Ezin da zuri geratu

Peru Iparragirre 2016ko mai. 30a, 15:06

Ez zaizkizu ideiak falta, badakizu hitzak bata besteari josten. Saiatzen zaren aldiro, ordea, osatu duzuna ridikulua dela iruditzen zaizu

Orri zuriaren aurrean jartzen zara eta ezin da zuria geratu, bete egin behar da. Ez zaizkizu ideiak falta, badakizu hitzak bata besteari josten. Saiatzen zaren aldiro, ordea, osatu duzuna ridikulua dela iruditzen zaizu, inoiz ez erabat osatua, inoiz ez nahikoa interesgarria. Idatzi nahiko zenuke gure Europa Santu honetako arazo guztiez, banan-banan eta sakon aztertu nahiko zenituzke, argudio sendoak eman. Idatzi nahiko zenuke 2016. urteari buruz, Donostialdean urte bati baino gehiago fenomeno izena ematen dion zenbakiaz, kultura zer den, zergatik Tabakalera inauguratzen den urte berean eraisten den Kortxoenea, ordaindu daitekeen espektakulu garestienak ere ez duela inoiz inolako hutsunerik beteko, eta are gutxiago estaliko. Hori guztia eta gehiago idatzi nahiko zenuke. Baina ez dakizu nola hasi eta zerbait hasi orduko ematen diozu programa ixteko botoiari, gupidagabe dokumentua, saiakera herabea, gordetzeko ahaleginik ere egin gabe. Halako batean beste ideia bat ere badatorkizu burura: Sare sozialak. Bai ideia ona, diozu zurekiko, zure burua engainatu nahian edo. Hasten zara ideia horri tiraka eta berriro ere azalean geratzearen beldurrak, testua irakurriko duen balizko irakurlearen interes faltaren imajinatzen hutsak geratzera behartzen zaitu. Baduzu esaldi on parea. Nola da posible kontzertu batera joan eta kontzertua disfrutatu ordez nire kezka izatea kontzertuko argazki on bat atera eta sare sozialetan zabaltzea? Gauzak, hau da, askotariko jarduerak gustatzen zaizkidalako egin nahi ditudalako egin nahi ditut, ez egiten dudala erakusteko. Baina hortik aurrerako guztia huskeria iruditzen zaizu, nahiko zenituzke aipatu sare sozialen onurak ere. Eta nori axola zaio zuk diozuna? Idazteari uzten diozu, paseo bat ematera joaten zara, irakurri egiten duzu, kontzertu bat ikusi, argazkiak atera eta gorde, beste batzuk sare sozialetara igo. Baina idatzi behar duzu eta hor zoaz, orri zuriaren aurrean jartzen zara...

KARKARAk zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Orain arte bezala, kalitatezko eduki libreak eskaini nahi dizkizugu. Euskaraz informatzea da gure eginkizuna, eta zure eskubidea. Izan zaitez KARKARAko laguntzaile, urtean 40 euro besterik ez dira!


Izan zaitez KARKARAko laguntzaile!