GUTUNA

Matrakaren soinu lehorra

Matraka taldea 2023ko api. 5a, 13:54
Matraka taldeak ostiral goizaldean egingo duen ibilbidea.

Ostegun eguerdian herriko plazan jarriko dugu Matraka, herritarrek bertatik bertara ikus dezaten. Ostiralean, berriz, goizeko 03:00etan hasiko gara Pilliku plazatik Matraka jotzen eta herria zeharkatuko dugu.

Elizaren tradizioan herriari otoitzera deitzeko kanpaiak erabiltzen dira. Eliza barruan meza latinez eman eta apaiza herriari bizkarra emanda aritzen zenean, herriari mezaren zati garrantzitsuak kanpaitxo batekin adierazten zitzaizkion. Ostegun Santuko aintzatik Larunbat Santuko aintzara arte kanpaiak isildu egiten dira, ordea, eta elizaren tradizioa zen kanpaiak mutu daudenean herritarrei deitzeko Matraka –soinu lehorra– erabiltzea, bai kanpoan eta bai barruan.

Ohitura hori galdu egin da gaur egun. Badira salbuespenak, ordea: hemen Orion eutsi diogu Ostiral Santuko gurutze-biderako deiari.

Aurten ere goizeko 3:00etan hasiko gara Pilliku plazatik eta 5:00etan bukatuko dugu. Anibarko Portuan eta hondartza inguruan ere egingo ditugu saioak. Goiko mapan ikus daiteke egingo dugun ibilbidea.

Norbait laguntzeko prest badago, ongi-etorria izango da. Eta bateren bati enbarazu egiten badio Matrakaren soinuak, ulergarria da. Gauaren isiltasunean soinu lehorra kolpetik sortzen baitu Matrakak.

KARKARAk zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Orain arte bezala, kalitatezko eduki libreak eskaini nahi dizkizugu. Euskaraz informatzea da gure eginkizuna, eta zure eskubidea. Izan zaitez KARKARAko laguntzaile, urtean 40 euro besterik ez dira!


Izan zaitez KARKARAko laguntzaile!