Emakumeen Nazioarteko Eguna

Eider Goiburu: "Jarrera askoren oinarrian sozializazio prozesu matxista dago"

Karkara 2016ko mar. 8a, 16:32

El sexismo, una lacra para la salud sexual: perspectiva feminista como un factor de protección doktoretza tesia amaitu berri du Eider Goiburuk. 

Feminismoaren inguruko arra betidanik duela aitortu du. Sexualitatean emakumeek duten askatasun faltak interesatuta, barne-hutsuneak betetzen hasi zen. Ohartzen hasi zen gizarte matxista honek oso ondo egiten duela guk ez ikusteko zein mailataraino garen diskriminatuak, eta zein neurriraino dauden baldintzatuta gure erabakiak. 

Berdintasuneko masterra egin zuen eta formakuntza sakon horrek feminismora salto egiteko gogoa piztu zion. Eta, orain gutxi El sexismo, una lacra para la salud sexual: perspectiva feminista como un factor de protección doktoretza tesia amaitu du Eider Goiburuk. 

 

Hasteko, argitze aldera, azalduko diguzu zer den sexismoa? 

Sexismoa sexuan oinarritutako diskriminazioa da. Hau da, emakumeek jasaten dugun diskriminazioa gizarte sexista batean bizi garelako, emakume izateagatik bakarrik. Diskriminatuak gara eremu guztietan –lanean, kirolean, sexualitatean ere ez ditugu arau berdinak, familian ere rol batzuk dauzkagu...– Bizitzako eremu guztietan ez gara aske erabakitzeko nola izan nahi dugun, baizik eta gizarteak egozten dizkigun jokabide eta jarrera batzuk bete behar ditugu. Horrek markatu egiten gaitu.

Emakume izate hutsagatik.

Horregatik bakarrik.

Terminologiarekin jarraituz, sexua eta generoa zertan desberdintzen dira?

Debate garrantzitsua dago gai horren inguruan foro feministatik. Lehen esaten zen sexua, batez ere, sexu biologikoa zela. Aluarekin edo zakilarekin eta arrautzekin jaiotzen zinen. Gaur egun, ordea, argi dago aluarekin jaiotzeak ez duela esan nahi emakumea zarenik. Sexua eta identitate sexualaren aretan bereizketa bat dago, beraz; genitalak eta identitate sexuala. 

Kulturalki genital batzuekin jaiotzeagatik egozten zaizkigun jarrerak, jokabideak, sentimenduak... hori da generoa. Aluarekin jaiotzeagatik, badirudi gauza jakin bat sentitu, pentsatu eta egin behar dugula. Generoaren ezaugarri nagusiena da kulturala dela, horregatik emakume izatea ez da berdina hemen edo Mozambiken. Kultura aldatzen den heinean aldatu egiten da.

Eta osasun sexuala? Zer da?

Gure sexualitatea era osasuntsu batean bizitzea. Indibidualki gure buruarekin ados egotea, eta, aldi berean, bizi garen gizartean egokitzean sexualitatea era osasuntsu batean bizitzea. Nahigabeko haurdunaldietan eta bestelako gaixotasunetan erori gabe, adibidez.

Baina hori ez dago –guztiz– gure esku...

Hor dago koska. Psikologiatik ikasten diren gauza guztiak testuinguratu egin behar dira gizarte konkretu eta momentu historiko jakin batean. Bestela pertsonek pertsona bezala ez daukagu garapenik independenteki. 

Hezkuntzak zer paper du osasuntsu izate horretan?

Paper garrantzitsuena hezkuntzak du. Guk sexualitatea nola bizi dugun ez da zerbait pertsonala, baizik eta nola irakatsi diguten bizitzen. Horren arabera, guk hartzen ditugun erabakiak hezkuntzan oinarritutakoak dira. Hau da, hezkuntza sexista bat baldin badaukagu, emakumeek pentsatzen dugu sexualitate eremuan zer nahi dugun erabakitzeko aukera gutxiago dauzkagula, autoezagutza eta konfiantza gutxiago badaukagu, bikote harreman bat mantentzeko sexu harremanak bikotekideak nahi dituenean eduki behar ditugula uste badugu... Horretan guztian sinesten badugu, edo hori guztia barneratuta badaukagu, askoz ere zailagoa da osasun sexuala izatea.

