Azterketa linguistikoa, arnasguneek arnasten jarrai dezaten

Karkara 2016ko mar. 21a, 12:32

2014 hasi ziren Hiri Antolamenduko Plan Orokorraren –HAPO–lehen pausoak ematen. Osatzen dabiltza orain. Eta biribiltze horretan garrantzia eman diote Orioren izaera euskalduna eusteari. Nola? Eragin Linguistikoaren Ebaluazioa eginda.

Orio aitzindaria izan da ELE azterketa egiten. Azterketa horren bitartez, hirigintza proiektuek herriko hizkuntza errealitatean duen eragina neurtzen da. Hain zuzen ere, hirigintzari loturiko erabakiek euskararen ezagutzan eta erabilpenean zein eragin izango duten neurtzeko balio du; testuinguratzeko eta hausnartzeko.

Udalerri Euskaldunen Mankomunitateak -UEMAk- Galesetik ekarri zuen azterketa hori joan den legegintzaldian. Foru Aldundiaren laguntzaz Euskal Herrira egokitu eta proban jarri zuen. Pasa den agintaldian hasitako bide horri jarraipena eman dio orain Orioko Udalak, eta Gipuzkoako lehenengo herria izango da halako ikerketa bat egiten. 

Diputazioak jarri duen arren proiekturako diru partidarik handiena, 7.941 euro, finantzaketa hiru erakunderen esku gelditu da: Gipuzkoako Foru Aldundia, UEMA eta Orioko Udala.

Euskalduna, baina ez euskaldunagoa

5.800 biztanle ditu, gutxi gehiago, Oriok. Mende berriarekin bikoiztu egin da hazkunde demografikoa, modu ikusgarrian. 2001etik 2013ra %1,92 hazi da Orioko biztanleria.

Euskararen indizea %83koa da gaur egun. %76 euskal hiztunak dira, %13 ia euskaldunak eta %10 erdaldunak. Bilakaerari erreparatuz gero, azken hamabost urteetan, euskararen erabilerak behera egin du: 2011n %64rentzat zen euskara lehen hizkuntza, 1996. urtean baino 10 puntu baxuagoa da ehuneko hori.

Biztanle kopurua hazi ahala datu soziolinguistikoetan euskararen indizeak behera egin du. Behera gehiago egin ez dezan eta oriotarrek hizkuntza-nortasunari eutsi diezaioten  Bost  aktuazio-eremu nagusi aztertu dituzte: Aizperro, Dike, Mutiozabal, Palotak eta pilotalekua, Plan Orokor mardul bezain konplexuan lantzen direnak.

Eremu bakoitzeko hiru aukera

Aukera bat baino gehiago dago mahai gainean eremu horiek garatzeko. Aizperron 36000 metro koadroko industrialde bat eraikitzea da proposatzen den lehen aukera. Bigarrena, bere horretan uztea da.

Diken bi eraikin-lerrotan 150 etxebizitza egitea da lehen proposamena. Bigarren aukeran 200 etxebizitza egitea proposatzen da eta hirugarrenean 250 etxebizitza egitea, eta Arozenari dotazio publikoko izaera ematea aurreikusten da.

Palota eremuko lehen aukera bere horretan uztea da. Bigarrena, eremua guztiz garatzea, dentsitatea altuekin eta 766 etxebizitza egitea. Hirugarrena, zati bat garatzea, 250 etxebizitzekin, eta bestea erreserbarako uztea da.

Pilotalekuan ere hiru aukera daude. Lehenengo aukera frontoia lekuz aldatzea da. Oraingo kokalekuan frontoi txiki estali bat, 30 etxebizitza eta 60 garaje-plaza egitea da. Bigarrena, zonaldea biziberritzean datza. 33 etxebizitza eta 60 garaje-plaza egingo lirateke. Hirugarrenean ere zonaldea biziberritu nahi da 44 etxebizitza eginda.

Mutiozabalen, esaterako, hiru aukera daude. Bata, egungo Plan Orokorrekoa da, ordenaziokoa, baina Arin y Embil eta Mutiozabal ontziolaren eraikinetan ordezkapenak eginda. Bestea, zonaldea erabat eraldatzean datza. Bi kotatan eta errio aldean ibai-parkea izango luke eta 86 etxebizitza aurreikusten dira. Hirugarrenean, gaur egungo bizitegiko eraikinak eta Mutiozabal ontziola –udalak erosi berri duena– mantentzea proposatzen da, bi kotatan eta ibai parkearekin.

Eraikitzeak hizkuntzan eragin

Proiektuek hizkuntzan izango duten eragina aldatu egiten da etxebizitza-kopuruaren eta jarduera ekonomikoen kokaleku-motaren arabera. Aizperro garatzeak ez luke hizkuntza aldetik apenas eraginik izango arnasgunean.

Diken hiru aukeren arteko aldea nagusia etxebizitza kopuruan dago. Lehen bi aukerek izango luketen eragina moderatua da, baina hirugarren aukeraren eragina larria da, kanpoko jende gehiago ekarriko lukeelako.

Mutiozabalen, lehen aukerak ez luke eragin linguistikorik izango, bere horretan uztean oinarritzen baita. Bigarren eta hirugarren aukeretan etxeak egitea aurreikusten da; baina bada desberdintasun bat bien artean, izan ere, hirugarrenean Orio euskaldunagoa zen garaietako bi eraikin –kontserba-fabrika eta ontziola– mantenduko lirateke. Dena den, hirugarrenak hainbat berezitasun eta abantaila izan arren hizkuntza-eraginaren aldetik, bi aukerek emaitza paretsuak ematen dituzte eta eragina, oro har, moderatua da bietan. 

Palotak eremuan eragina bigarren eta hirugarren aukerek izango lukete; eragin larria, gainera. Bigarrenak, ordea, are larriagoa, ezagutzaren oso galera handia ekarriko bailuke.

Pilotalekuko hiru aukerek hizkuntzaren erabileran oso galera txikia ekarriko lukete.

Kontuan hartu beharreko datuak

Plan Orokorrean erabakiko da etorkizuneko Orio. HAPOk, berez, herria haztea edo handitzea dakar. Eta horrek eragin zuzena izango du hizkuntza erabileran. Ia kasu guztietan eragina kaltegarria da arnasguneentzat, nahiz eta aukeraren araberakoa da izango duen eragina.

KARKARAk zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Orain arte bezala, kalitatezko eduki libreak eskaini nahi dizkizugu. Euskaraz informatzea da gure eginkizuna, eta zure eskubidea. Izan zaitez KARKARAko laguntzaile, urtean 40 euro besterik ez dira!


Izan zaitez KARKARAko laguntzaile!