31 eskutik

Karkara 2016ko urr. 3a, 15:19

Donostiar batzuentzat zaila izango da beren hiriaren historia gurea bezalako herri koskorretan sortutako arraunlariek eta arraunzaleek egin dutela onartzea.

Orain 80 urte, gure amona Krispina osabaren esperoan zela, tropa frankistak sartu ziren Orion. Izuak airean, Aginagara ihes egitea erabaki zuten irail hartan. 80 urte ez da distantzia handia maite dituzunak baditu protagonista. Nire historia pertsonalaren zati bat osatzen du eszena hark.

Handik 3 urtera bukatu zen gerra zibila eta Donostian garaipenaren estropada izenekoa jokatu zuten hainbat traineruk, eta oriotarrak izan ziren trapua etxera ekarri zutenak. Tela puska gogoangarria, historikoa: piper pote dotorea eta Francoren izena hirutan ageri dela.

Ditxosozko 39ko banderak zer esana eman du, kaskarin talde batek bandera hark baliorik ez duela erabaki duen honetan. Hogeita hamaika genituen eskutik, jokoa irabazten gindoazen eta zapuztu egin nahi izan gaituzte. Zati horian dagoen Franco – Franco – Franco hura Donostia bezalako hiri elegante batentzat aproposegia ez da izango, nonbait, eta Kontxako curriculumetik kitaborroiarekin borratzea okurritu zaie. Fundamentu gabeko arrazoiak erabili dituzte horretarako, neurriak, datak… zenbaki hutsak estropaden arima bazterturik.

Aldrebeskeria honen atzean badago mamia. Donostiar batzuentzat zaila izango da beren hiriaren historia gurea bezalako herri koskorretan sortutako arraunlariek eta arraunzaleek egin dutela onartzea. Ametitu beharra baitute kapitaleko handiusteek: marko konpara ezina bai baita Donostia, baina irailean gatza eta piperra gure kontu izaten da, probintziano gajoenean. Beraiena da plaza, baina gurea bertan bizitzen den saltsa.

Jakin beharko lukete gure herria bezalakoetan arrauna jenerazio eta genero guztiak elkartzen dituen hori dela. Gurea. Maite ditugunek egina. Konturatu beharko lukete Donostiako estropadetako onena arraunzalea dela, eta maitatu eta errespetatu egin beharko luketela istorio guzti hau buka ez dadin.

Neurri ezberdinetan neurtuko da oraingoa, baina neurrigabea da egin dutena. Orduan arraun egin zutenengatik baita Kontxako estropada orain dena. Atzera begira egiten baita aurrera.

KARKARAk zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Orain arte bezala, kalitatezko eduki libreak eskaini nahi dizkizugu. Euskaraz informatzea da gure eginkizuna, eta zure eskubidea. Izan zaitez KARKARAko laguntzaile, urtean 40 euro besterik ez dira!


Izan zaitez KARKARAko laguntzaile!