Aholkuak salgai

Zigor Esoain 2016ko mai. 2a, 08:00

Jokaera isekatik gero eta gertuago daukatenak izan ohi dira besteez gaizki esaka aritzen direnak. Besteen gaitzak seinalatzen dituzte beren gabeziak tapatzeko.

Badira ondo geratzen diren hitzak edo espresioak, esaldia janzten dutenak. Eta horregatik, erabilpen oparoa izan ohi dute, sarri zentzua galtzeraino, itxuragabetasuneraino. Berdintasuna izan daiteke kasuetako bat. Sarri erabiltzen  dugu hitz hau parekidetasunaren aldarria egin nahi  dugunean, nahiz eta bata eta bestearen esanahia ezberdina izan.  Hau da kondena hitzari gertatzen  zaiona ere. Definizioari erreparatuz gero, epaile batek edo auzitegi batek ezartzen duen zigorra da kondena. Beraz, eskumena eduki behar da kondenatzeko, zigortzeko, hutsa edo gaizkia egin duena gaztigatzeko. Zenbat aldiz entzun dugu azken aldian ehun pezetako hitz hau batere eskumenik ez duenaren ahotan.

Kondenaz gain, errelatoa, memoria, biktimak  eta antzerakoak ahoz aho dabiltzan garaietan bizi gara. Euskal gizartearen zati bati, sektore bati, egindako minaren aitortza exijitzen zaion garaietan, hain justu ere. Baina, nork eskatu dizkio kontuak Iñigo Cabacas hil zuten egunean baliabide guztiekin sartzea agindu zuen ertzainari? Inork. Zinismoa eta hipokrisia.

Hipokrisia gaitz  guztien paradoxa omen  da, Iñigo Cabacasen kasuan gertatu den zerbait dela esan dezakegu. Beren lotsak tapatzeko begiak, sudurra eta ahoa isten duten politikariak. Demokrata txartela harro erakusten duten bitartean, ze zekenak diren erakusten dute soilik. Beren zikoizkeria azaleratzen dute soilik beste era batera esanda.

Inoiz ezingo diote Iñigoren familiari eta lagunei begietara begiratu ertzain eta politikari horietako askok.  Inoiz ezingo dute begirada garbia eduki beren aurrean,   jakin badakitelako, sakon-sakonean, beren jarrera ez zela berdina izango beren lagun edo familiartekoren batez ariko bagina. 

Jokaera isekatik gero eta gertuago daukatenak izan ohi dira besteez gaizki esaka aritzen direnak. Besteen gaitzak seinalatzen dituzte beren gabeziak tapatzeko. Halaxe da bai, beste aldera begiratzen duten jende bera da iraganaren kondena eta erantzukizuna eskatzen dutenak, Iñigoren kasuan ere. 

Ardi larruzko otsoak. Beti dute aholku bat salgai, baina berentzat ez dute aholkurik nahi.

KARKARAk zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Orain arte bezala, kalitatezko eduki libreak eskaini nahi dizkizugu. Euskaraz informatzea da gure eginkizuna, eta zure eskubidea. Izan zaitez KARKARAko laguntzaile, urtean 40 euro besterik ez dira!


Izan zaitez KARKARAko laguntzaile!