Arrauna: 2016-2017

Jon Salsamendi: "Nahiago nuke berek bidaliko banindute, askoz errazagoa izango zatekeen niretzat"

Karkara 2016ko ira. 22a, 17:06

Bihotzarekin hitz egiten du eta asko hitz egin gainera. Hitzok beti dute mamia, beti baitu zer esan. Azken egunotan zeresana bere etorkizunak eman duen arren, nahiago du lehendabizi atzera begira jarri eta lortutakoaren inguruan galdetzea. KARKARAK bi gauzen inguruan galdetu dio.

Zorionak.

Eskerrik asko.

Bi titulu potoloenak zuenak dira.

Bai eta irakurketa azkarra da: poz handia ematen digu horrek. Helburu oso zailak ziren biak, oso konplikatuak. Eta ez bat, biak lortzea gainera, ikaragarria da. Momentu honetan balorazioa beroan eta azkarrean egiten dugu, baina zera da: oso-oso zaila den zerbaiten atzetik ibili gara eta %100ean lortu ahal izatea poztasun eta satisfazio totala da.

Liga erdi aldera, ordea, pronostiko guztiek hondarribitarren alde egiten zuten.

Uztailean egin genuenagatik eduki dugu irailean liga irabazteko aukera. Uztailean oso maila handiko errendimendua izan genuen, banderak lortu ez arren. Bigarren postuak bata bestearen atzetik lortu genituen eta irabazlearengandik segundo gutxira helmugaratzen ginen. Gertu geunden oso. Hondarribia oso ondo zegoen, bai, baina gu ez ginen gure bidetik atera. Estropadak irabazi nahi genituen eta kosta egin zaigu banderak lortzea, baina aurreko denboraldiarekin alderatuta, egoera ezin hobea geneukan aurtengo uztailean.

Desberdintasunak horrenbestekoak al dira?

Bai, noski. Gu ligaren sailkapenean ez gara hiru puntu baino desabantaila handiagoarekin egon. Jendeak nahi duena esango du eta, kasu horretan, dena kolore berdekoa ikusten zen; baina nik, behintzat, ez nuen horrela ikusten. Oso zaila ikusten nuen, bai, baina hori negutik nekien. 

Hondarribiak hasieratik oso maila ona eman zuen, baina guk Sevillako estropadatik erakutsi dugu kapazak garela. Hiru segundora gelditu ginen. Bigarren estropadan ere bai. Hirugarrengoan, San Juanek irabazi zuenean, gu beren aurretik gelditu ginen ohorezko txandan... 

Ondoren gu baino askoz hobeak izan ziren hamabostaldia izan zuten. Gure zorionerako, gure maila nahikoa izan zen bigarren postuak bata bestearen atzetik lortzeko eta sailkapen orokorrean, puntutan, desabantaila txikia izateko. Gero, Galizian, bi estropada jarraian irabazi genituen. Berek, gainera, ez zuten bigarren egin; orduan, parean jarri ginen.

Gorakada ez da Zarauztik hona egindakoa...

Asko hitz egiten ari da Zarautz ostekoaz, baina uztailean bertan, 11 estropada jokatu ondoren Hondarribitik 3 puntura geunden. Hori lortzeko gauzak oso ondo egin behar dira. Gu oso ondo geunden. Eta, iruditzen zait, abuztuan aurrerapauso bat eman genuela eta aurkariari akaso gehiago kosta zaiola maila mantentzea. 

Zuek gora eta berak behera? Hori al da abuztuko balantzea?

Nik nirea kontrolatzen dut. Eta gu uztailera inoiz baino maila hobean hasi ginen nahiz eta Hondarribiaren atzetik ibili. Abuztuan eboluzio naturala izan genuen, beste urteetan bezala. Gorako bidean ibili gara. Berak maila altua erakutsi dute beti, baina linealagoa izan da.

Zuek apropos egin duzue lana hasieran inoiz baino indartsuago egoteko? Hor jarri duzue fokua?

Bai. Agian prestakuntza fisikoan ez horrenbeste, baina estrategia aldetik bai. Hasieran beste urtetan baino hobeto hasteko, ontzi barruan urte guztian landutako alorrak –materiala, mutilen aukeraketa, doikuntza– hasieratik saiatu gara ezartzen. Ontzi barruan doan kuadrillaren estruktura fisikoan, pisuari dagokionez-eta, proba asko egin ditut. Bide bat jarraitu behar nuela ikusi nuen eta hasieratik heldu diot bide horri. Ohartu naiz prestaketa fisikoa aldatu gabe, esparru teknikoan aldaketak eginda, inoiz baino emaitza hobeak lortu ahal izan genituela uztailean.

