Trebiñu: nahia eta ezina

Mikel Orbañanos 2016ko mai. 2a, 08:00

Sentsibilizaizoaren mugatik oso urrun gaudela esan dezaket, geure ingurura gehiago begiratu beharko genuke eta historiari ere so egin

Gutariko askok, baztertua dugun Euskal Herriko mapari gainbegiratu bat eman eta Arabako lurraldera begiak zuzenduko bagenitu, haren bihotzean lurrez inguraturiko uharte bat ikusiko genuke. Trebiñuko konderria hain zuzen ere. 1200. urteaz geroztik, Gaztela eta Leonen jabetzean dago. XI. eta XII. mendeetan Nafarroako Erresumaren esku egon zen, Gaztelaren jabetzan egon aurretik. Baina zer dakigu benetan Trebiñuko auziari buruz? Ezer gutxi.

Burgos 105 kilometrotara dago; Gasteiz, 18 kilometrora. Baina distantziak distantzia, trebiñarrek oso garbi daukate arabarrak direla. Bestalde, Arabarekin dituen loturak ez dira geografikoak bakarrik; sozialak, kulturalak, eta ekonomikoak ere baitira.

Egunerokoari dagokionez, gehienek Gasteizen igarotzen dute denbora gehien, lanarengatik edota ikasketengatik, besteak beste. Biztanleriaren ia erdia Gasteizen nahiz ondoko herrietan dago erroldatua, batez ere hezkuntza eta osasun zerbitzuengatik. Trebiñun erroldatua egonagatik, zenbait kasutan ez diete onartu larrialdi egoera batean Gasteizeko ospitalean artatzea. Gauzak horrela, Burgosko edota Mirandako ospitaletara joan behar izaten dute.

Hainbat saiakera egin dituzte Trebiñuko konderria Arabara batzeko. Azkena, 1998. urtean egindako kontsulta izan zen. Herritarren gehiengoak –%68– bat egin zuen Arabara batzeko prozesuarekin, hala ere, Burgoseko gobernuak ukatu egin zien haien eskaera. Gurean, Eusko Jaurlaritzak ere saiakerak egin ditu bat egitearen aldeko ibilbidean. Hala eta guztiz ere, esan beharra dago indar handirik gabeko urratsak eman direla. Auzia Madrilgo Gorteetara ere eramatea lortu zuten–2014–, baina gehiengoak –PP eta PSOE– ezezkoaren alde egin zuen. Ildo beretik, hil honetan Trebiñuko Udalaren osoko bilkuran onartu dute Lege Organikoaren bide horri ekiteko proposamena, eta Eusko Legebiltzarri eskatuko dio Espainiako Kongresura eramateko.

Prozesua astiro doa eta euskal gizarteak duen interesa ere nolanahikoa da. Sentsibilizazioaren mugatik oso urrun gaudela esan dezaket, geure ingurura gehiago begiratu beharko genuke eta historiari ere so egin. Beste gauza asko bezala, Trebiñu Arabara batzeko nahia ere gure esku baitago.

KARKARAk zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Orain arte bezala, kalitatezko eduki libreak eskaini nahi dizkizugu. Euskaraz informatzea da gure eginkizuna, eta zure eskubidea. Izan zaitez KARKARAko laguntzaile, urtean 40 euro besterik ez dira!


Izan zaitez KARKARAko laguntzaile!