Arrauna: 2016-2017

Kontxako 30 bandera ofizial

Karkara 2016ko ira. 6a, 11:20

1939. urteko Kontxako estropadak piztu du polemika. Antolatzaileen ustetan, urte horretakoa ez zen behar bezalako estropada izan, eta, ondorioz, urte horretako bandera ez zaie aintzat hartzeko modukoa iruditzen. Orio izan zen urte horretan bandera irabazi zuena. 

Orio Arraun Elkartearen banderen zerrendan 31 Kontxako bandera daude zenbatuta. Baina, azken egunotan, polemika sortu da, 31 beharrean 30 baitira Oriok irabazitako bandera ofizialak. 1939. urtean lortutako banderari ez die ofizialtasunik ematen antolatzaileek. Beren ustetan 1939ko apirilaren 10ean Kontxako badian izandako estropadak ez dira aintzat hartu beharrekoak, hortaz, Oriok irabazitako bandera ez da balekoa, ez da ofiziala. 

Antolakuntza bost arrazoi ematen ditu beren erabakia argudiatzeko:

  • Estropadaren eguna
  • Garaipenaren Estropada izena izatea eta Itsas Armada Nazional Loriatsuaren omenez egin izana
  • 1,5 miliako ibilbidea egin izanda, txanda bakarrean
  • Hiru ontzik baino parte hartu ez izana: Orio, Getaria eta Donostia
  • Ekitaldi politikoa izan zen eta ez ludikoa, Gerra Zibila Bando Nazionalak irabazi zuela ospatzeko.

Erabaki hori webgunean argitaratu zuen antolakuntzak 2016ko abuztuaren 6an. Webgunean jarritako oharraren bidez erabakia ezagutzea onartezina iruditu zaio Orio Arraunketa Elkarteko zuzendaritzari eta emandako argudioak ere defendaezinak direla uste du zuzendaritzak.

Ez da azken asteko kontua

Jo dezagun 2002ra. Urte hartan Rafael Agirrek Donostiako Estropadak (1879-2001) liburua aurkeztu zuen. Liburu horretan 1939. urteko bandera Orioren palmaresetik kendu zuen idazleak. Orio Arraunketa Elkarteko kideek horren berri izan zutenean, Orioko Udalaren izenean gutuna idatzi zitzaion Manu Narvaezi, garai hartan KTEko arduraduna zenari. 

Gutunak, besteak beste, honela zioen: Kontxako estropaden historiaren bertsio berria proposatzen du liburuak eta bertsio berri horrek aldaketa dezente dakartza orain arteko historia ofizialarekiko; esate baterako, Agirre Francok egin duen ikerlanaren arabera, jokatutako Kontxako estropadak ez dira 99 izan, baizik eta 106

Agirrek ere antolakuntzak webgunean emandako arrazoi berberak ematen ditu liburuan 1939. urteko estropadak baliogabetzeko, eta gutunean horren inguruan ere idatzi zion Udalak KTEko zuzendariari: Kontua da, eta Agirren Franco jaunak ederki daki hori, Kontxako estropadek askotan izan dituztela horrelako, eta bestelako, aldaketak; horregatik, ordea, inork ez du estropada horien balioa zalantzan jartzen. 

Beren kexa argudiatu zuen udalak hainbat adibide jarrita:

  • 1889an irailaren 23an jokatu zen Kontxako estropada, arratsaldeko hiruetan, Erreginaren santu eguna zelako eta hari egun horretan hobeto zetorkiolako. Korrika eta presaka antolatu zuten, eta ez zuten arautegirik ere inprimatu.
  • 1984an estropada badia barruan jokatu zen. Irabazleak 14 minutu eta 38 segundoko denbora egin zuen. Gainera, barruko balizatik arraun egin zuenak ibilbide motzagoa zuen.
  • 1900ean Getariako tripulazioa bakarrik agertu zen estropada jokatzera, Pasaiako bi ontziek protesta egin zutelako sariak zirela eta. Estropadarik ez zen jokatu, baina bandera Getariara joan zen. 
  • 1903an, estropada jokatzeko orduan, Getariako tripulazioa bakarrik zegoen prest. Azken orduan eta nolabait ere, Donostiako koadrila bat osatu zuten moilan bertan eta estropada 55 minutuko atzerapenarekin hasi zen. 
  • 1906an, Euskal Jaiak zirela eta, uztailaren 13an jokatu ziren estropadak, arratsaldeko lauretan, beste hainbat ikuskizunen artean.
  • Hainbat urtetan, Agirre Francok dioenez, Kontxako estropada jokatu egin zen, nahiz eta berak irabazlearen izena baizik ez duen ematen, denborarik-eta jaso gabe.

