Akabatu ez gaitzaten

Erabiltzailearen aurpegia Miriam Garcia 2016ko eka. 27a, 08:00

Zergatik zara heterosexuala? Galdetzen diote askotan. Deabruak sortu zaitu, esaten diote sarri mespretxuz. Gaixotasun bat ere ba ote duen diote txutxumutxuek. Bere sexukoak ez diren pertsonek erakartzen dutela da arazo bakarra.

Absurdoa dirudi, ezta? Are absurdoagoa da munduan gertatzen ari dena.

Artikulu hau idazten hasi nintzenean oraindik ez zen Orlandoko sarraskia gertatu. LGTB kolektiboa ikustarazi eta aldarrikatzea zen hitz hauen helburua. Zentzu handiagoa hartu dute orain.

Orlandon gertatutakoa ez da izan jihadismoaren ondorio, edo ez hori bakarrik, behintzat. Heteropatriarkatuaren ondorio izan da. Askok ez dute kontzeptua ezagutuko, beste askori pereza emango die, baina heteropatriarkatua ez da urruneko gauza bat, munduko gizarte, erlijio eta herrialde guztien oinarrian dagoen gaitza baizik.

Gizonezko –txuri– eta heterosexual ez den edonor azpitik jartzen du heteropatriarkatuak. Gizonezko asko beren bikotekideak hiltzera eramaten ditu. Pertsona asko beren sexu orientazioagatik irainduak eta mespretxatuak izatea ekartzen du.

Ekainaren 28a sexu aniztasunaren eguna da, aldarrikapen eguna, kalera irten eta arautik at gaudela ozen esateko eguna, aniztasunari ateak irekitzeko eguna eta, aurten, inoiz baino gehiago, desberdinak izateagatik jasotako indarkeriari aurre egiteko eguna.

Ez dugulako hilketa, kolpe, irain eta mespretxu gehiagorik nahi.

KARKARAk zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Orain arte bezala, kalitatezko eduki libreak eskaini nahi dizkizugu. Euskaraz informatzea da gure eginkizuna, eta zure eskubidea. Izan zaitez KARKARAko laguntzaile, urtean 40 euro besterik ez dira!


Izan zaitez KARKARAko laguntzaile!