Miquel Àngel Lozano: “Bartzelonan euskal komunitate zabala dago”

Karkara 2016ko abu. 30a, 16:40

Euskaldun berria da Miki Lozano, baina ez da Euskal Herrian bizi. Bost urte daramatza Bartzelonako hizkuntza eskolan euskara ikasten. Urtean hainbatetan etortzen da Oriora, eta orduan praktikatzeko aukera izaten du.

Gironako herri arrantzale batekoa da Miquel Àngel Lozano –Palamós, 1977–. 17.000 biztanle ditu haren herriak; tamaina eta azpiegitura aldetik Zarautzekin konparatu badaiteke ere, izaeraz Orioren antza handiagoa du, kultura arrantzale handiko herria baita. Bartzelonan bizi da Lozano, eta euskara ikasten daramatza bost urte. Euskal Herritik kanpo euskara ikastearen esperientzia kontatu dio Karkarari.

Noiztik etortzen zara Oriora?

Lehen aldiz 2007an etorri nintzen Oriora, nire bikotekidea, Belen Casado, hemengoa delako. Hortik aurrera urtero etortzen naiz hainbat aldiz, urte sasoi desberdinetan. Abuztuan, Gabonetan, Aste Santuan... etortzen gara.

Noiz hasi zinen euskara ikasten?

2011n hasi nintzen ikasten. Bartzelonako hizkuntza eskolan eman nuen izena. Hizkuntza eskolak bost urteko programa du euskaraz ikasteko, eta bosgarrena egingo dut nik orain, irailetik aurrera.

Zerk piztu zizun euskara ikasteko harra?

Batez ere, jendea ulertu ahal izateak. Nire bikotekideak lagunekin euskaraz hitz egiten du, baina nire presentzian hizkuntza aldatzen dute. Nire interes handiena jendeak bere hizkuntza ez aldatu behar izatea zen.

Bestalde, hemen ume txikiekin euskaraz hitz egiten da gehienbat. Katalunian ere gertatzen da hori. Bikotekidearen ilobekin harreman hobea edo gertukoagoa izateko euskaraz ikasi nahi nuen.

Zaila egiten zaizu Euskal Herritik kanpo euskara ikastea?

Bai, hori da zailtasun handiena. Ez da gauza bera hizkuntza bat testuinguru linguistikoan bertan edo hortik kanpo ikastea. Azken finean, pixka bat antinaturala da.

Berez, bost urteko ikastaro horren amaieran EGAren pareko maila lortzen omen da helburua, baina hizkuntza eskolako irakasleak esaten digu ez dela posible maila hori lortzea euskal herritik kanpo ikasita. Ez da erreala. Gure maila ez da hemen –Euskal Herrian– ikasten dutenena bezain ona.

Bartzelonan baduzu euskara praktikatzeko aukerarik urtean zehar?

Etxean praktikatzen dut gehienbat, eta baita hizkuntza eskolako lagunekin ere. Horrez gain, Bartzelonan euskal komunitate zabala dago eta euskal etxean euskaldun askorekin topa zaitezke. Praktikatzera joaten naiz hara.

Kontzertuak, hitzaldiak... denetarik egoten da euskal etxean. Eta hizkuntza eskolako euskara sailak ere antolatzen ditu jarduera kulturalak. Jarduera horiek ere oso baliagarriak dira euskara erabili eta praktikatzeko.

Bestalde, eskolak badu komunitate zabal bat eta ikasle ohiak urtean pare bat alditan etortzen dira gurekin mintzapraktikak egitera.

Ikastarotik kanpo ere ba al duzue mintzapraktika talderik?

Ez, normalean ikaskideekin egiten dut mintzapraktika.

Gure eskolan klaseak ez dira ohikoak, ahozko mintzaira asko lantzen dugu. Euskal Herriko ikastaroetan, gehienetan, titulu bat ateratzea da helburua, lanpostu asko lortzeko eskatzen baitituzte.

Baina Bartzelonan ez daukagu behar hori. Nire klasekideek eta nik euskaraz ikasteko arrazoiak edo motibazioak beste mota batekoak direla uste dut. Batzuk hizkuntzalariak dira eta hizkuntza gutxituetan interesa dutelako ikasi nahi dute; beste batzuk, nik bezala, familia edo bikotekide euskalduna dugulako; eta badira Euskal Herriko euskaldunak direnak baina hizkuntza maila hobetu nahi dutenak.

Beste nonbait euskara ikastea agian arraroagoa litzateke, baina tradizionalki Katalunian badago euskararekiko eta Euskal Herriarekiko interesa, ezta?

Baskitis tradizionala deitzen diot nik, gaixotasun bat dela esaten dut txantxetan. Hala ere, gauzak aldatzen ari direla uste dut. Azken urteetan nabaritu dut Euskal Herria ere Kataluniari begira dagoela, erreferentzia bezala hartzen duzuela.

Hemen ere hasi da jendea Katalana ikasten.

Bai, hori da. Hala ere irudipena dut jende gehiago dagoela Katalunian euskara ikasten, hemen katalana ikasten dutenak baino. Katalana, gainera, oso erraza da zuentzako eta abantaila handia daukazue ikasterako orduan.

Euskaraz jakin gabe etortzen zinenean eta orain euskara ikasita, asko aldatu al da zure esperientzia herrian?

Ni erosoago nago orain, euskara jakiteak hemengo errealitatera gerturatzeko beste modu bat ematen dit. Ez da hizkuntzagatik bakarrik, kultura eta jendea hobeto ulertzeko balio dit.

Bestalde, Orion azken urtean aldaketa nabarmen bat eman da: euskaltegia. Euskaltegia behar bat zen Oriorentzat eta bertan ikasten hasi diren pertsona batzuk ezagutzen ditut. Euskararen normalizaziorako beharrezkoa dela iruditzen zait. Hemen bi komunitate linguistiko banatuak daude, eta Katalunian, adibidez, ez da hainbeste bereizten. Baina hori aldatzen ari dela esango nuke.

KARKARAk zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Orain arte bezala, kalitatezko eduki libreak eskaini nahi dizkizugu. Euskaraz informatzea da gure eginkizuna, eta zure eskubidea. Izan zaitez KARKARAko laguntzaile, urtean 40 euro besterik ez dira!


Izan zaitez KARKARAko laguntzaile!