Bisiguaren Festa

Orioko plaza, parrilleroen sukalde

Karkara 2016ko uzt. 5a, 14:19

Uztailaren 14tik 17ra Bisigua Orio Estilora jaialdi gastonomikoaren bederatzigarren edizioa izango da. Gaur, asteartearekin, aurkeztu dute Donostiako Kursaal eraikinaren alboan, Zurriolako kai-muturrean.

Donostian aurkeztu dute Bisiguaren Festa. Agerraldian Jose angel Zaldua Orioko alkateak, Lourdes Salsamendi kultura zinegotziak, Leandro Azkue Eusko Jaurlaritzako Arrantza eta Akuikultura zuzendariak, Eneko Goia Donostiako alkateak eta bisigua erretzeaz arduratuko diren parrilleroetako batzuk, Joxe Miel Zendoiak eta Luis Mari Urangak, hartu dute parte. 

Orioko herriko plaza jaialdi gastronomikoaren epizentro izango da. Orioko plaza jatetxe bilakatuko da lau egunez. Orioko bereizgarri den bisigua Orio estilora sukaldatuko dute.  Irekiera ostegunean egingo zaio, uztailaren 14an, arratsaldeko 20:00etan. Zalduak parrilleroekin batera zabalduko du bederatzigarren bisiguaren festa. 

Menua 55 eurotan

Otordu bakoitzean 200 mahaikidetik gora biltzea espero dute eta, guztira, bost otordu egingo dira. Lehendabizikoe irekiera egunean bertan, afariak izango dira. Menua, ondorengoa izango da: 

  • Munduate piparrak, Ibarrakoak
  • Jabugo urdailazpikoa
  • Tomate entsalada hegaluzearekin
  • Sartagudako zainzuriak
  • Bisigua parrillan
  • Postrea
  • Menuan kafea eta edaria sartzen dira, Katxinako txakolina tartean.

Iaztik aldaketak izan ditu menuak. Pasa den urtean antxoak jan ziren, baina, aurten, antxoen ordez Ibarrako piparrak eta Jabugo urdailazpikoa izango dira. Bost euro garestitu da menua eta aldaketa hori egitea ezinbestekoa ikusten genuen, bestela prezioak are gehiago egingo luke gora, argitu du Lourdes Salsamendik.

Tiketak Orioko Turismoan eskuratu daitezkeela azaldu du Salsamendik. Guztira 1.000 txartel jarri dira salgai. Erreserba telefonzo ere egin daiteke 943 83 55 65 telefonora deituta. 

Itzaleko emakumeak, Bisiguaren Lagunak

Aurreko edizioan hasitako ekimenari jarraipena emango diete aurten ere. Bisiguaren Lagunak oroigarriak banatuko dituzte inaugurazio ekitaldia, uztailaren 14an. Xixario eta Katxiña erretegietako emakumeak omenduko dituzte: Lucia Garcia, Pilar Etxezarreta eta Mari Carmen Atxega. 

Xixariok 50 urte bete berri ditu apirilean, ibilbide oso oparoa eginaz. Urte askotan itzalean lanean ari den eta ari den Lucia Garcia ere arrakasta horren parte da eta, zalantzarik gabe, aitorpen hori merezi du, azaldu du Salsamendik.

Pilar Etxezarretak eta Mari Carmen Atxegak ere omenduak izateko merezimenduak egin dituztela gaineratu du Salsamendik. Ezkutuan lanean aritu diren emakumeei esker iritsi dira erretegi horiek gaur egun direna izatera, argitu du.

Richard Oribe ere Bisiguaren Laguna

Emakume horiez gain, Richard Oribek ere jasoko du oroigarria. Igerilari paraolinpikoak kirol esparruan lortutakoa txapela kentzeko modukoa izateaz gain, bere izakera ere goraipagarria dela azaldu du Salsamendik. Inspirazio iturri da guztientzat, eredua, energia positiboa helarazten du.

Orioko Berdin-Berdinak taldea ekarri du gogora Salsamendik. Egiten duten lana azpimarragarria dela esan du, Orioko herriari ekarpen handia egiten dutela esan du. Inklusioa lantzen dute eta Richard Oriberi oroigarria emateak Berdin-Berdinak taldeari keinu bat egitea ere badela azaldu du. 

Omendu guztiak aho batez adostu dituzte kultura batzordean. Eta hori ere azpimarratu nahi izan du Salsamendik.

Egitarau osagarri mardula

Bisigua dastatzeaz gain, programazio osagarri zabala izango da lau egunetan, ondorengoa:

Uztailak 14, osteguna

  • 20:00 Aurkezpena
  • 20:00 Saizar sagardoaren dastaketa
  • 21:00 Afariak

Uztailak 15, ostirala

  • 12:00 Udaleku irekietako haurren marrazki erakusketa
  • 20:00 Saizar sagardo dastaketa eta Ataungo talogileak
  • 21:00 Afariak

Uztailak 16, larunbata

  • 11:00 Saizar sagardo eta talo dastaketa
  • 12:00 Bisigu lehiaketa Orioko elkarte gastronomikoen artean
  • 12:00 Hegaluzea parrillan Eusko Labelen laguntzarekin 2 eurotan
  • 13:00 ARC ligako IX. estropada Oria ibaian
  • 14:00 Bazkariak
  • 20:00 Saizar sagardo dastaketa eta Ataungo talogileak
  • 21:00 Afariak

Uztailak 17, igandea

  • 12:00 Saizar sagardo dastaketa
  • 12:00 Marmitakoa herriko plazan 2 eurotan
  • 14:00 Bazkariak

KARKARAk zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Orain arte bezala, kalitatezko eduki libreak eskaini nahi dizkizugu. Euskaraz informatzea da gure eginkizuna, eta zure eskubidea. Izan zaitez KARKARAko laguntzaile, urtean 40 euro besterik ez dira!


Izan zaitez KARKARAko laguntzaile!