Ni ez naiz inor zuen etxean sartzeko, baina...

Olatz Artola 2016ko urr. 3a, 15:00

Arrauna askorentzat erlijioa den herri honetan , kristauentzat Nazareteko Jesusen jaiotza ospatzeko meza santua baino sakratuagoa da Kontxa.

Ezin esan tribu horiak barru- barruan daraman bihotz horia daukadanik, eta ezin senti oriotarrek odolean daramazuen arraun sen hori. Baina, ezin dut uka arraunzaletu ez naizenik.

Zalea naiz, bai. Oilo ipurdia jarri zitzaidan neskek kasik bateleren trainerua zapaldu zutenean, ileak puntan hunkituta elkar besarkatzen dutenean, begiak malkotan mutilak lur jota ikustean. Bai, zalea naiz; zalea-edo, sentibera.

Eta, nire sentiberatasunean, sarritan, amorratuta sentitze naiz platanito horia ez dena janzten duten horiek senti dezaketen onarpen faltagatik, emakume izateagatik itzalean egotera kondenatuta dauden horiengatik.

Askotan, gehietan, antzekotasun nabarmenak ikusten ditut Hondarribiko alardearen eta Orioko arraunaren artean. Biak horren herrikoiak, biak horren historikoak, biak horren tradizionalak. Baina biak herrenak.

Betiko lehen trainerua belar onean hazten itsutu eta gainontzekoak larre motzean –okerrago dagoenik badela kontziente izanik; ia gehienak, gainera– zaildu beharrean, hobe errespetuan eta berdintasunean oinarritutako zimendu sendoa osatzen tematzea, arraunzaletasunak Orion herren egin ez dezan.

KARKARAk zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Orain arte bezala, kalitatezko eduki libreak eskaini nahi dizkizugu. Euskaraz informatzea da gure eginkizuna, eta zure eskubidea. Izan zaitez KARKARAko laguntzaile, urtean 40 euro besterik ez dira!


Izan zaitez KARKARAko laguntzaile!