Lehenengo jakin, gero hitz egin

Jon Garate 2016ko abu. 30a, 16:49

Nork esan behar zidan niri karrera amaitu eta irratian hasiko nintzenik lanean? Irratiak ez nau inoiz erakarri. Are gehiago, unibertsitatean, irakasleak galdetutakoan, ez zitzaidala batere gustatzen erantzuten nion. Orain arte, ez nuen sekula irratiarekin kontakturik izan. Unibertsitatean ere, irratigintza landu zutenean, ni kanpora joan nintzen. Herbehereetara, Erasmus.

Hala ere, begira gauzak nola diren, irratian amaitu dut. Abuztuan, zazpi hilabete bete ditut Euskadi Irratian. Eta aurreiritziekin askotan gertatzen den bezala, honetan ere, kale egin dut. Nire harridurarako, irratia asko gustatu baitzait.

Hilabete hauetan Amarauna eta Goizak gaur saioetan ibili naiz. Magazine batean eta albistegietan. Lana gogorra da eta tentsio handikoa. Izan ere programak zuzenean izaten dira eta ordurako denak prest egon behar izaten du. Hala ere, oso pozik aritu naiz. Lankide bikainak izan ditut alboan eta lana ere esker onekoa da. Kalean jendeak esaten dizu: Atzo entzun zintudan eta oso ongi, gustatu zitzaidan! Beraz, apuntatu dut ikasi dudan azkenengo lezioa: lehenengo jakin eta gero hitz egin!

KARKARAk zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Orain arte bezala, kalitatezko eduki libreak eskaini nahi dizkizugu. Euskaraz informatzea da gure eginkizuna, eta zure eskubidea. Izan zaitez KARKARAko laguntzaile, urtean 40 euro besterik ez dira!


Izan zaitez KARKARAko laguntzaile!