Borja zure iloba eta laguntzaileak esaten zuen elkarrizketa batean  asko lantzen duzula esparru teknikoa...

Ni saiatzen naiz senak esaten didan hori, sentitzen dudan hori, aztertzen eta diagnostiko ahalik eta objektiboena izaten. Arraunketak subjektibitate asko dago, baina denborarekin, pazientziarekin eta lanarekin, subjektibitatez uste dituzun gauza asko objektibatu egin daitezke. Mediku baten moduan, diagnostiko bat daukadanean, berehala jartzen dudala tratamendu bat. Ez da tratamendu bat, baina hor ageri denaren baitan hartzen ditut erabakiak. 

Ez dut egiten iruditzen zaidana, orain arte egindakoa edo izen abizenen araberako aukeraketa. Horrenbeste denbora igarotzen badut ikerketa bat egiten, hortik ateratakoa erabili egiten dut. Batzuetan, erabakiak hartzean, batzuk harritu egiten dira, baita talde barruan ere. 

Emaitzak dira lan hori ona edo txarra bezala kalifikatzen dutenak. Baina nik, emaitzak ikusi aurretik, banekien lan ona zela eta emaitza on batekin –bakarrik– salduko nuela lan on hori. Beti emaitzaren preso gaude. Eta, hasieran esan bezala, zorionez, emaitza ezin hobeak izan ditugu aurten.

Kontxa edo Liga, zer nahiago? Zerk du meritu gehien? eztabaida ere bolo-bolo dabil azken aldian. Zuk zer duzu esateko, aurten biak irabazita...

Kontxan irabazi nahi genuen, betiko moduan, baina azken lau urtetan bizi ez genuen egoera batean heldu gara aurtengoan Kontxara. Hondarribiarekin liga lehiatzen ari ginen. Kontxa aurretik lider jarri ginen. Aukerak genituen liga irabazteko. Eta, noski, ez da berdina Kontxara etxeko lanak eginda iristea, Kontxa irabazi nahian eta puntu; edo, Kontxa irabazi nahian eta liga irabazi nahian iristea. 

Biak nahi eta biak zailak...

Talde barruan hitz egiten genuenean galdera hau zen: bat edo beste? Eta erantzuna: Biak. Esatea oso erraza da, asumitzea oso gogorra eta biak lortzea ikaragarria. Taldearen izaeragatik, aurreko urtean egindakoagatik eta abar, ez genuen liga albo batera utzi nahi, inondik inora. Ia-ia behar bat zen, benetan aukerak ikusten genituelako. Kontxak ezin zuen aitzakia izan liga ez irabazteko.

Mahaigainean egoera hori jartzea, inork ez zuen esaten: ez badugu Kontxa irabazten, lasai, ligaren bila %100ean joango gara eta. Inork ez zuen hori esaten. Esaten genuena zera zen: Kontxa irabazita ahalik eta indar gehiagorekin helduko diogu ligaren azken txanpari. Alegia, denok bezala, dena nahi.

Eta nola irabazi dena?

Arraunlarien asmoak ikusita ezin nuen aukeraketa bat egin, bien bila joan behar nuen. Orduan, Kontxako hamabostaldia, aurreko urteekin alderatuz gero, desberdin antolatu dut aurtengoan. Ez prestaketa fisikoan, baina bai arraunlariak aukeratzerako garaian. Taldearen kudeaketa oso desberdina izan da. 

Taldeak malgutasuna ematen digu tostan aldaketak egiteko...

Bai. Kontxako hiru estropadak kontuan hartuta, taldeko 17 arraunlariak erabili nituen. Egia da bi igandeetan jokatzen dutenak ez direla 17, 13 direla. Kanpoan gelditu zenak, normala den bezala, oso gaizki pasa zuen. Esperientzia handiko arraunlariak izan ziren, gainera, lehorrean gelditu zirenak. Baina liga berekin bukatu nuen. Eta era horretan lortu nuen azken momenturaino errendimendu altua edukitzea. 

Ezaugarri oso ezberdineko arraunlariak dauzkazu, gainera: esperientziadunak, gazteak, zailduak...

