Ione Lertxundi: “Bizi izan garen toki guztietan etxean bezala sentitu gara”

Karkara 2016ko urr. 31a, 07:55

Etxetik kanpora kasik etxean baino urte gehiago daramatza Ione Lertxundi Azkuek –Orio, 1978–. Herrimina sentitzen du noiz edo noiz, baina maleta etxekoen eta gertukoen berotasunarekin betetzeko egiten du tarteka geldialdia Orion. Hurrengo geltokia zein izango den pentsatzen dabil; eta Orio oraingoz hori izango da, tartekako geltokia.

Hara eta hona ibili da azken hamar urteotan Ione Lertxundi. Lanagatik Madrilera joan zen. Espainiako hiriburuan zuen egoitza nagusia, baina esku artean zuen proiektuaren arabera batera edo bestera joatea egokitzen zitzaion: Budapestera, Lisboara, Herbeheretara… Azken horretan, orain arte bidaia-laguna eta bidelaguna izango zuen bikotekidea ezagutu zuten. Elkarrekin Australiara joan ziren, baina hura ez da beren azkenengo geltokia izan.

Oriotik Madrilera, Madrildik Herbeheretara eta Herbeheretatik Australiara.

Gerora nire senarra izango zenarekin topatu nintzen Herbeheretan. Bera amerikarra da, Dallasekoa. Elkarrekin jarraitu nahi genuen eta horretarako aukera bat elkarrekin norabait joatea zen. Australiara joatea erabaki genuen. Ordura arte egiten genuen lan berbera egiten genuen, baina Herbeheretan egin beharrean, Melbourneko bulegoan egiten genuen. 18 hilabete eman genituen han. Asko bidaiatu genuen Asiatik, baita Zeelanda Berritik ere. Asko gustatzen zaigu bidaiatzea.

Toki berriak ezagutzeko senari ezin eutsi, eta Australia ere utzi zenuten, ezta?

Ez genuen Australia utzi nahi, baina bikotekideak master bat ikasi behar zuen Singapurren, horregatik joan ginen. 10 hilabete egon ginen han. Hego Koreako lan aukera bat sortu zitzaion bikotekideari, eta esan genuen: zergatik ez?

Beraz, Singapurretik Hego Koreara…

Seulen egon gara azken bi urte eta erdian, hiriburuan. 2013ko abenduan joan ginen hara eta orain arte.

Azken hamar urteak bidaiatzen pasa dituzue orduan.

Bai.

Askotan banaketa hau egiten dugu tokiak ezagutu ahala: bidaiatzeko toki egokia da baina ez bizitzeko edo bizitzeko toki egokia da. Zuk sailkapen hori egin al dezakezu ezagutu dituzun tokiekin?

Bizi izan garen toki guztietan etxean bezala sentitzea lortu dugu. Hala ere, zailena, Korea izan da guretzat; nola hizkuntzagatik, hala kulturagatik. Kosta egin zitzaigun hasieran hango bizimodura egitea. Ez da erraza han bizitzea. Seul erraldoia da, 25 milioi biztanle dauzka.

Bizitzeko Melbourne aukeratuko nuke, dudarik gabe. Bisitatzeko Zeelanda Berria, ez du parekorik! Eta Asian, Sri Lanka sorpresa bat izan zen. Zoragarria da. Jendea oso alaia da, beti irribarrez daude. Askotan pentsatu dugu hara joatea bizitzera.

Jaioterriarekiko lotura handia ehundu ohi da. Askotan beldurra ematen du kanpora joateak, etxean ez sentitzeak. Zuek beldurrik ez, ezta?

Etxe kontzeptua lausotu egiten da. Hona etortzean geroz eta gutxiago sentitzen dut hau nire etxea dela. Galdu egiten duzu sustraiekiko lotura hori. Edozein lekutara molda naitekeenaren sentsazioa daukat, edozein toki etxe egin dezakedala.

Toki guztietan etxean bezala egonda, herriminik sentitu al duzue?

Bai, noski. Baina hona etortzean, segituan izaten dut kanpora joateko gogoa. Kanpoan zaudenean etxea idealizatu egiten duzula uste dut. Oroitzapenak positiboak izaten dira. Familia hemen dago eta horiek faltan sumatzen ditut, baina ez dut uste hona etorriko naizenik bizitzera. Gero eta gehiago bidaiatu, mundua gero eta handiagoa dela ohartzen zara. Bidaiatzen jarraitu nahi dut.

Hizkuntzak lagundu egingo du lurralde berri batera egokitzen, ezta?

Bai. Toki guztietan ingelesez komunikatu gara. Orain koreera ikasi dugu, baina ingelesez erraz moldatu gara, baita lanean ere. Alemanian ere bizi izan ginen Koreara joan aurretik eta han alemana ikasi genuen.

Toki guztiz ezberdinetatik ibili zarete, gainera.

Bai, baina ama izan naiz eta, ordutik, perspektiba aldatu egin zait. Hurrengo urratsa zein izango den pentsatzen gaude orain eta erabaki horretan baldintzatu egiten du haurra izateak. Ez dugu Asian jarraitu nahi.

