Azurmendi eta Zabaleta: “Pentsatzekoa da eragin horiek pisua izango dutela erabakiak hartzerako garaian”

Karkara 2016ko mar. 21a, 12:27

Hirigintzak eragiten al dio euskarari?

Pilar Azurmendi: Gure eztabaidetako bat hori izan da. Berez, hirigintzak esparru guztietan du eragina: gure bizi kalitatean... Herria garatzean, egituraketak zerikusia dauka jendea erlazionatzeko moduan. Eta jendearen harremanetan
hizkuntzak presentzia dauka.Herriaren egituraketa plan urbanistiko oso orokorren bitartez egiten da; xehetzen joanez gero, eguneroko laneko egituraketetan fokua jarriz gero –plazen antolaketak, adibidez–, planak ez dira horren orokorrak. Azterketa honen arabera eraikitzen den etxebizitza kopuruak eta eraikuntzaren iraupenak dute eragin
berezia hizkuntzaren erabileran.

Gune berri bat sortzean, eraberritzean, etxebizitzak eraikitzea ezinbestekoa al da?

Azurmendi: Ez du zertan. Gertatzen dena da Oriok ez duela apenas industriagunerik. Bat aurreikusten da, baina oraingoz, ez dago. Hortaz, hitz egiten dugun eremu guztiak bizitoki eremuak dira.

Hizkuntzari dagokionez, eragin handiagoa dauka erabilera ohituretan bizitoki eremuak, jendea hor erlazionatzen
baita, herritarrek hor egiten baitute bizia.

Jabier Zabaleta: Ez da hipotesi bat ere. Hori gertatu egin da, ikusi dugu dagoeneko. 2001etik aurrera-edo, hemen etxe berri ugari eraiki dira, hondartzaldean, eta erriberako plan partziala ere garatu da. Horrek sortu du etxebizitza kopurua handitzea, parte batean, kanpotik etorri dan jendearekin.

Kanpotik diodanean ez du esan nahi Madril edo atzerritik. Gehienak hemen inguruko herritatik etorri dira, eta asko euskaldunak, gainera; baina ez dira euskaldunak oriotarren proportzioan. Erdaldunagoak dira, beraz, horren eragina nabarmena da.

Azken hamarkada honetan hizkuntzaren ezagutza, erabilera... jaitsi da. Oso nabarmena izan da.

Azurmendi: Eta helburua ez da, horrenbeste, etxeak ez egitea. Baizik eta kontziente izanda hori horrela dela, kontuan hartzea zer plan jarriko den martxan horren efektuak ahalik eta txikienak izateko, baldin eta helburua euskara maila mantentzea bada. Eta, printzipioz, Udal honek hori babesten du.

Emaitza horiek isla izango dute Plan Orokorrean?

Azurmendi: Informazioa da. Egiteko momentu egokia hau zen, oraindik ez baitaude erabakiak hartuta. Erabakiak
hartzeko informazio gehigarria izango dute orain.

Zabaleta: Guk azterketa egin dugu eta orain politikariek erabakiko dute dauden aukeretatik zeinen alde egingo duten.  Politikariak, behin eta berriz,  adierazi dutenaren arabera,herriaren euskalduntasunari eutsi nahi zaio. Hortaz, pentsatzekoa da eragin horiek pisua izango dutela eta erabakiak hartzerako garaian hori kontuan izango dutela.

Nola eutsi herriak duen izaera euskaldun horri?

Zabaleta: Momentu honetan, legez, ez dago ezer araututa. Arnasguneen babesaz hitz egiten da eta nahiko adostasun  politiko eta tekniko dago arnasguneak benetan euskararentzat garrantzitsuak direla  eta babestu egin behar direla.  
Baina, modu nahiko harrigarrian, adostasun hori ez dago gauzatuta inon. Ez dago lege batek esaten duena arnasguneetan nola jokatu behar dugun. Edo, ez dauzkagu euskararen aldeko politikak egiteko diru laguntza gehiago, adibidez.
Eta nik lege hutsune bat ikusten dut, kontu ideologikoaz aparte ez baitago neurririk.

Legez araututa ez dagoenez, guztia politikarien nahiaren baitan geratzen da. Orduan, honek zer eragin izango duen zaila da esaten, baina behintzat gaia mahai gainean jartzea lortu da. Orain, erabaki bat hartu behar dutenean, besteak beste, edukiko duten informazioa da hizkuntzarengan zein eragin izango duen.

KARKARAk zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Orain arte bezala, kalitatezko eduki libreak eskaini nahi dizkizugu. Euskaraz informatzea da gure eginkizuna, eta zure eskubidea. Izan zaitez KARKARAko laguntzaile, urtean 40 euro besterik ez dira!


Izan zaitez KARKARAko laguntzaile!