Juanan Priego: “Erraustegiak badu alternatiba erraz bat: birziklatzea”

Karkara 2016ko mai. 30a, 15:43

Nola sortu zen GuraSOS?

Gu, etxekook, ez gaude elkarte horren barruan. Printzipioz, guk, elkarteak sortutako manifestuari atxikimendua eman diogu. Berak hori eskatzen zuten, eta gu bat gentozenez dioenarekin, sinatu egin dugu.

Azaletik bada ere, azalduko diguzu zer dioen manifestuak?

Gurasoak gure seme-alabek bizitzea nahi dugun gizarte-eredua ez dela hori. Zubietan erraustegi bat jartzeak kutsadura maila altua dakar, batetik; bestetik, zakarra kudeatzeko ereduarekin ez gaude ados.

Osasunean eragina du, gainera.

Manifestuak ere aipatzen du, hainbat artikulutan, erraustegian sortzen den kutsadura mailak zer nolako eragina duen osasunean. Printzipioz, suposatzen da, erraustegi batek hainbat baldintza bete behar dituela. Baina, jakina, beti gertatu daitezke ihesak edo akatsak...

Kutsaduraren eragin eremua ere aztertu dute. 15 kilometroko erradioa da kutsadura-eremu nagusia eta muga horren barruan dago Orio.

Adituek ere azpimarratu dute osasunean izango duen eragina.

Zaborra erretzerakoan, tximiniatik, sustantzia kimiko batzuk botatzen dira. Hori alde batetik. Bestalde, sortzen diren beste hondakinek metal astunak eta dituzte, eta horiek ere kaltegarriak dira. Gainera, erreta dauden arren, sortzen den hondakin kopurua handia da oso.

Eta horrek eragin gehien haurrengan izango du?

Haurrengan, nagusiengan... horrelako kontu guztiek berengan ondorio larriagoak dituzte.

30 kilometroko eremuan du eragina, eta espazio horrek 200 ikastetxe hartzen ditu...

Bai, horrela da. Tartean Orioko eskolak daude, baina baita Gipuzkoako herri garrantzitsuenetakoak ere, Irun salbu. Donostia, Tolosa, Zarautz... horiek ere hartzen ditu.

Eta jarri zarete horiekin guztiekin kontaktuan? Saretze lanik egin duzue?

Ahoz aho joan gara zabaltzen mezua; tira, gaur egun whatsapp bidez. Guri, esaterako, Usurbildik eman ziguten ekimenaren berri, emazteak han egiten baitu lan. Atxikimenduaz gain, hau guztia ezagutarazteko egin duten bideoan ere parte hartu genuen. Oriotik gu eta beste guraso batzuk joan ginen. Bideoan Orioko lau mutiko agertzen dira.

Familia asko zarete Orion kezka hau duzuenak?

Suposatzen dut baietz, baina ez dakit. Ez gara antolatu.

Eta hori da, osasunean izango duen eragina, gehien kezkatzen zaituena?

Oinarrian hori, baina ez hori bakarrik. Nik uste dut erraustegiak baduela alternatiba erraz bat, birziklatzea. Alternatiba bat egonda, gainera merkea dena, ez dugu zertan horrela konplikatu beharrik zaborra kudeatzeko.

Hortaz, helburua argia da, erraustegirik ez egitea.

Manifestuaren helburua hori da, bai.

Eta interesa duenak non topa dezake manifestu hori? Nola egin dezaket bat ekimenarekin?

Gurasos.org webgunea sortu zuten, eta hor informazio guztia agertzen da. Nik uste dut gai honetan sentsibilitate apur bat duenak ekimenarekin bat egitea eskatu behar diogula. Gainera, arazo honen alternatiba oso erraza da. Herri honetan, esaterako, udaletxeko balkoian eta guzti daukagu birziklapen tasaren datua: %43.

Alternatiba erraza dela esan duzu. Baina datuek bakarrik hitz egiten dute: askori kosta egiten zaie birziklatzea.

10etik 6k botatzen duena ez du ondo birziklatzen... Nire ustez inbertsioa hor egin beharko litzake, birziklapenean. Zein sistema den egokiena ez dut esango, hor ez naiz sartuko, gai hori politikoki erabiltzen baitugu. Baina dirua birziklapenean inbertitzea efikazagoa iruditzen zait. Nahi den sisteman, baina birziklatzean.

 

 

Erlazionatuak

KARKARAk zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Orain arte bezala, kalitatezko eduki libreak eskaini nahi dizkizugu. Euskaraz informatzea da gure eginkizuna, eta zure eskubidea. Izan zaitez KARKARAko laguntzaile, urtean 40 euro besterik ez dira!


Izan zaitez KARKARAko laguntzaile!