Gaztelua kartzela bihurturik

Karkara 2016ko eka. 27a, 16:42

Emakume bat

Maria naiz, 41 urte ditut eta alkoholika naiz. Nire etxeko gaztelua kartzela bihurtu zen alkohola nire bizitzaren zuzendari bilakatu zenean. Etxean eta ezkutuan edaten nuen.

Itxuraz, arazorik gabeko emakumea: diru arazorik ez, familia ederra, lana, sozialki ondo ikusia... baina beldur eta zalantza askoz beteriko emakume gazte bat izan naiz beti.

Perfektua izen beharra alor guztietan: ama paperean, ematearenean, alaren paperean... eta beldur eta konpromiso guztiei aurre egin behar horretan, nire gabeziak estaltzeko alkoholarekin hasi nintzen jolasean. Hainbeste aldiz esaten den marra fin eta ikustezin hori pasa nuen.

Etxean ez genuen edateko ohitura handirik, baina beti zegoen ardo edo sagardo botilaren bat norbait etxera etortzen zenerako –lehengo ohitura zaharrak jarraituz–.

Ardo pare batekin hasi nintzen, egunerokotasunari aurre egiteko indar faltsu hori ematen zidala sentitzen nuen; geroxeago, sarriago eta kantitate handiagoan izatera pasa zen eguneko parea. Ondorioak laster batean etorri ziren.

Kalean ez zidaten edaten ikusten, baina nire gotorlekuan neukan nire bodega propioa eta ez nuen taberna batera joan beharrik alkohola edateko. Nahiago nuen erosi, ezkutatu eta isilpean edan.

Nire eguneroko errutina bilakatu zen. Alkoholaren mende bizi nintzen eta gainontzekoa bigarren maila batean gelditu zen.Nola literke egoera horretara iristea? Nik ere nire buruari askotan galdetzen nion hori, baina ez nuen erantzunik jasotzen.

Edanaren ondorioz sortutako hainbeste gezur, haserraldi eta gertakari penagarriren ondoren, gehiago ez nuela edango hitzeman nuen, baina ezin. Behin eta berriz zulo beltzean erortzen nintzen eta arazoak gero eta handiagoak bihurtzen joan ziren, nire duintasuna eta printzipioak erabat galdu nituen.

Alkoholarekin arazo handia nuela banekin, nire jarrera ez baitzen batere normala. Akohola hainbat dendetan erosten nuen, dendaria konturatu ez zedin. Etxeko armairu, garaje eta leku pentsaezin guztiak ziren nire drogaren ezkutaleku.

Izaera zeharo aldatuta, triste nengoen. Jendaurrean egoteko beldurra nuen, etxekoen begiradak... betebeharrei aurre egiteko ez nintzen gai eta zulo ilun batean murgildu nintzen.

Hau guztia aldatzeko nahia izan zen lehenengo eta indarrak hartuta bizitza berri bat eraikitzen erakusten ari zaidan ate bat ireki zen nire parean.

Gizon, emakume, ezkondu, ezkongabe, banandu, sendagile, etxekoandre, jubilatu, langabetu, heldu eta gazte; guztiok ezberdinak gara eta denok arazo berdina daukagu: alkoholismoaren gaixotasuna dugunok osatzen dugu taldea.

Ez nago bakarrik, gaixotasunaren ezaugarri eta bizitzari aurre egiteko erremintak eskura jarri eta aurrera goaz. Pixkanaka baina patxadarik hartu gabe. Alkoholik probatu gabe aurrera egiten ari naiz, bizitza ilun hori atzean utzita, baina ahaztu gabe nondik eta zergatik gatozen. Ilusioa berreskuratzen ari gara.

Zoritxarrez, gaixotasun hau pairatzea eta emakumea izatea, gainera, oraindik okerrago ikusia dago gizarte honetan. Egoera antzekoa jasaten ari diren emakume gehiago ere badaude.

KARKARAk zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Orain arte bezala, kalitatezko eduki libreak eskaini nahi dizkizugu. Euskaraz informatzea da gure eginkizuna, eta zure eskubidea. Izan zaitez KARKARAko laguntzaile, urtean 40 euro besterik ez dira!


Izan zaitez KARKARAko laguntzaile!