Berdintasunen hezita bagaude, oinarri feminista batean, guk gure buruaren eta gorputzaren jabe izango gara eta bizitza sexual osasuntsuagoa izango dugu.

Hor arazoa da jaso dugun hezkuntzaren ondorioz, osasuntsutzat jo daitekeen hori ez dela osasuntsua... 

Emakumeetan gertatzen dena zera da, ez gaituztela hezten guk pentsatzeko zeintzuk diren gure desioak, interesak... Orduan, ikasten dugun edo arauen barruan dagoen horretara jotzen dugu. Eta arauak maskulinoak eta matxistak dira. Hortaz, horretara jotzeak ez du esanahi horrek zoriontsu egiten gaituenik. Baina, hasiera batean, ez gaituztenez uzten beste bide batzuetatik jotzen, beste aukera batzuk ikertzen...

Eta hor, zer garrantzia du ikastetxeetan ematen den hezkuntzak? 

Ikastetxeetan egiten diren programek bilakaera bat izan dute historikoki. Momentu historiko bakoitzean gauza batek eduki du garrantzia, eta sexu heziketa programetan horri lotuta joan dira. Esan nahi dudana da, sexu heziketa programak hasi zirenean, 80. hamarkada bukaeran, IHESAren prebentzioari oso lotuta egon ziren programak, orduan IHESAren booma bizi zelako. 

Erabaki zen sexu heziketak edo sexualitateak transbertsala izan behar zuela hezkuntza sistemaren barruan. Ikastetxeetan materietan txertatu behar zela, zeharka landu behar zela. Hor prozesu bat egon zen, eta, gerora, sexu heziketa programa espezifikoak sartu ziren. Horiek ere bilakaera bat izan dute. 

Momentu honetan, sexu heziketa genero indarkeriaren prebentzioarekin oso lotua dago. Genero ikuspuntua oso kontuan hartzen da gaur egun. 2010ean, estatu mailan, sexu osasunaren legea atera zen. Horrek sexu osasuna eskubidea zela adierazten zuen; hortaz, sexu osasun hori garatzeko zerbitzu batzuk eta heziketa bat egotea bermatu behar zuen legeak. Gertatzen dena da hori ez dela errealitatea. Ikastetxe gehienek programak martxan jartzen dituzte, baina bakoitzaren erabakia da hori zein ikuspuntutik landuko den eta lanean aritzen den talde bakoitzak ere bere ikuspuntua dauka. Ez dago  ebaluatzen duen inor, jarraipen instituzionalik ez dago. Irizpide argirik ez dago. 

Eta familietan jasotzen al dugu honen inguruko hezkuntzarik?

Hutsune bat dago hor. Diskurtso bat dago egoera asko aldatu dela dioena. Gurasoek gai hauen inguruan seme-alabekin hitz egiteko prest daudela diote. Baina uste dut errealitatea bestelakoa dela. Denok gure motxila daukagu, eta lotsa eta erruduntasun sentimendu ugari dauzkagu. Orduan, gai batzuetan askoz ere gehiago hitz egiten den arren -hilekoa, prebentzioa...– beste hainbat gaiz ez da hitz egiten –plazera, masturbazioa...– etxeetan. 

Badago espazioren bat gai horietaz hitz egin ahal izateko?

Horretarako sortzen dira tailerrak eta zerbitzuak. Alde batetik, nik ezagutzen ditudan gehienak gazteei bideratuta daude eta gazteek aprobetxatu egiten dituzte. Baina, beste alde batetik, helduei eskaintzen zaizkienean erantzuna txarra dela uste dut. Nire esperientziari dagokionez behintzat, helduak ez dira horrelako eskaintzetara gerturatzen. 

Hau guztia ikuspegi feminista batetik lantzearen garrantzia azpimarratu duzu behin eta berriz. Zer esan nahi du ikuspegi feminista batetik lantzeak?

