Arrauna: 2016-2017

Unai Lizarralde: "Garrantzitsuena talde giro ona edukitzea da"

Karkara 2016ko uzt. 22a, 16:10

Unai Lizarraldek –Orio, 1993– hamar urte beteko ditu aurten arraunean. Hamarkada neguan aulki mugikorra eta udan tostako arraunketa egiten. Aurtengoa, ordea, bestelako uda denboraldia izango da Lizarralderentzat, lehen traineruko arraunlaria baita.

Noiz hasi zinen arraunean?

2006an hasi nintzen. Ikasgelan mutil gutxi ginen, bost bakarrik, eta lagun guztiok eman genuen izena. Horrek eragin handia izan zuen nik ere izena emateko. Lagunak bultzatzeaz gain, txikitatik izan dut zaletasuna.

Erreferentziazko Orioko kirola izateak ere eragina izango du...

Bai. Ere bai. Txikitatik hori ikusi dugu. Gainera, futbola eta antzerakoak ez zaizkit sekula gehiegi gustatu; hortaz, arrauna beste aukera bat ere bazen.

Arrauna probatu zenuen eta, ordutik, arraunlari lotua egon zara. Zerk lotzen zaitu?

Gauza guztiek bezala, arraunak ere alde onak eta txarrak ditu. Baina, bereziki, sortzen den taldea da lotzen zaituena. Ekipoa egitean, taldeko kirola izatean, lagun onak egiten dituzu. Kuadrillakoekin egoten zaren moduan egoten zara tostako kideekin.

Tostako arraunketa eta aulki mugikorra, biak egiten dituzu.

Orion, haurra zarenean, biak egiten dira: aulki mugikorra eta tostakoa. Batelak bukatzean aulki mugikorrean aritzen ginen hasierako urte haietan. Gero, seniorretan, soilik tostako arraunketa egitea edo biak uztartzea erabaki dezakezu. Gu gustura ibiltzen ginen, eta, gainera, txikitatik nirekin ibiltzen zen Aitor Balerdik ere aulki mugikorrean jarraitu nahi zuenez, bide horretan aurrera egiteko hautua hartu genuen. 

Oso desberdinak al dira?

Bai. Aulki mugikorra teknikoagoa da. Hankak eta indarra gehiago erabiltzen dituzu. Tostako arraunketak herri kirolaren tankera handiagoa du.

Dena den, aulki mugikorrak tostako arraunketa elikatzen duela diote. 

Teknikoagoa denez, gehiago fintzen duzu. Gorputzeko atalak gehiago lantzen dituzu eta bihotza ere gehiago lantzen duzu. Leherkorragoa ere bada. Baina, era berean, giharrak garatzen dira eta hori tostako arraunketarako kaltegarria da. Trainerurako egokitzapena egin behar izaten da, hanketako giharra galdu, pisua arindu...

Bietako bat aukeratu beharko bazenu... zein nahiago?

Zaila da oso aukeratzea. Oso desberdinak dira. Nire ustez diferentzia taldeak egiten du. Eduki ditut urteak zeinetan aulki mugikorrean punta-puntan ibili naizenak, baina Orio Bn gusturago aritu naizenak; alderantziz ere gertatu zait. Garrantzitsuena talde giro ona edukitzea da.

Hori bai, aukeratu behar izanez gero, akaso, aulki mugikorra aukeratuko nuke.

Orain, berriz, tostako arraunketa egitea tokatzen zaizu. B taldean egotetik A taldean egotera pasa zara, entrenatzaile berriak hala erabakita. Badirudi harrobiaren aldeko apustua egin duela.

Bi entrenatzaileak desberdinak dira oso. Joxean lasaiagoa da. Hasieran jende askorekin probatu zuen. Ziur batzuk bazeuzkan, baina gainontzekoekin proba asko egin zituen. Orduan tentsio pixka bat sentitzen genuen, ez baigenekin taldean sartuko ginen ala ez. 

Denbora aurrea joan ahala, konturatzen joan ginen batzuk albo batera uzten joan zela eta beste batzuekin jarraitzen zuela. Aukera iritsi zaigu, azkenean.

Eta, behin aukera iritsita.. pozik?

Nahiko gustura nabil, egia esan. Taldekideekin oso gustura nago eta arraunean ere bai. Saltoa handia da, baina bereziki kanpora begirakoa. Arraunetik kanpora egin beharreko sakrifizio horiek dira gogorrenak. Gehiago zaindu behar duzu. Entrenamenduak ere pittin bat gogorragoak dira.

Orain arte lortutako emaitzak gorabeheratsuak izan dira...

Nik uste dut emaitza hobeagoak lortu genitzazkela, baina, egia esan, argi gelditu dena zera da: Hondarribia gainontzekoak baino koska bat altuago dagoela eta gainontzekoak multzo berean gaudela. Nire ustez, aurrera begira, estropada batzuk aukeratu beharko genituzke eta horietan ahalegindu beharko genuke emaitzak txukunak lortzen. 

Zer hobetu baduzue emaitza txukunagoak lortzeko? 

Nik baietz uste dut. Gainera, estropada berezienak eta kuttunenak etortzen direnerako hobeto egongo garela uste dut. Irabaztea beti da zaila, baina borrokan ibiltzen saiatuko gara.

Orio arraunaren habia izan da, irabazteko nahia dago. Herritarren aldetik emaitza onak lortzeko presioa sentitzen duzue?

Ni gaztea izanik zorteduna naiz. Kalean ikusten nautenean, presioa transmititu ordez animatu egiten naute. Hori oso ondo damakit. Jendeak babes handia adierazten dit.

 

KARKARAk zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Orain arte bezala, kalitatezko eduki libreak eskaini nahi dizkizugu. Euskaraz informatzea da gure eginkizuna, eta zure eskubidea. Izan zaitez KARKARAko laguntzaile, urtean 40 euro besterik ez dira!


Izan zaitez KARKARAko laguntzaile!