400 lasterkariak txapeldun

Luis Lizarralde 2016ko mar. 7a, 08:03

Euria, kazkabarra eta haizea. Guztia lokaztuta. Eta, hala ere, 400 korrikalarik ekin zioten mendi lasterketari. Baldintza horietan korrika egiteak txapeldun bilakatu zituen partaide guztiak.

22 kilometro egiten azkarrena Hassan Ait Chaou izan zen, 1:45:02 denborarekin. Ibilbidea osatzen lehen oriotarra Ibon Berasaluze izan zen. Zazpigarren helmugaratu zen oriotarra 1:57:29 denborarekin. Lehen aiarra Hodei Alkorta izan zen.

Emakumezkoetan azkarrena Virginia Perez izan zen, 2 ordu eta 20 minutu behar izan ditu ibilbidea egiteko. Sara Peña sailkapen orokorrean hirugarren helmugaratu zen, 2:40 denborarekin. Bera izan da lehen emakume oriotarra. Oriotarrak sare sozialetan aitortu du harro sentitzen dela ikastolako kide eta oriotarra izateaz: Ibilbidean zehar horrenbeste herritar, laguntzen eta animatzen... Puntarriko giroa Katxiña eta gainontzekoekin "segiyon Peña" esanez, GRa hasterakoan lasterkarien arteko animoak, Noran aita usurbildarra nire alboan izan da denbora luzez, Luzarbeko motibazioa familia ere han egonda...

Eta handik behera ere emozio bizi-biziak izan ditu Peñak: Iñigok erreka pasatzen lagundu dit, Imanolek animoak eman dizkit... oso pozik zegoen oriotarra lasterketako giroagatik, eta, zuzenean nahiz zeharka, lasterketan parte hartu dutenei zorionak eman nahi izan dizkie.

KARKARAk zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Orain arte bezala, kalitatezko eduki libreak eskaini nahi dizkizugu. Euskaraz informatzea da gure eginkizuna, eta zure eskubidea. Izan zaitez KARKARAko laguntzaile, urtean 40 euro besterik ez dira!


Izan zaitez KARKARAko laguntzaile!