Arrauna: 2016-2017

Joxean Olaskoaga: "Harrobikoekin talde indartsua osatzeak denbora behar du, eta nik uste dut orain presa dagoela"

Karkara 2016ko ira. 16a, 16:01

Oriok azken Kontxako bandera irabazi zuenean Joxean Olaskoaga tostan zegoen. Garai hartako ilusio berbera piztu zen iaz herrian Aizperro Oriora itzuli zenean. Aurtengo denboraldia, ordea, ez da uste bezain ona izan eta, ondorioz, entrenatzaileak taldea utzi du.

Bukatu da.

Bai... eta deiak jaso eta jaso nabil.

Telefonoa jo eta jo. Prentsa oharrak dio bi aldeek adostutako erabakia izan dela. Horrela izan al da?

Bai. Nik berekin hitz egin nuenean bi aldeek argi geneukan zikloa bukatu zela. Denboraldi oker hasi genuen; tira, oker ez, are gutxiago neguan gazteekin lan asko egin eta gero. Baina tira, ez ziren esperotako emaitzak. Hori bai, argi daukat neguan 14,15 edo 16 hartu eta horiekin buru-belarri lanean arituz gero emaitza hobeak izango liratekeela. 

Zenbat hobeagoak?

Ez dakit, postu bat? Urdaibai, Hondarribia eta Kaiku oso indartsu egon dira... 

Zuek denboraldi bukaeran ere erakutsi duzue indartsuak zaretela. Aurrea hartu diozue hainbat estropadatan eta bigarren gelditu zarete...

Bai, baina bukaeran... Gazteekin lanean hasi ginenean bagenekien hobekuntza progresiboa izango zela, pixkanaka joango ginela hobetzen. Taldeak azken estropadetan koska bat egin du gora, baina kosta egin zaigu. Pixka bat hobeto ibili gintezkeen, baina lasai nago.

Ez zelako epe motzerako proiektua, baizik eta epe luzera begirakoa?

Udara aurrera joan heinean banekien hobetzen joango ginela. Gazteei aukera eman behar genien eta gazteekin lan egin behar genuen. Baina, tira, mutilak ere bukaera ona egiten ari direla ikustean, baina hasiera kaxkarra egin zutela jakitun, ez daude oso gustura... Eta, horrela lan egitea ez da erraza. Hobe uztea. Dudak ez dira onak konfiantzaz aurrera egiteko, eta dudak daudenez, hobe hanka egitea. 

Bukatu da Orioko aldia eta bukatu da arrauna zuretzat, ezta?

Nire arraunlari zikloa bukatu egin da. Ordua da lasai egoteko. 20 urte daramatzat arrauna eta lana uztartzen eta niretzat denbora izango dut orain. Alde horretatik izugarrizko lasaitua hartu dut. Jendeak deitu dit ea zer moduz nagoen galdetzeko eta, esaten nien askoz ere lasaiago nengoela.

Guztiok izaera desberdina daukagu. Nik, adibidez, gauzak estu hartzen ditut; eta, herriko semea izanda eta herriko jendearekin arituta... zaila da. 

Orion eta oriotarra izanda, horrelako egoerak kudeatzea ez da erraza izango...

Ez, eta gutxiago berekin arraun eginda. Neguan berekin entrenatu dut, pesak eta korrika elkarrekin egin ditugu... Horrela zailagoa da. Aldagelatik kanpo bazaude, distantzia batera, errazagoa da. Baina ez diot inori errua leporatu nahi ez ezer. Argi dago erabaki zuzena dela. Hobea da klubarentzat, mutilentzat eta niretzat. Orio ondo ibiltzea nahi badugu, hori da onena.

Orio ondo ibiltzea nahi dute denek, bai; baina zuek lanean etorkizunean etxekoekin ondo ibiltzeko ari zineten eta, horretarako, orain horren gustukoak ez diren emaitzak izaten ikasi behar da. Ikasgai zaila da hori, ezta?

Harrobikoekin talde indartsua osatzeak denbora behar du, eta nik uste dut orain presa dagoela. Zentzu onean diot, Oriok hobeto ibiltzeko aukera baitauka. 

Zer zentzutan diozu hori?

Gauzak adostu bezala joanez gero guztiok dakigun gizon honekin, gauzak ondo joango direlakoan nago. Bera ona da oso eta Oriotik joandako 3-4 mutil berriz etxera ekartzeko gaitasuna du entrenatzaile honek, gainera. Aukera onena dela uste dut.

Oriok puntan egon behar badu, lan hori egin behar badu, horretan arituko den entrenatzaile bat behar du. Nik lana egiten dut eta ezin dut dedikazio hori izan. 

Zuk taldea uztea erabaki duzue alde biek. Baina, horrez gain, arrauna uztea ere erabaki duzu. Igandean egingo duzu azkenekoz arraun. Ematen al dizu penik?

Pena ematen dit, noski. Ez balit penik emango ez litzateke normala izango. 42 urte dauzkat eta maila eman dezakedan arren, ez naiz duela 10 urteko Aizperro. Hala ere, ilusio handia egiten dit azkenekoz herriko taldearekin aritzeak.

Oriok gauza on asko eman dizkit, oso bizipen  onak dauzkat klub honetan. Beste modu batean bukatzea gustatuko litzaidake, baina oroitzapen onekin gelditzen naiz. Arraunak asko eman dit eta hori da betirako gordeko dudana. Gauzak kendu ere egin dizkit, bereziki denbora...

Baina orain kendu dizun hori berreskuratuko duzu...

Hori da. Albistea publiko egin orduko deiak jaso ditut, arraunean aritzeko gonbita egin didate. Baina, momentu honetan, ez daukat horretarako gogorik.

Eta entrenatzaile lanetan jarraitzeko?

Sekula ezin da ezetz esan, baina oraingoz ez. Atsedena behar dut. Arraunean pasa dut bizitza erdia, eta, arraunetik kanpo bada beste bizitza bat eta hori disfrutatzeko aukera izango dut orain.

KARKARAk zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Orain arte bezala, kalitatezko eduki libreak eskaini nahi dizkizugu. Euskaraz informatzea da gure eginkizuna, eta zure eskubidea. Izan zaitez KARKARAko laguntzaile, urtean 40 euro besterik ez dira!


Izan zaitez KARKARAko laguntzaile!