Esan nahi duena da kontuan eduki behar dugula gizarte matxista batean bizi garela. Eta gizarte matxista batean bizi garenez, emakumeek eta gizonek ez dugu sexualitatea modu berean bizi. Hori kontuan eduki behar da, bakoitzak nola bizi duen, eta esku-hartzeek hortik abiatu behar dutela uste dut.

Esan nahi dudana da, adibidez, ponselo pontelo kanpaina ezaguna egin zenean, ez zela kontuan hartu botere desoreka. Emakumeek eta gizonek ez daukagu aukera berdina prebentzio metodoak erabakitzeko, eta hori ez zen kontuan hartu. Gaur egun hori kontuan eduki behar da.

Ikerketei erreparatuz gero, 16-17 urte bitarteko neskek jokabide arriskutsu gehiago izaten dituzte mutilek baino, neskek botere gutxiago dutelako erabakitzeko zer egin nahi duten. Baina, tira, faktore asko daude: ezagutza falta, maitasun erromantikoa, baliabide falta, jarrera erotofobikoa... Baina jarrera horiek guztiak oinarrian sozializazio prozesu matxista dute. Sexu heziketa programa benetan eraginkorrak egiteko kontuan hartu behar da desoreka hori, bestela iristen ez diren mezuak ematen ari gara.  

Feminista hitza testuingurutik atera eta matxismoaren antonimotzat jotzen dute askok.

Esanahi hori eman egin zaio, eta ez da kasualitatea. Estrategia bat izan da, historian zehar feministek egin duten ibilbide guztiari balorea kentzeko. Zer gertatzen da? Momentu sozial honetan berdintasun formal batera iritsi garela eta legeak, hasiera batean, denontzat berdinak direla. Printzipioz askatasuna dugu guztiok zer ikasi nahi dugun, ama izan nahi dugun... erabakitzeko. Diskurtso aldetik badirudi libre garela nola bizi nahi dugun erabakitzeko. Baina, errealitatea ez da horrela. 

Gizonek erabaki batzuk hartzera jotzen dute eta emakumeek beste batzuk hartzera. Hori da errealitatea. Eta hori sozializazio matxista baten bitartez ematen da.

Nire ustez oso garrantzitsua da feminista hitza erabiltzea. Alde batetik, historian zehar egin den borrokari egiten diolako erreferentzia; eta, beste alde batetik, oso argi uzten duelako diskriminatua dagoen mundua zein den. 

Emakumezkoak?

Feministok ez dugu emakumea bakarrik kontuan hartzen. Gehiengoa gara, bai, gizartean %50a garelako eta %50 hori diskriminatua delako. Baina, horretaz aparte, genero rolak betetzen ez dituen jendea ere baztertua da. Bixesualak, transexualak... arauak hausten dituztenek ere zigor sozialak dituzte. Eta, feminismoak, horiei guztiak jasotzen ditu. Eta pertsona horiek diskriminatuak gara mundu femeninoarekin lotzen gaituztelako. 

Eta gizonezkoek badute tokia feminismoan?

Nire ustez, gizonezko feministak lekua eduki dezakete. Baina gizonezko bat feminista izateko... Gizonezkoen beren pribilegioen azterketa bat egin behar dute. Eta hori egitea oso zaila da. Pribilegiatua izanda, botere eremuan egonda, oso zaila da erabakitzea boterea alde batera utziko duzula.

Baina botere eremu horretan deseroso sentituko diren gizonezkoak ere badira...

Noski. Botereak ere bere kostuak dauzka. Nik uste dut kalte horiek gizon guztiek bizi dituztela, batzuk kontzienteagoak dira eta besteak ez horrenbeste. Baina, hala ere, jarraitzen dute boterean egon nahi izaten eta sistema guztia kudeatzen. Eta kostu horiek ez izateko pribilegio batzuk kendu behar dituzte eta hori konplexua da.

Adibide bat?

