Arrauna: 2016-2017

Herri baten ilusioa

Karkara 2016ko ira. 12a, 08:13
Argazkia: Joxemari Olasagasti

Orioko bi ontziak, nola emakumezkoena hala gizonezkoena, hirugarren sailkatu dira Kontxako estropadan. 

Bukatu da. Luze joaten diren bi asteak amaitu dira, 2016 urteko Kontxako banderek dagoeneko badute jabea. Atzo astindu zituzten tela zuri preziatuak Kontxako badian batelerek eta bermeotarrek. Arranpako bidea arraunzalez inguratuta, ia arnasa hartzeko tokirik ez zela egin zuten. Pasaiatik etorritako batukada-txarangaren doinupean eta serpentina arrosa artean egin zuten itzulerako bidea Harroxek. Bermeotarrek urdinez tindatu zuten portua. Bandera urdinen eta zorion oihuen tartetik egin zuten arranpako bidea bigarrenez jarraian Kontxako bandera irabazi duen taldeak. Irabazi ez arren, herritarren eta zaleen babesa ere jaso zuten oriotarrek atzokoan. 

Posible zela sinestarazi dute

Bibrazio berezi bat nabari zen 10:00ak inguruan Donostiako portuan, Orioko emakumezkoen trainerua uretaratzean. Ohi baino berotasun gehiago. Oihuak, txaloak... Aste honetan sortu duten ilusioa, itxaropena, nabaria zen zaleen urduritasunean.

Ez da posible izan, baina posible zela sinestarazi dute. Horren erakusle atzoko animo oihuak eta sare sozialetan zabaldutako mezuak. Eskerrik asko neskak, aste eder honengatik!, txiokatu zuen, adibidez, Egoitz Eizagirrek. Posible izan ez arren, estropada Hibaikak eta bandera San Juanek eman arren, itzuleran, arranpatik gora egindako bidean, berriz ere txalo artean hartu zituzten arraunlariak. 

1 SAN JUAN                  10:39,88    10:45,36    21:25,24
2 HIBAIKA
                   10:42,16    10:44,52    21:26,68 0:01,44
3 ORIO                         10:43,62    10:55,20    21:38,82 0:13,58
4 CABO                         11:11,62    11:12,58    22:24,20 0:58,96
5 ZARAUTZ - GETARIA 11:05,44    11:24,08    22:29,52 1:04,28 
6 ARRAUN LAGUNAK    11:24,02    11:23,78   22:47,80 1:22,56 
7 DEUSTU                      11:17,64    11:31,18   22:48,82 1:23,58 
8 HERNANI                    11:21,80    11:36,06  22:57,86 1:32,62 

Lehen igandeko arantza

Nesken atzetik uretaratu ziren gizonezkoak eta hauek ere zaleen babesa jaso zuten. Estropada biribila egin zuten atzo mutilek eta, Orio Arraunketa Elkarteko kideek esan bezala, aurreko astekoa ez-ohikoa izan zela erakutsi ahal izan zuten. Gaurkoan hirugarren, aurreko astekoa zorte txarra izan zela erakutsi diguzue. Lan bikaina mutilak, txiokatu zuten beren profiletik.

Aurreko astekoak banderaren lehiatik kanpo utzi zituenez, helburu berria finkatu zuten igande honetarako: San Juanen aurretik sailkatzea. Jarritako xedea lortu zuten oriotarrek, estropadan hirugarren eta sailkapen orokorrean laugarren gelditu baitziren.

1 URDAIBAI        19:22,48    19:52,52    39:15,00
2 HONDARRIBIA 19:24,26    19:59,58    39:23,84 0:08,84
3 KAIKU              19:35,34    20:21,72    39:57,06 0:42,06 
4 ORIO                19:49,14    20:12,52     40:01,66 0:46,66 
5 SAN JUAN        19:46,00    20:16,66     40:02,66 0:47,66 
6 ZIERBENA        19:53,34    20:30,66     40:24,00 1:09,00 
7 TIRAN               19:57,86    20:43,24    40:41,10 1:26,10 
8 DONOSTIARRA 20:20,90    20:44,24    41:05,14 1:50,14

Dena den, guztia ez zen arrosa kolorekoa izan. Oriok lehen txandan egin zuen arraun eta txandari hasiera itsasontziak estropada eremuan zeudela eman zitzaionez, Tirango traineruak arazoak izan zituen ibilbidea egiterako garaian. Istripurik edo ezbeharrik ez izateko, bigarren kalera jo zuen Tiranek. Trabak traba, Tiranek aurrera egin ahal izan zuen eta zazpigarren postuan sailkatu zen. 

KARKARAk zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Orain arte bezala, kalitatezko eduki libreak eskaini nahi dizkizugu. Euskaraz informatzea da gure eginkizuna, eta zure eskubidea. Izan zaitez KARKARAko laguntzaile, urtean 40 euro besterik ez dira!


Izan zaitez KARKARAko laguntzaile!