Pertsonalitatez eta esperientziaz bakoitza etxe batekoa da. Baina, guztiek dute komunean espiritu edo sen bat. Ez dute denbora galdu nahi. Kalitate handikoak dira, baina, batez ere, estropadak irabazi nahi dituzte. Bermeon entrenatzeko baldintzak ez dira onenak. Hara doanak badaki zertara doan, dena ematera. Lehen egunetik azken egunera irabazi nahi hori mantentzen bada, entrenatzailearen lana erraza izango ez den arren, lan asko eginda dauka. Ez duzu jendea estutzen ibili behar, estutzen ez duenak jai baitauka. 

Eta, ziurrenik, zu ere antzekoa izango zara...

Argi dago guztioi kostatzen zaigula etxetik kanpo egotea. Kalitate handiko jendea batu gara, baina, bereziki, grina handikoa.

Nik beraiei esaten diet ez direla pura sangreak baizik eta zaldi basatiak direla. Pura sangreak kalitate handieneko animaliak dira. Hauek ez dira kalitate handienekoak –nahiz eta oso handia duten–, baina bai zaldi basatiak. Antolatzen ez badituzu jan egingo zaituzte eta ez dute ezer ere ez egingo. Baina, antolatuz gero, bakoitzari %5 edo %10ean zaldi basatiak izaten utzita, horiek emango dizutena ez dizu inork emango...

Zuen taldetik irabazteko grina edo sena azpimarratuko zenuke, nahiz eta irabazteko talde osoa edukitzea ezinbestekoa den... Oriori zer falta izan zaio espero bezain goian ez egoteko?

Bakoitzak bere hausnarketak egiterakoan, helburuak bete dituen ala ez jakiterakoan, ez da beste taldeetara begiratu behar, ez da kanpora begiratu behar. Oso modan dago zurea harrobiko edo fitxaketen proiektua dela esatea, baina, araudiaren barruan, proiektu guztiak dira errespetagarriak. 

Ez da berdina Hondarribikoa edo Oriokoa izatea edo Zierbenarena, edo Bermeorena, edo Getariarena. Ez da lan egiteko sistema bakarra existitzen. Bakoitzak bere baldintzen, egoeraren eta kapazitatearen arabera sistema bat edo beste aukeratuko du. Zergatik ez?

Oriora bueltatuta...

Hori Orion egon direnak esan behar dute. Kanpotik begiratuta, esan, Oriok oso zaila izan duela uda hasieran jarritako helburuak lortzea. Hemen maila oso altua dago, bakarrak irabazten du. Aurten Orion berrikuntzak izan dira, azpitik datorren jendeari aukera asko eman zaizkio, eta akaso ez dute nahi adina denbora izan goi mailara iristeko era horretan. Horretarako, akaso, pazientzia handiagoa eduki behar da.

Akaso arazoa da hori udan esan dela, eta ez neguan. Neguan eta udaberrian akaso ez du hori proiektatu. Eta udan, beste egoera batekin topatu denean, errealitatea eta egia azaldu da: azpiko lana egiten ari zela eta horrek denbora behar duela. Baina hasieran hori ez esateak eta ondoren emaitza horiek izateak taldeari frustrazioa ekar diezaioke. 

Frustrazioak buruari eragiten dio eta buruak eragin handia dauka emaitzetan...

Hori txalupan harri kozkor bat sartzea bezalakoa da, edo zapatan harri txiki bat izatea bezala. Nola ibiliko zara ondo harri txiki hori kendu arte? Harri txiki hori kendu eta gero gauzak ondo egin behar dira, noski, baina buruak eragin handia dauka.

Orioz ari garela, ezin gaia albo batera utzi. Oriora etorriko zarenaren zurrumurruak dabiltza bolo-bolo azken egunotan...

Kontua da denboraldia bukatu baino lehen, bai Oriotik eta bai beste talde batzuetatik, interesa transmititu didatela. Libre banago, beren proiektua niri azaltzeko asmoa erakutsi didate. Nik guztiei bera esan diet: denboraldia bukatzean, lehenengo, Bermeorekin hitz egingo dut, bertan bainago. Eta, berekin adostu arte, ez dut inongo negoziazio zuzenik izango. Hori bai, behin denboraldia bukatuta, entzungo nituela beren ideiak.

Orain puntu horretan nago. Bermeo bere saiakera egiten ari da nik han jarraitzeko. Bermeok badaki zein den nire egoera eta uste dut aste honetan bertan argituko dugula zer gertatuko den Salsamendi eta Bermeoren artean.

