Emakumeen Nazioarteko Eguna

Gure elkartasuna emakume eta herri kurduarekin

Karkara 2016ko mar. 9a, 16:53

2016ko urtarrilaren 8an izan zen Pakize Nayir, Fatma Uyar eta Sêve Demir borrokalari eta burkideen hileta; gobernu turkiarren segurtasun indarrek hil zituzten urtarrilaren 4an Silopin.

Krimen honek Emakumeen Mundu Martxako kideok bereziki kolpatu gaitu. 2015ean krisiek eta gatazka armatuek ez digute eragotzi mundu guztian zehar gure 4. nazioarteko ekintza antolatzea, baita gatazkak zeuden lekuetan ere, landa eremuetan, periferietan, mendietan, erresistentzian diharduten emakumeak dauden eskualdeetan… Nazioarteko ekintzaren baitan, Karabana feminista europarra Turkian kokatuta dagoen lurralde kurduan hasi zen, bertako emakumeei beren gorputz eta lurraldearekiko autonomia eta autodeterminazioa lortzeko borrokan babesa eta indarra emate aldera. Halaber, emakumeen erresistentziak sistema kapitalista, kolonial eta patriarkalaren aurka eraikitako alternatibak ezagutaraztea zen beste helburua.

2015eko martxoaren 6 eta 7an Turkia eta Siria arteko mugaren bi aldetako eskualdeko milaka emakume Nusaybinen bildu ziren (mugak banatutako hirian), eztabaida, kultur ekitaldi eta manifestazioek osatutako foro batean. Jendarte berri baten eraikuntzan eginkizun garrantzitsua duten emakumeek tokiko komunitateen autodefentsan garatzen dituzten esperientzien berri eman zieten elkarri.  

Zoritxarrez, azken aldion turkiar gobernuaren eta herri kurduaren arteko gatazka berriro lehertu da, 2015eko ekainean izan ziren hauteskunde turkiarren ostean bake-elkarrizketek porrot egin baitzuten. Gatazkaren fase berri honen ondorioa ehundaka zibilen heriotza (gehienbat emakume eta haurrak), ehundaka zauritu eta milaka espetxeratu izan da. Udal-batzar herritar kurduek erabaki dute autodefentsa dela lurralde kurduko hirietan estatuko poliziak darabilen bortizkeriari aurre egiteko modua. Herritar gobernuetako 17 alkate espetxeratu dituzte, baita Sara Kaya ere, zeinak Nusaybinen hartu gintuen nazioarteko 4. ekintza zela eta.                                  

Autogobernua aldarrikatu duten hiriei eraso egiten diete; etxeratze agindua ezarri zaie, baita argindarra, ura eta komunikazioak eten ere. Kalean dabilen edonor, haurra, adinekoa, haurdun edo gaixorik dagoen emakumea dela ere, frankotiratzaileek hil egiten dute. Zauriren bat jasoz gero, pertsonek ezin dute medikuarengana jo. Jendeak ezin ditu bere hildakoak ehortzi. Etxeratze aginduak herritarrak etxean bahituta mantentzen ditu, jatekorik ere ez dutela; honek osasun egoera larriagotzen du. Hartara, berezko abortoen kopurua gehitu egin da. Nusaybinen etxeratze agindua zazpi aldiz ezarri dute; azkenak, abenduaren 14an ezarri zenak, indarrean dirau oraindik.

Azkenik, indar polizialek hiru emakume ekintzaile kurdu hil zituzten joan den urtarrilaren 4an Silopin. Euretako bat, Séve Demirr, Emakumeen Mundu Martxaren 4. nazioarteko ekintza hasteko ekitaldien koordinatzaile izan zen.

Ekintza

Hilketa politiko hau salatu eta dei egiten diegu koordinakunde nazionalei turkiar enbaxaden aurrean protesta ekitaldiak egin ditzaten eta gutunak bidal diezaizkieten hiru emakume ekintzaile kurduen hilketa gaitzesteko eta honakoak exijitzeko:

 · Inpunitatearen amaiera eta krimenaren ardura dutenek justiziaren aurrean erantzun dezaten

· Ez dezatela ekintzaile politiko, giza-eskubideen defendatzaile eta kazetari gehiago hil 

· Hiri kurduetan amai dadila etxeratze agindua 

· Indar militar eta paramilitarrak erretira daitezela hiri kurduetatik 

· Su-etena eman dadila eta bake-elkarrizketak berriro hasi 

· Pertsonek, baina batez ere emakumeek, pairatzen dituzten abusu, irain eta tratu txarrak amai daitezela

 Martxan jarraituko dugu guztiok libre izan arte!

KARKARAk zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Orain arte bezala, kalitatezko eduki libreak eskaini nahi dizkizugu. Euskaraz informatzea da gure eginkizuna, eta zure eskubidea. Izan zaitez KARKARAko laguntzaile, urtean 40 euro besterik ez dira!


Izan zaitez KARKARAko laguntzaile!