Arrauna: 2016-2017

Irakoitz Etxeberria: "Ez dut uste horrelako bukaera merezi dudanik"

Karkara 2016ko urr. 14a, 16:00
Argazkia: montifotosfacebook

23 urtez Orioko traineruaren gidari izan eta gero, San Nikolaseko tostatik kanpo gelditu da Irakoitz Etxeberria. 

Agur esateko momentua iritsi da...

Nik ez nuen ezer esan nahi. Facebookarekin ez naiz oso abila, baina, tira, modu horretan esatea erabaki nuen. Nire ohiko jokabidean egin nuen, lasai-lasai. Baina behin argitaratuta, egunkariak deika hasi zitzaizkidan. Eta, orduan, zer gertatu zen esateko beharra ikusi nuen.

Hau da gertatutakoa: presidentearekin hitz egin nuen eta berak esan zidan Jon Salsamendik ez zuela bigarren entrenatzailerik behar, beraz, ez nintzela bigarren entrenatzailea izango. Gero esan zidan nahiago zuela alor teknikoaz Salsamendirekin hitz egingo banu, baina aurreratu zidan 60 kiloko patroia bilatzen ari zela. 

Baina gai horren inguruan Salsamendirekin hitz egiteko esan zidan. Orduan hori egin nuen. Telefonoz hitz egin genuen eta horixe esan zidan: ez zuela bigarren entrenatzailea behar eta 60 kiloko patroia bilatzen ari zela. Nik ezaugarri hori betetzen ez nuenez, ezingo nuela ez patroia, ez bigarren entrenatzailea izan. Ez zeukala ezer Irakoitz Etxeberriaren aurka, kontrakoa, bazekiela patroi eta pertsona ona nintzela; baina, harira joanda, berak ez zuela 60 kilo baino gehiagoko patroirik nahi.

Entrenatzaile aldaketa iragarri zuten lehendabizi. Orain zure agurra izan da albiste. Bata eta bestea elkar lotuta egon daitezkeela uste al duzu?

Bai, dudarik gabe. Nik zuzendaritzarekin hitz eginda neukan arraunean jarraituko nuela beste bi edo hiru urtez, beren lau urteko etapa bukatu arte. Etxean arazorik edukiko ez banu beren legealdian patroi izaten jarraituko nuela adostu genuen.

Denboraldia txukuna atera ez denez, entrenatzaile aldaketa egon da. Entrenatzaile horren eskarietako bat 60 kiloko patroia izatea da. Eta horixe da dena. Asko ari naiz hitz egiten, baina funtsa hori da, azalpena erraza da oso.

Bera Oriora etortzean aurrez aurre hitz egitekotan gelditu ginen. Telefonoz horrelako kontuez hitz egitea ez zaiola gustatzen esan zidan, eta hori eskertzekoa da. Baina ez daukagu askorik hitz egiteko. Berak ezaugarri horiek behar baditu eta nik baldintza horiek betetzen ez baditut, onartzen dut patroi ez izatea. Ez dago besterik.

Urte mordoa daramazu Orioko gidaritza ematen, 23 hain zuzen. Agur esatea ez zen erraza izango, eta are gehiago horrelako egoera batean esan behar izatea...

Ezin dut ukatu, pena handia ematen dit. Nik ez nuen nire ibilbidea horrela bukatu nahi. Nik Kontxa edo bandera preziaturen bat irabazita amaitu nahi nuen. Baina, tira, horrela tokatu da. Minduta? Pixka bat bai, zuzendaritzarekin. Oriori eman dizkiodan urte guztiekin, egin dudan lan guztia eta gero, ez dut uste horrelako bukaera merezi dudanik. 64 kilotan jartzen naiz, beraz, 3-4 kilo badira errudunak... ez dakit, egindako lan guztia eta gero, ez dut uste hori merezi dudanik. Eta, badakit, berak ere badakitela hori. Zentzu horretan minduta nago. 

Ibon Hueguni Berrian egindako elkarrizketan esan du entrenatzaile berriaren eskari guztiak ez dituztela onartu. Zu kanpo gelditzea bai ordea...

Ez dut horrenbeste sakondu nahi. Ez dakit berak zer eskatu duen eta zer ez. Dakidana da ni kalean nagoela 60 kiloko patroia eskatu duelako. Mintzen didana aukera falta da. Hau da, niri Jonek ez didala aukerarik eman 60 kilotan jartzeko.  Berak ez dit esan ea kapaz izango nintzatekeen 60 kilotan jartzeko. Ulertzen? Ez dit aukerarik eman borrokatzeko eta 60 kilotan jartzeko. Hori baldin bada arrazoia, noski...

Beste arrazoiren bat dagoela uste duzu?

Berak besteren batekin hitz eginda daukala uste dut. Berak esan zidan ez duela patroirik lotuta eta sinesten diot. Ez dut bere hitza dudan jarriko. Ez du lotuta edukiko, baina hitz eginda izango duela pentsatzen dut. Bestela, ez dut uste talde berri batera joan, non errotuta dagoen patroi bat dagoen, eta ordezkorik eduki gabe hori kalera botako zukeenik. Hori ez da inoren buruan sartzen. Beste patroi bat eduki gabe daukazunari aukerarik eman gabe botatzea arriskatuko zara? 

