Maider Beldarrain: “Herri bat intelektualki aberatsa kulturak egingo du”

Karkara 2016ko mar. 18a, 10:07

Tabakoa egiten zen etxean kultura kozinatzen da orain. Maider Beldarrain Iribar –Getaria, 1986– da sukaldarietako bat, komunikazioa eta garapen zuzendaria da iaztik.

Batzuek udako oporrak hasi zituztenean hasi zen Beldarrain Tabakaleran lanean. Uztailean, sei hilabete iraun zuen hautaketa prozesuaren ondoren. Haurdun zegoela hasi zuen prozesua, eta bukatzerako, ama zen. Alabaren jaiotza pozgarria bezain lagungarria izan da, etxeratzean lanetik erabat deskonektatzen laguntzen dio etxeko txikiak.

Pentsatzen dut egin dizueten galdera errepikakorrena Zer da Tabakalera izango dela...

Donostian kokatzen den Kultura Garaikidearen Nazioarteko zentroa, 37.000 metro koadro dituena. Espazio hori proiektu kulturalarekin , ekosistema kulturalarekin eta plaza publikoarekin betetzen ditu.

Proiektu kulturalak bi helburu ditu. Batetik, sormena, sorkuntza zentroa baita Tabakalera eta horretarako baliabideak ematen baitzaizkio sortzaileari. Eta, bestetik, programa publikoa dauka. Bi ardatz horien baitan lau lan ildo ditu: praktika artistiko garaikidea, hezkuntza, Hirikilabs eta Ubik liburutegia. Labur esanda, sortzaileen gunea du batetik eta hainbat ekitaldi, transbertsalagoak, bestetik: erakusketak, zine proiekzioak, mintegiak, aurkezpenak eta tailerrak.

Ekosistema kulturala proiektu kulturalen eta bizilagun ezberdinen arteko uztarketan sortzen da.

Tabakaleran kale espazio asko dago.  Aterpean dago, etxe barruan, baina era berean espazio irekia da.

Hiritarrak, akaso, nahasi samar zeuden ateak ireki zirenean, baina jakin-mina ere bazuten...

Pasa den uda, guretzat, ez zen existitu ere egin. Gau eta egun aritu ginen lanean irailaren 11n Tabakalera irekitzeko.  
Badago jendea urteak daramatzana Tabakaleran lan egiten eta berentzat bereziki bidea luzea izan da. Aurreikuspen onenean ere ez genuen inondik inora irudikatzen 28.000 pertsona etorriko zirenik asteburu hartan.

Pozik geratu ginen, baina errespetu handia sorrarazi zidan horrelako harrera edukitzeak. Gauzak ondo egiteko obligazioa sentitzen dugu.

Tabako lantegi zaharberritua da. Espazio batzuk bere horretan utzi dituzue, zergatik?

Ehun urtetik gora egon zen tabako fabrika martxan. Ateak itxi zituenean erabaki zen Kultura Garaikidearen Nazioarteko Zentroa izango zela. Garai bateko eraikinarekin bat egin dute elementu berriek, prismak edo kristalezko kupulak esaterako, eta ikur bilakatzen ere ari dira askorentzat. Tabakalerak aukera hori ematen du, bakoitzak bere egitearena...

Bai? Baina ez gaude ohituta horrelako zentroak gure egitera, ezta?

Irekia eta publikoa da. Erabilera ezberdinak eman diezazkioke. Erakusketa ikusi dezakezu, prismara igo eta Donostia beste ikuspuntu batetik ikusi, Ubik liburutegira joan... Liburutegiarena ere aldaketa handia da, kontzeptualki sortzera animatuko batzaitu. Ez duzu isilik egon behar, 3D inpresorak daude... Izugarria da horrelako zentru bat Donostian egotea eta edonork benetan sortzeko aukera izatea. Sortzea, zerbait berria da, ez gaude ohituta. Aldaketa asko dira eta horregatik garrantzitsua da oso hezkuntzako taldea egiten ari den lana ikasle eta familiekin. Nolabait, kultura garaikidea herritar orori zabaltzen ari dira.

Ohiturak edo aurreiritziak asko aldatu behar ditugu, beraz.

