Aritz Lizarralde: "Orain dela urte batzuk non nengoen ikusita, salto hori ematea oso polita da"

Karkara 2016ko abu. 5a, 10:22

Aritz Lizarraldek –Orio, 1994– oso gaztetatik du arrauna zaletasun. Telebistan ikusten zituen arraunlari horien antzera dabil bera egun arraunean, A taldeko tostan tokia lortu baitu. 

Noiz hasi zinen arraunean?

2009an hasi nintzen. Ordura arte eskubaloian ibili nintzen, baina orduan aukeraketa egin genuen eskolako lagunek eta batzuk eskubaloia aukeratu zuten, beste batzuk futbola eta beste batzuk, ni tartean, arrauna. Familitik datorkit zaletasuna, txikitatik gertutik jarraitu dut arrauna. Gustukoena arrauna nuenez, hori aukeratu nuen. Hau zortzigarren urtea izango da arraunean.

Zergatik arrauna eta ez futbola edo eskubaloia?

Orioko egoera beste herri batzuekin alderatuz gero desberdina da. Telebistan ikusten ditugu arraunlariak... Beste herrietan futbola ikusiko duten bezala, hemen txikitatik gertutik bizi duguan arrauna da.

Telebistan, ohikoena, tostako estropadak ematen dira. Zuek, ordea, biak egin behar izaten dituzue...

Seniorretara iritsi arte biak egin behar izaten ditugu. Nik, orain arte, aulki mugikorra eta tostako arraunketa egin ditut, biak. Seniorretan ere biak egitearen aldeko hautua egin nuen. Hiru urtez egin dut. Orain, aldiz, tostakoa bakarrik egingo dut.

Neguan aulki mugikorra, udan tostako arraunketa... denbora edukitzen al duzue ikasketekin edo lanarekin uztartzeko?

Nik uste dut denbora ematen duela. Entrenamenduak arratsaldeko 18:00etan izaten ditugu, beraz, ordura arte ikasteko denbora edukitzen dugu. 

Orain tostan zabiltzate. Aurredenboraldian A eta B ontziak elkarrekin aritu zineten, lehen taldeko tostakide izateko aukera eman zizueten eta zuk aukera aprobetxatu duzu.

Hasieran elkarrekin aritzen ginen entrenatzen. Orduan ikusten zen nor zen ziur A taldekoa eta nor B taldekoa, eta nork zituen igotzeko aukerak. Pixkanaka aukeraketak egiten joan zen eta maiatzean bi taldetan banatu ginen.

Lehen ontzira igotzeko aukera ematea begi onez hartuko zenuten...

Hasiera-hasieratik esan zigun jende gaztearekin osatu nahi zuela taldea, ateak zabalik zituela. Baina, argi utzi zigun ez zigula gazteak ginelako hartuko, maila eman behar genuela esan zigun. 

Beste urteetan aukera hori oso urrun ikusten genuen, oso zaila. Aurten, ordea, eskurago ikusi dugu eta uste dut horren ondorioz gazteak sekula baino gehiago saiatu garela A taldean egoteko itxaropenarekin.

B taldetik beti al zabiltzate A taldeari begira, beraz.

B taldean oso giro ona daukagu eta gustura aritzen gara, baina beti gaude A taldeari begira. Estropadetan badakizu gertatzen dena gertatuta bigarren mailako taldea izango zarela. Orduan, beti zaude lehen taldera igotzeko aukerei begira.

Poztasun handia emango zizun lehen taldeko kide zinela jakiteak, ezta?

Beste urteetan urruti ikusten nuen. Telebistan ikusten nituen horiekin arraun egitea polita da oso. Urrutikoak iruditzen zitzaizkidan eta orain berekin egiten dut arraun. Orain dela urte batzuk non nengoen ikusita, salto hori ematea oso polita da. 

Denboraldia ez da uste bezain ondo hasi...

Helburua hiru edo laugarren postuetan egotea zen hasieran, Kaikurekin borrokan. Kontziente ginen hasterako Hondarribia eta Urdaibai aurretik egongo zirela. Kontua da uste baino baxuago hasi dugula liga. Sailkapen nagusian laugarren gaude, baina emaitza hobeak espero genituen.  Dena den, oraindik liga luzea da eta gu entrenamenduetan, pixkanaka, hobetzen ari garenez, emaitzek ere hobera egitea espero dugu.

Hobetzeko aukera ikusten duzue, beraz.

Bai, bai. Entrenatzaile berria eta arraunkera berria dauzkagu. Lana egin beharra daukagu; baina, lanaren poderioz, aurrerapausoak emango ditugulakoan gaude.

Orio bezalako herri batean, ordea, zaila da arraunean epe luzera begiratzea...

Hemen dena nahi izaten da: herriko jendearekin, emaitza onak eta momentuan bertan, gainera. Baina uste dut pazientzia izan behar dugula. Etorkizunea begira ari gara lanean.

Hondarribiaren bidea da da hori: harrobiarekin epe luzerako begira lan egitea.

Urte asko daramatzate harrobiko arraunlariekin taldea osatuta, blokea eginda. Urdaibaien ere –nahiz eta helduagoak diren eta harrobiari garrantzia hori ematen ez dieten– urte luzez talde berdinarekin dabiltza lanean eta hori nabari da. 

Nahiz eta azken urteetan gazteak apenas igo diren, iruditzen zait guk ere orain arte harrobiaren bideari heldu diogula, Hondarribiak bezala.Orion gazte arraunlari mordoa dago, onak gainera, eta horiei aukera ematea ezinbestekoa iruditzen zait. Bestela, zertarako ibiltzen dire horrenbeste neska-mutil arraunean?

Gazte mailatan oso emaitza onak lortzen ari dira eta horri zukua atera behar zaio. Alferrikakoa litzake gazteekin lan egitea gero aukerarik eman behar ez bazaie.

Etorkizun laburrera begira, baduzue helbururik?

Ligan ohorezko txandan egon nahiko genuke. Eta, irailera begira, Kontxako estropadarako ondo egon nahiko genuke. Ligan ez daukagu zer eginik, beraz, estropadaz estropada joatea da gure asmoa. 

KARKARAk zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Orain arte bezala, kalitatezko eduki libreak eskaini nahi dizkizugu. Euskaraz informatzea da gure eginkizuna, eta zure eskubidea. Izan zaitez KARKARAko laguntzaile, urtean 40 euro besterik ez dira!


Izan zaitez KARKARAko laguntzaile!