Zuen zozketa: Udazkena

Jokin Salsamendi 2016ko mar. 21a, 12:46

Jendea beste zebrabidetik zeharkatzen hasi zen berriro. Txaleko hori horiekin munduko trafikoa zuzendu daiteke!

Eta horrela joan zitzaigun udara. Denbora aurrera joan ahala hizkuntza asko ikasi genituen… baukot, bazezkat, baizkit, badogu, badauzkat… ya tengo eta gure peto horiaren ezkutuko indarrak ikasi genituen. Donostiako Bulebarrean ohartu ginen, nahi gabe, bere superpodereaz. Bi zebrabide zeuden Bretxa aurrean, eta batetik bestetik baino jende gehiago pasatzen zen. Beraz, jende gehiena zebilen zebrabide bukaeran jarri ginen boletoak eskaintzen, oinezkoen semaforoaren alboan. Ba gu hor jartzearekin batera ,era misteriotsuan, jendeak beste zebrabidetik
zeharkatzen zuen Bulebarra. Bost minutu inor pasa gabe igaro ondoren, bestean jartzea erabaki genuen. Ba indar boteretsu batzuen eraginez jendea beste zebrabidetik zeharkatzen hasi zen berriro. Txaleko hori horiekin munduko
trafikoa zuzendu leike! Egitan.

Kilometro eguna bakarrik gelditzen zitzaigun.Urte guztia Erria Txikotak zer esan nahi zuen esplikatzen pasa ondoren soka lepoaren bueltan genuen. Zozketaren txikotea erriatu eta etxezuloko karelean gelditzea gertu ikusten genuen. Iritsi zen urriaren 5a eta hantxe aritu ginen herrian barrena frontoiko artekarien gisan, kolorao, boletoak saltzen. Ni San Martingo ermita baino lehenagoko kaskoaren gainean egon nintzen, arnasestuka kanposantutik gora zetorrenari abanikoak salduz, zaldiak eta paisaia ikusiz. Urte guztian gipuzkoarrek erakutsitako eskuzabaltasuna dastatuz, hainbeste jenderi eskerrak eman beharraz hausnartuz.Eta eguna pasa zen eta jakin genuen irabazlearen izena: Veronica Calvo Correas. Legazpin saldu genuen boletoa Artzai Egunean, eta Legazpin bizi zen goierritarrari tokatu zitzaion.

Talde zoragarriaren lana izan zen, aurretik gutxi ezagutzen ginenak eta pasatako xelebrekeriek antzerki baterako ematen zutela komentatzen genuen beti. Ez dakit horrenbesterako den baina miniserie hau idazteko adina eman digu behintzat.

KARKARAk zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Orain arte bezala, kalitatezko eduki libreak eskaini nahi dizkizugu. Euskaraz informatzea da gure eginkizuna, eta zure eskubidea. Izan zaitez KARKARAko laguntzaile, urtean 40 euro besterik ez dira!


Izan zaitez KARKARAko laguntzaile!