Adibide horiekin Kontxako estropadetan beti ohiko datak, parte hartzaileak eta ibilbideak ez direla errespetatu adierazi nahi izan zuen Orioko Udalak. Udalak gutunean zioenez, gorabeherak gorabehera, urte horietako irabazleek ondo irabazita dauzkate txaloak eta miresmena, eta, ondorioz, berdina eskatzen dute oriotarrentzat: Espero dut Kontxako estropaden historiari ofizialtasuna emateko ardura dutenek ez dutela aintzakotzat hartuko Agirre Franco jaunak 1939ko estropadari buruz egin duen interpretazio partzial hori. Seguru nago hala izango dela eta eskerrak eman nahi dizkizut, aldez aurretik, horrela gerta dadin egingo duzun ahaleginagatik. Ahaleginak ahalegin, Kontxako Estropaden zerrendatik kanpora utzi dute 1939. urteko estropada hori. 

Hitz egin ondoren, 1939ko bandera Oriorentzat

Urte bete beranduago, 2003ko irailaren 1ean, gutuna bidali zion Rafael Agirrek Orioko Arraunketa Elkarteari. Gutun horretan 1939ko bandera berriz ere palmaresean sartzen zuela azaldu zuen; eta ez hori bakarrik, Traineru-estropaden bilakaera 1879-2004 liburuan 1939 urteko bandera Oriok irabazi zuela ere argitaratu zuen.

Agirrek handik hainbat urtera, 2010ean, El Diario Vascon argitaratutako dokumentu batean Orioren palmaresa aipatzen du. Palmares horretan Oriok 31 Kontxako bandera lortu dituela aipatu zuen eta Oriori honela jakinarazi zion: Kontxako estropaden laburpen orokorra prentsara bidali dut. 1939ko bandera Oriok irabazia, gehitu dut. 1939ko bandera hori palmaresean sartu zuen, beraz.

Orain, ordea, berriz ezezkoa

Sei urte pasa dira El Diario Vasco egunkariko artikulu hori argitaratu zenetik, Agirrek berak 1939ko banderari zilegitasuna eman zionetik. Eta, orain, denbora tarte hori igaro denean, Donostia Kulturako webgunean jakinarazi dute 1939. urtekoa ez dela Kontxako estropada ofiziala; beraz, bandera hori ez dela Kontxakoa. Hori jakinda, berriz ere harremanetan jarri da Orioko Arraunketa Elkartea antolakuntzarekin. Gutuna igorri dio Donostiako alkate den Eneko Goiari eta festetako zinegotzi Alfonso Gurpegiri.

Momentuz ez dutela erantzunik jaso adierazi digute Orio Arraunketa Elkartetik. Azalpenak eskatu dituzte eta, oraingoz, ez dute esplikaziorik jaso.

Erlazionatuak

Alfonso Gurpegi Festak Jardueretako zinegotziari eta Eneko Goia alkateari

Ibon Huegun, 2016, zuzendaritzaren izenean 2016 ira 06 Orio

Manu Narvaez KTEko zuzendariari

Mirari Arruabarrena, 2002, alkatea 2016 ira 06 Orio

Orioko zuzendaritzari

Rafael Agirre 2016 ira 06 Orio

Kontxako Bandera eta 1939 urtea

Joxemari Olasagasti, OAEren izenean 2016 ira 06 Orio

KARKARAk zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Orain arte bezala, kalitatezko eduki libreak eskaini nahi dizkizugu. Euskaraz informatzea da gure eginkizuna, eta zure eskubidea. Izan zaitez KARKARAko laguntzaile, urtean 40 euro besterik ez dira!


Izan zaitez KARKARAko laguntzaile!