Eta, Bermeori ezezkoa esanez gero, datorren astetik aurrera hasiko nintzake negoziazio horietan. Bilerak izan ditut, bai, baina beren proiektuak entzuteko besterik ez gara elkartu.

Zer falta zaio Bermeori zuk baiezkoa emateko?

Bermeok hasieratik jakin badaki nik proiektuak urtetik urtera berritzen ditudala. Kirol alorrari, esparru profesionalari, giroari eta harremanari, herrian daukadan babesari dagokionez... ez daukat zergatirik Bermeo uzteko. Aukerarik onena da berriz ere estropadak irabazi ahal izateko.

Orduan...

Bermeok nire alor pertsonala ezagutzen du. Ez da nik Bermeo utzi nahi dudala, baizik eta–agian– ezin naizela Bermeon egon. Arraunarekin zerikusirik ez duten kontuengatik da, esparru pertsonal eta intimokoak, alegia.

Arraunean, alor pertsonala eta profesionala uztartzea zaila egiten al zaizu, bada?

Beste edozein lanetan bezala. Zorteduna naiz, benetan gustatzen zaidana egiteaz bizi bainaiz. Topiko bat dirudi, baina horrela da. Ez da berdina etxetik 5 minutura edo 2 ordura lan egitea, baina hori onartuta daukat, lanaren parte da, beste edozein ofiziotan bezala.

Bermeon esparru profesionala ezin hobea izanda. Talde hau oraindik beste denboraldi batzuetan lanak emateko dago. Gainera, lau urtetan, loturak sortzen dira, alderdi humanotik ere paregabea izan da klub barruan eta elkartetik kanpo. Maila honetan egonda, bat-batean, bukatu daitekeela ikustea... Nahiago nuke berek bidaliko banindute, askoz errazagoa izango zatekeen niretzat. Oso gogorra egiten zait...

Zu Bermeo utziz gero, zurekin batera beste arraunlariren bat joateko aukera al dago?

Hori nire ahotik ez da atera. Bermeo uzten badut eta beste norabait banoa, ni izango naiz mugitzen naizena. Bakoitzak nahi duena egingo du, alegia.

Etapa amaiera izan daiteke oraingoa...

Entrenatzaile bezala inork inoiz eman didan aukerarik onena eman dit Bermeok, eta ez dit ezer kendu, nik berari eman diodan dedikazioa besterik ez. Eta, dedikazio hori gutxienez merezi zuen, akaso gehiago ere bai. Bermeora hankak lurrera eta nire buruarekin seguru iritsi nintzen. Lasai sartu nintzen. Gauzak patxadaz egin ditut. Ni, entrenatzaile bat izateaz gain, behatzailea ere izan naiz. Bermeon hasiera-hasieratik eman didate denbora eta pazientzia. Jende beroa da, baina entrenatzailearen lana asko errespetatzen dute.

Badakit emaitzen arabera biziko naizela. Baina, lana egiteko, Bermeon baldintza onenak izan ditut. Han beti esan izan didate zuk egiten duzuna ondo egina izango da, hasieratik.

Asko eman dizu Bermeok, argi dago...

Irakasleek bezala, ikasturte amaiera iritsi eta zure ikasle guztiek zuk erakutsitakoa egiten ari direla ikustea izugarria da. Eta hori, urtero ikusi dut. Eta, urtetik urtera, hobetu egin dute, gainera. Lau urte hauetatik niretzat gordeko dudan gauza berezienetakoa da hori, harremanaz gain, beteranoenak ere, moldagaitzena dirudienak ere, ikasi duela.

Urte hauetan guztietan laguntzaileak izan dituzu alboan. Anjel Larrañaga Larra hasieran eta Borja Mena azken urtean.

Berak nire gorputz eta arimaren bizkartzainak izan dira. Horrelako postu batean zaudenean sekula huts egingo ez dizun norbait behar duzu. Esan behar dizun hori, ona edo txarra izan, esango dizuna; eta, gainera, noiz eta nun esan behar dizun dakiena. Horrez gain, nire lan taldean beren jakintza erantsi badezakete, are hobeto.

Larrak eta Borjak ez daukate zerikusirik. Aurrena azaldu dudan lehen funtzioan, bai. Lan talde teknikoan, ordea, ez. Bi mundu ezberdin dira. Ni bakoitzari bere etekina ateratzen saiatzen naiz.

 

Larra Zarautzera joan zen entrenatzera iaz, horregatik utzi zuen Bermeo.

