak ere bere-bereak dira, herri menderatu baten jarrerez kezkatuta. Beste batzuk, ordea, beste jite batekoak dirudite, norberaren bidea bilatzeari alegoria egiten diotenak. Diskoa entzunaz, norberak egin beharreko bidaia... ur goiena ur barrena.

KARKARAk zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Orain arte bezala, kalitatezko eduki libreak eskaini nahi dizkizugu. Euskaraz informatzea da gure eginkizuna, eta zure eskubidea. Izan zaitez KARKARAko laguntzaile, urtean 40 euro besterik ez dira!


Izan zaitez KARKARAko laguntzaile!