Emakumeen Nazioarteko Eguna

Arruti eta Etxeberria: "Guztiek genuen gure lekua 5000 tantako olatu arrosean"

Karkara 2016ko mar. 8a, 09:55

Nadhet Arrutik eta Enara Etxeberriak lila koloreko uholdearen parte izatean sentitutakoa kontatu digute.

Martxoak 6ko goiza iritsi zen eta ilusioz gerturatu ginen Donostia aldera, gure lehen Lilatoi lasterketan parte hartzera.


Alderdi Ederrera iritsi bezain pronto nabaritu genuen bertako giroa, eta berehala joan zitzaizkigun hotz guztiak. Izan ere, txiki zein handi, zahar zein gazte, kirolari zein ez, guztiek genuen gure lekua 5000 tantako olatu arrosari bultzaka jarraitzeko asmoan. 


Erlojua alde batera utzi, eta irrintzi eta animo oihu artean emakumeen aldeko aldarrikapen festa honetan murgildu ginen. 


Parte hartu genuen korrikalari guztiez gain, txalotzekoa da trikitixa, batukada zein aterki azpian animoak ematera hurbildu zirenek emandako berotasuna, nolabait festarekin bat egin eta Lilatoiaren parte bilakatu ziren. 


Pasa den igandeko 5 kilometrotako erronka gainditu bagenuen ere, uste dugu berdintasunaren aldeako borrokan bide luzea dugula aurretik.

Euria egin ala ez, hurrengo urteetan ere olatu arrosak Donostiako kaleak blaitzen jarraitzea desio dugu.

KARKARAk zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Orain arte bezala, kalitatezko eduki libreak eskaini nahi dizkizugu. Euskaraz informatzea da gure eginkizuna, eta zure eskubidea. Izan zaitez KARKARAko laguntzaile, urtean 40 euro besterik ez dira!


Izan zaitez KARKARAko laguntzaile!