Baina tira, ez zaizkio buelta gehiago eman behar. Kaleratzeak azalpen hori dauka eta kito. Ez dago besterik. Azalpena eman dut eta kito, ez dut istilurik nahi. 

Lehen aipatu bezala, Facebooken ere eman zenituen azalpenak; azalpenak baino gehiago, eskerrak.

Bihotz bihotzez atera zitzaidan idatzitakoa. Ni naizen patroia bezala idatzi nuen, bihotzez. Estropadetan ere esaten ditudanak bihotzez esaten ditut. Askotan gaztelaniaz egiteagatik salatzen naute, eta, badakizu zer? 2007-2008an gai horregatik eman zidaten egurra eta gero, inork ez dit galdetu zergatik egiten dudan gaztelaniaz.

Eta zergatik jotzen duzu gaztelerara, bada?

40 urte betetzera noa eta urte hauetan guztietan egindako ikasketa oro gaztelaniaz egin ditut. Niri asko kostatzen zait zurekin hitz egiten ari naizen moduan hitz egitea. Hitz teknikoak arrotzak zaizkit. Nik dakidana kaleko euskara da, etxekoa.

Gaztelaniaz ikasi dudanez, hala nahi ez badut ere, gaztelaniaz pentsatzen dut. 200 taupada minutuko ditudanean, gauzak azkar esan behar ditudanean, gaztelaniaz hitz egiten dut. Estropadetan euskaraz egin zak, euskaraz egin zak pentsatzen joaten naiz, baina momentua iristean gaztelaniara jotzen dut...

Bueltatu gaitezen Facebookeko mezura. Jasotako erantzun guztiek gozotasun pixka bat jarriko zien egoera gazi honi, ezta?

Dudarik gabe. Izugarria izan da jendeak izandako erantzuna. Ezagutzen ez nuen jendeak nire mugikorra lortu du eta mezuak bidali dizkidate. Patroi ezberdina izan naizela esan didate, izaera handikoa. Eredu jakin bat jarraitzen zuen horietakoa nintzela... Oso gustura nago jasotako hitzengatik. Oso eskertua nago.  

Eta orain zer?

Salsamendik esan zidan nirekin hitz egin nahi zuela esateko ea nik zertan lagundu diezaiokedan esateko. Esan nion bera zela entrenatzailea, beraz, berak jakin beharko lukeela zertan lagundu diezaiokedan. Baina, egia esan, nire burua ez dut Orioko klubean laguntzaile lanetan ikusten.

Gogoa neukan oraindik patroi lanetan aritzeko. Asko eman dezakeedala uste dut. Arraunean jarraitzeko grina neukan oraindik eta hori kolpetik moztu didate. Horregatik penatuta nago. Iboni esan nion izugarrizko pena ematen zidala. Ez nuen espero; are gutxiago arrazoi horregatik. Horrela bukatu da eta kito. Nik oriotarra izaten jarraituko dut, hasta la muerte, esaten den bezala. Nire partetik Aupa Orio bizitza guztian.

Gogoa izanda, Orion posible ez den arren, ba al daukazu arraunean jarraitzeko asmorik?

Oraindik asimilatzen ari naiz. Orion jarraituko nuela uste nuen, topera entrenatzen eta lehiatzen. Ez nuen horrelakorik espero. Ez ditut ateak ixten. Orain familiarekin lasai-lasai nago, oporrak disfrutatuko ditut eta etortzen dena ongietorria izango da. Baten batek deitzen badit eta proposamena famili guztiari gustatzen bazaigu, onartuko dut. 

Bestela...

Bestela berehala beteko dut arraunak sortzen didan hutsunea. Kirola asko gustatzen zait. Aurretik ere bizikletarekin ordezkatu izan dut. Oraingoan ere, akaso, hori egingo dut. 

Momentuaren eta aukeraren arabera erabakiko duzu, ezta?

Hori da... Ikusiko da.

Bitartean, arazorik handienak horrelakoak izan daitezela...

Bai, bai. Batek esan zidan lehengoan: arrauna gehiegi bizi duzue. Gehiegi bizi duzue, kirol bat besterik ez da. Arrauna sekta bat dela pentsatzen dute askok. Bai, kirol bat besterik ez da. Baina egunero egiten dugun kirola da. Egunero-egunero, 7etatik 10etara. Larunbatero eta igandero ere bai. Familia albo batera uzten dugu kirol hau egiteagatik. Beraz, ez da kirol bat soilik. Ia profesionalak gara. Egunero horretan gaude.  Lotura ikaragarria eskatzen du. Urtean ia 10 kilo galtzen ditut. Horrek esan nahi du ezin dudala familiarekin afaltzera joan, zaindu egin behar dudala... Asko ematen dugu arrauna egiteagatik, beraz, normala da asko bizitzea. Baina tira, orain lasaitasuna.

Arraunak kendu dizun horretaz gozatzera.

Hori da!

KARKARAk zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Orain arte bezala, kalitatezko eduki libreak eskaini nahi dizkizugu. Euskaraz informatzea da gure eginkizuna, eta zure eskubidea. Izan zaitez KARKARAko laguntzaile, urtean 40 euro besterik ez dira!


Izan zaitez KARKARAko laguntzaile!