Jokin Azpiazuk horren inguruko gogoeta oso polit bat egiten du. Eta adibide gisa, niri asko gustatzen zait Pikarako aldizkariko artikulu batean aipatzen zuena. Aitatasunarekin lotuta, gizonezko askok aita-paper hori aldarrikatzen dute. Eta berak, Azpiazuk, dio hori egia dela; baina era berean kritikatzen du ez dutela pertsona helduen zaintza errebindikatzen. Orduan funtsa zer da, pribilegio gehiago izatea?

Orokortzen ari naiz, noski. Badaude pribilegioak alde batera uzteko gai diren gizonezkoak, baina gutxiengoa dira.

Berdintasuna sarritan aipatu duzu. Zer desberdintasun dago berdintasunaren eta parekidetasunaren artean? 

Parekidetasunak pertsonen arteko aniztasuna hartzen du kontuan, eta bakoitzak oso era ezberdinak dauzkala gizonezkoa, emakumezkoa edo nahi duena izateko. Pertsona desberdinen arteko aukera eta eskubide oreka esan nahi du. 

Egun, zer nolako egoera ikusten duzu?

Lehen diskriminazioa paperean idatzia zegoen. Garai hartan feminismoak oso paper garrantzitsua izan zuen. Feminismo formala lortu genuenean, hausnarketarako indarra eta gogoa ahuldu egin zirela uste nuen. Eta, gaur egun, akaso indartzen ari da, baina ez dakit. Nire inguruan beti dago presente gai hau, hortaz, ez dakit indarra hartu duen ala ez. 

Udaletxeetan esateko, ez daude sail feministak, berdintasun sailak daude. Feminismoa aktibismoarekin lotzen da. Ez da sozializatu feminismoa maila formalean.

Baina maila formalean sozializatuz gero, akaso, indarra galduko luke...

Ez dut esaten horrela izan behar duenik, baina horrek eragina dauka jendeak feminismoarekiko duen pertzepzioan. Feminismoa eta berdintasuna bi gauza ezberdin balira bezala tratatzen da, berdintasuna gizon eta emakumeen arteko oreka balitz bezala eta feminismoa ez. 

Zuk honen guztiaren inguruko doktoretza tesia egitea erabaki zenuen...

Tesia lanari oso lotua egon da. Ez naiz hutsetik abiatu eta pixkanaka sortzen joan. Nire lanean oinarritutako hausnarketa lan bat izan da. Sexu heziketa programa batzuk egin ditut lanean, zeinak nik ez ditudan erabaki; eta hortik atera ahal izan dudan informazioarekin sortu dut tesia.

Aurreneko urteak datuk jasotzeko izan dira. Eta, era berean, programak ebaluatzeko ere balio izan dit. Eseri eta idaztea urtebete inguruko lana izan da. 

Gaztelaniaz egitearen arrazoia zein da?

Tesiaren zuzendaria elkarteko zuzendaria izan da. Burgoseko unibertsitateko langilea denez, gaztelaniaz egin behar nuen. Dena den, tesiaren lehen zatia galdera-sorta bat egitea zen, maila estatistikoan egiten dena, eta hori euskaraz egin dut.

Gaztelaniaz egin dudalako arantzatxoa sartuta daukat, baina euskarari ere zerbait eman diodala uste dut zatitxo hori euskaraz eginda. 

 

Eskuartean ekarri du tesia Goiburuk erredakziora. Liburu baten forma du orain sei urtez luzez paperean zirriborratuta eta buruan bueltaka eduki duenak. Liburua argitaratzeak duen kostuagatik ale gutxi batzuk besterik ez ditu egin, gertukoentzako. Tesia digitalean, ordea, interesa duen guztien eskura jarriko du laster. Pozik dago egindako lanarekin eta horrela joan da erditu berri duen liburua eskuartean zuela, pozik.

KARKARAk zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Orain arte bezala, kalitatezko eduki libreak eskaini nahi dizkizugu. Euskaraz informatzea da gure eginkizuna, eta zure eskubidea. Izan zaitez KARKARAko laguntzaile, urtean 40 euro besterik ez dira!


Izan zaitez KARKARAko laguntzaile!