Orioko Curriculumaren lehen fruituak

Karkara 2016ko eka. 27a, 15:39

Bost urteko sortze prozesua iaz amaitu eta, 2015-2016 ikasturtean, lehen aldiz aplikatu dute Orioko Curriculuma Zaraguetan eta Ikastolan. Hainbat proiektu egin dituzte bi eskoletan.

2010ean hasi zuen ibilbidea Orioko Curriculuma Sortzen taldeak, Orioren izaera garatzeko herritik sortutako curriculum baten beharra ikusita. 2013an ijitoen akordioa sinatuz herriaren izaera bilduko zuen proiektu pedagogikoa osatzeko konpromisoa hartu zuen taldeak. Era berean, herriko hezkuntza eragileek Orioko Curriculuma aplikatzeko ardura hartu zuten. Dokumentazio lan luze baten ondoren, 2014an behin behineko curriculuma prest zuten.

Orioko Curriculuma bezalako dokumentu pedagogiko batean herriko ikastetxeak parte garrantzitsu dira, azken finean, haien esku geratu da curriculumaren erabilera. Horregatik, behin behineko izatetik behin betiko izaterako bide horretan ekarpenak egin zituzten Ikastolak eta Zaraguetak.

2015eko ekainean aurkeztu zuten Orioko Curriculuma, dokumentu definitiboa, eta sarean jarri zuten. Ziklo bat amaitu zen, sortzeko zikloa, eta egindako lan guztia martxan jartzeko garaia iritsi zen.

Lehen aldiz, eskoletan

Herri izaera transmititzeko gune bihurtu dira ikastetxeak eta, lan horren garrantziaz jabeturik, Orioko Curriculumak eskainitako ibilbidean parte-hartzearen erronka aurrera eraman dute 2015-2016 ikasturtean, lehen aldiz.

Herriko aditu eta arituek zehaztutakoa beren programatan egiten zuten edo ez ikusten, eta falta zena osatzen eta txertatzen hasi dira Zaragueta eta Ikastola. 2 urtetik hasi eta 16 urtera bitartean, zikloz ziklo, Curriculumeko edukiak maila eta ikasgai desberdinetan lantzea dute helburu.

Orioren historia ikasten

Orioren historia landu dute Ikastolak eta Zaraguetak hainbat proiekturen bitartez. Ikastolan, adibidez, Orioko gida turistikoa egin dute LHko ikasleek. Herriari buruzko informazioa jaso eta kanpoko norbaiti azaltzeko moduan eman behar zuten. Horrela, herriaren historia ezagutu eta bertako toponimiari buruz gehiago ikasi dute.

Zaraguetan argazki rallya egin dute. Garai bateko Orioko hainbat argazki banatu zizkieten ikasleei; berek, argazkietako lekuak identifikatu eta gaur egungoarekin alderatu behar zituzten. Herriak izan dituen aldaketak ezagutzeko, zergatik eman diren ulertzeko eta ikuspuntu kritikoa lantzeko balio izan die proiektuak.

Komunitatearen parte-hartzea

Orioko Curriculumaren lanketa eskola barruan ez geratzea eta komunitatearen –gurasoen, aiton-amonen etab.– parte-hartzea sustatzea garrantzitsua da bi ikastetxeentzat.

Zaraguetan, DBHko ikasleek egutegi historikoa egin dute bi gurasoen laguntzarekin. Etxean zituen argazki zaharrak eskolara eraman eta horiek aukeratzen lagundu zien ikasleei batek. Besteak diseinu grafikoan egiten du lan eta egutegiak egiten erakutsi zien.

Ikastolan, komunitateak transmisiorako duen indarrari garrantzia eman diote. LHko ikasleak, adibidez, aiton-amonei galdezka aritu dira proiektuen inguruan datuak lortzeko. Garai batean Orion nola bizi ziren eta, batez ere, nola hitz egiten zuten ikasi dute. Izan ere, bertako lexikoa ondoen gordetzen dutenak dira aiton-amonak.

Hizkuntzaren arloan, herrian ematen den euskararen erabilera ikertu zuten Ikastolako LHko eta DBHko ikasleek. Proiektu horretan ere, herriko hizkerak kaleetan duen tokia aztertu zuten.

Martxoaren 8an ere herritarrei begira jarri ziren Zaraguetan. Ikasleek, berentzako erreferentziazkoak ziren emakume oriotarrak aukeratu zituzten. Berekin egon, argazkiak atera eta kartelak egin zizkieten emakumeen egunean plazan jartzeko. Herrian bertan erreferenteak sortzeko eta emakumeen lana balioan jartzeko izan da proiektua.

Balearen eguna ikasgai

Aurten herrian Balearen Eguna egingo zela baliatuz, gaia lantzeko proiektuak egin dituzte bi eskoletan.

Haur hezkuntzakoekin hilabete eta erdiko proiektua egin dute Zaraguetan. Balearen plazara joan eta bertsoek kontatzen zutena ikasi zuten lehebizi, eta kontakizun horietatik abiatutako antzerkia prestatu zuten. Antzerkia girotzeko, eskola kanpoko pareta bat margotu zuten ikasle guztien artean.

Horrez gain, Donostiako Aquariumera joan ziren balearen hezurrak ezagutzera eta eguneko zentrokoekin Balearen Bertsoak abestu zituzten. Bertsoetatik abiatuta neurriak eta matematikak landu zituzten bi ikastetxeetan, eta neurri errealeko baleak marraztu zituzten.

Ikastolan, bertsoen neurriak lantzeko erabili zituzten balearen bertsoak musikako ikasgaian. Natur zientziatan, berriz, balearen ingurunea eta itsasoko elementuak landu zituzten.

Lehendik lantzen zenaz kontziente

Orioko Curriculuma eskoletan aplikatzen hastean, lantzen diren eduki edo gai askok lehendik ere beren curriculumean leku handia zutela jabetu dira, bai Ikastolan eta baita Zaraguetan ere.

Txikienetik hasi eta DBHra arte, ziklo desberdinetan, urtez urte Curriculumeko eduki guztiak programan sartzea dute helburu, hasieratik. Edukiak eskuan izan eta programak planifikatzerakoan konturatu ziren eduki horietako asko dagoeneko lantzen zituztela, modu inkontzienteago batean. Zaraguetakoek, adibidez, urtero egiten zuten Balearen Egunaren inguruko lanketa. Eta Ikastolakoek Oriaren itsasadarra ezagutzen zuten Azterkosta proiektuaren bitartez. Orioko Curriculumak hori antolatu eta programen barruan kontzienteki txertatzeko balio izan die eskolei.

KARKARAk zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Orain arte bezala, kalitatezko eduki libreak eskaini nahi dizkizugu. Euskaraz informatzea da gure eginkizuna, eta zure eskubidea. Izan zaitez KARKARAko laguntzaile, urtean 40 euro besterik ez dira!


Izan zaitez KARKARAko laguntzaile!