Iruditzen zait kulturak asko laguntzen duela bizitza ulertzen. Bakoitzak bere egunerokoa dauka, baina aisialdian hemendik pasa eta dagoen aukera zabal horretan zure txokoa aurkitzea polita da oso. Bizitza ez nuke hori gabe ulertuko, gauza ugari pentsatzera eramaten baitzaitu. Tabakalera programa publikoa izanda, edonork atera dakioke zukua. Euria egiten duenean, adibidez...

...euria egiten duenean, adibidez, jende asko merkatal zentroetara joaten da.

Bai, baina hau ere bete egiten da, aterpea baitago hemen eta familientzako eskaintza baitaukagu. Ohiturak aldatzen joango dira, esperantza daukat, bestela ez nintzateke hemen egongo.

Hainbat erakunde publikok Tabakaleran dute egoitza, baita pribatuek ere. Nola uztartzen dira?

Erakunde publikoek erabaki zuten beren egoitzak hemen egon behar zuela, baita iniziatiba pribatuek ere. Funts ezberdina daukate, baina uste dut ekimen pribatuek indar handia ematen diotela eraikinari eta bat datozela Tabakaleraren izaerarekin.

Zuenean euskal sortzaileek zein protagonismo izango dute?

Ez da zertan euskal sortzailea izan Tabakaleran tokia izateko, baina orain, esaterako, bost artista euskaldunek egindako erakusketa daukagu.Naturalena da bertakoek ere presentzia edukitzea, baina ez dizkiogu inori ateak ixten.

2016 kultur hiriburutzaren urteko programazioa Tabakaleran aurkeztu zen. Eskutik helduta zoazte bi proiektuak?

Harreman estua daukagu, proiektu asko ditugu komunean. Jendeak nahastu egiten gaitu, baina kultur hiriburutza
urtebeteko kontua da eta Tabalakalera 2017an ere hor egongo da. Luzerako proiektua da. Elkarri zapaldu beharrean elkarlanean aritzen gara. Modu naturalean egin ditugu lotura horiek.

Kortxoenea ere bazen, baina eraitsi egin zuten. Susmoa dut agintariek Tabakalera bezalako proiektuak lehenetsi nahi dituztela eta autogestionatuak ezerezean utzi.

Beren momentuan publikoki eman genuen gure iritzia, benetan sinesten dugulako kultur eredu ezberdinak elkarbizi daitezkeela. Kortxoenea Gaztetxeak sortzen duen mugimendua eta Tabakalerarena ez dira antagonikoak, inondik inora. Guk hori sinesten dugu eta hori esan genuen.

Errezeloa daukat askok Tabakalera ez dutela gertuko sentitzen instituzioekin lotzen dutelako...

Jakina, Tabakalera diru publikoarekin egin da, eta eskerrak. Baina askori horrek sortzen dio zuk diozun errezeloa. Baina ni morratu egiten naiz jendeak dirua kulturan gastatzea zalantzan jartzen duenean. Gastua baino inbertsioa da.  Herri bat intelektualki aberatsa kulturak egingo du.  Hautematen zailagoa dela? Bai, ez da horren erraza ikusten. Ez dela porlana? Jakina. Edukia da.

Egonkortzeko ere denbora beharko du...

Astean 15.000 pertsona  baino gehiago etortzen dira. Erakusketara 2.200 astero. Zifra oso altuak dira. Hau hasi besterik ez da egin. Jendearengan errotzeko  balio nahikoa duela iruditzen zait.

Tabakalerak zer bide hartzea gustatuko litzaizuke?

Lan handia dago egiteko eta, bide horretan, pauso asko eman behar ditugu. Jendeak urrats bakoitza luparekin begiratzen du, baina luzerako proiektua da. Asko sinesten dut hemen sortzen eta sortuko den guztian.

KARKARAk zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Orain arte bezala, kalitatezko eduki libreak eskaini nahi dizkizugu. Euskaraz informatzea da gure eginkizuna, eta zure eskubidea. Izan zaitez KARKARAko laguntzaile, urtean 40 euro besterik ez dira!


Izan zaitez KARKARAko laguntzaile!