Momentu honetan, berak daraman bizimoduarekin, bere neurrira egindako trajea da Zarautzi entrenatzea. Ez da berdina entrenatzaile profesionala %100ean izatea edo zure lanarekin uztartzea. Sinplea da arrazoia: denbora. Larrak kapazitatea soberan du maila altuko proiektuak gidatzeko, baina bakoitzak bere bizimodua du eta, momentu honetan, berarentzat, aukera onena hori da. Lan itzela egiten ari da!

Mutilak entrenatzen hasi baino lehen lan mordoa egin zuen emakumezkoen arraunean, gutxitan aitortu zaiona.

Urte mordoa eman zituen Tolosako neskekin bateletan eta gero traineruan Getaria-Tolosarekin. Denbora gutxian oso urrun iritsi ziren. Argi dago arraun munduko gizona dela, edozein proiektu aurrera eramateko kapazitatea du.

Emakumeen arrauna denboraldiz denboraldi hauspotzen ari da... Zuri ere horrela iruditzen al zaizu?

Emakumezkoen inguruan gutxien hitz egin dezakeenetako bat izango naiz. Ez naiz nesken inongo proiektuetatik gertu ibili, sekula. Duela urte asko, emaztea Olinpiar Jokoak prestatzen ari zenean, berari eta bere skull bikoitzeko lagunari laguntzen ibili nintzen. Eta, zerbait ikasi nuen: inoiz ez nintzela emakumezkoen entrenatzaile izango. Nik ez nuke balioko nesken entrenatzaile izateko.

Zergatik diozu hori?

Neskak berak esaten zidaten hori, beren tartean ez sartzeko. Umorez diot. Baina, gizonezkoetan ere ez da berdina gaztetxoen entrenatzailea izatea edo seniorrena izatea. Izan zaitezke oso entrenatzaile ona traineru senior batean eta oso txarra haurrekin, edo alderantziz. Nik uste dut bakoitzak bere tokia bilatu behar duela.

Ikusle gisa besterik ez dut aztertzen orain arte. Ikusten dudana zera da: batetik, kantitatea, denbora laburrean talde eta arraunlari kopurua handitu dela; eta, bestetik, kalitatea ere igotzen ari dela. Ez bakarrik azkarrago ari direlako, baizik eta arraunean egiten duten moduagatik. Zentzu horretan, Kontxan atentzioa gehien eman didan taldea ez da lehenengoa edo bigarrena izan, hirugarrena baizik.

Oriotarrak, alegia.

Hori da. Arraunean ikusi nituenean, deigarria gertatu zitzaidan zeinen ongi egiten zuten. Teknikoki oso ondo egiten dute. Harritu egin zidan.

Badakit burutik oso gertu ibili direla, sekula baino gertuago, baina arraunean egiten duten moduan egiteko lan oso ona egon behar du atzetik. Ziurrenik ez da urte beteko lana bakarrik izango. Baina, benetan, zirrara sorrarazi zidaten. Oriorena adibide bat da emakumeen arraunketa zein bideetatik doan ikusteko.

Teknikoki finenak iruditu zitzaizkizun. Baina, irabazteko ez da teknika onena eduki behar bakarrik...

Teknika, fisikoa, indarra... Nik ez daukat daturik bateleren edo errenteriarren indarra jakiteko, baina, aipatu dezakedana zera da, teknikoki ikusitakoa ikusita, lan ikaragarria dagoela atzean. Eta, lan horrek guztiak bide bakarra izango du: goranzkoa.

Ezaugarri guztiak behar dira, beraz, irabazteko. Ondoriozta dezaket Urdaibaiko tostak hori guztia duela.

Irabazteko dena egin behar da ondo. Eta nik, Udaibaien, tostakide guztiak nituen fisikoki oso onak eta teknikoki ere izugarriak. Indibidualki arraunlari bikainak dira eta ni urte hasieratik ahalegintzen naiz bakoitzari erremintak eta laguntza ematen, ahalik eta arraunlari onena izateko, dena baino hobea. Indibidualki maila onenean daudenean ahalik eta talderik indartsuena egiten saiatzen naiz. Baina, argi dago, lehen egunetik gaitasun itzelak dituzten arraunlariak direla.   

KARKARAk zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Orain arte bezala, kalitatezko eduki libreak eskaini nahi dizkizugu. Euskaraz informatzea da gure eginkizuna, eta zure eskubidea. Izan zaitez KARKARAko laguntzaile, urtean 40 euro besterik ez dira!


Izan zaitez KARKARAko laguntzaile!