Umeak izan dezakeen heziketagatik?

Hori da. Seuleko gauza txarretako bat kutsadura da. Egunero, etxetik atera baino lehen, dagoen poluzioa begiratu behar da. Haizearen araberakoa da, kutsadura Txinatik baitator. Jendeak arnasketa arazoak dauzka, bereziki haurrek. Asmatikoak dira asko eta bronkitisa zabalduta dago txikienengan. Horrek zer pentsatua ematen du, atzeraka botatzen gaitu.

Bidaiatzean haur baten heziketan guztiz ezberdinak diren hainbat toki ezagutuko zenituzten. Hori baliagarria izango da erabakia hartzerako garaian, ezta?

Europa iparraldeko herrialdeek asko erakartzen gaituzte, Eskandinaviak adibidez, baita Alemaniak ere. Baina, tira, ikusiko da.

Momentuaren arabera bizitoki bat aukeratzen duzue…

Hori da. Eta orain haur bat daukagunez, horren baitan erabakiko dugu, ziurrenik.

Eta lana? Batera eta bestera ibiltzean askok helburutzat duten lan-egonkortasuna hori lortzea ia ezinezkoa da…

Horrek ez dit beldurrik sorrarazten. Azkenean, edozer gauza egin dezakezula ikasten duzu. Beti dago aukeraren bat. Horretan sinisten baduzu, lortuko duzu.

Lehen aipatu duzu Korean kosta zaizuela gehien egokitzea…

Kontuan izan behar da nondik datozen, zer bizi duten. 50 urte egon dira japoniar inperioaren menpe; gerra bat ere bizi izan dute… asko sufritu dute. Munduko herrialde pobreenetakoa izatera iritsi zen. Miseria gorrian bizi ziren. Zulo horretatik atera dira, eta ez baliabideak dituztelako, baizik eta lan mordoa egin dutelako. Beren bizimodua, beraz, lana, lana eta lana da. Nik ez dut horrelakorik sekula ikusi.

Komunitateak ere garrantzia handia dauka. Krisitik ateratzeko baliozkoa zuten hori eman zuten. Askok ezkontzako eraztuna eman zien gobernuari herria aurrera ateratzeko, esaterako. Pentsa! Oraindik ere eutsi egiten diote leialtasun horri.

Australiako kultura anglosaxoiagoa da. Korea oso inpaktantea da. Bereziki lan munduan...

Lan egoera eta baldintzak Txinan bezalakoak al dira han?

Ez, askoz ere hobeak. Korean baldintzak onak dira. Baina, kontua da, barne-barnean sentitzen dutela lan asko egin behar dutela, kulturala da. Norberak bere burua lehendabizi enpresari eskaintzen dio, eta, gero, familiari. Lehentasuna lana da. Ez dute ulertzen guk oporrak hartzea, adibidez. Beren denbora librea ere enpresari eskaintzen diote. 

Lan baldintza onak, baina lan ordu asko… Eta zuek? Beren baldintza berberak al dauzkazue?

Gu desberdin tratatzen gaituzte, zuriak garelako.

Lana lortzeko ikasketei ere garrantzia handia emango dietela imajinatzen dut…

Bai. Haurrek bost ordu egiten dituzte lo. Bost ordu lo eginez gero, agian, bizitza ona izango duzu. Lau ordu eginez gero, ziurrenik arrakasta izango duzu… Horrelako esaldiak dauzkate.

Ikasteko zailtasunak dauzkanak arazo sozialak izango ditu, orduan.

Bai. Suizidio tasa munduko altuena da, baita alkoholismo tasa ere. Alemana ikasten egon naiz han, gazteekin. Gazte horien helburua kanpora joatea da. Horrenbesteko presioa sentitzen dute, alde egin nahi dutela.

Eta teknologia? Asia teknologia berriekin ere lotzen dugu.

Teknologian punta-puntako lurraldea da Korea. Japoniaren parekoak dira mundu mailan. Garrantzia handia ematen diete beren teknologia garatzeari. Munduko seigarren indarra izatera pasa dira eta guztia teknologiari esker.

Koreera ikasi duzuela ere aipatu duzu. Zaila egin al zaizue?

Oso zaila. Ordu asko eman genituen horretan, eta, hala ere, ez gara koreeraz lan egiteko gai. Eguneroko elkarrizketetarako bai, baina lanerako ez. Sinbologia bat daukate eta ikasteko erraza da, pare bat egunetan irakurtzen ikasteko adina. Enperadore bat izan zuten, zeinak analfabeto asko zirela ikusi zuenean, hizkuntza erraztea pentsatu zuen. Irakurtzeko erraza da, gramatika-eta askoz ere zailagoak dira.

Komunikatzeko moduko maila daukazue, ez da gutxi.

Gainera, gure lagunak kanpotarrak dira, ez baita erraza bertakoekin erlazionatzea. Orduan, ez dugu hizkuntza horrenbeste menperatzeko beharrik izan.

Bertakoekin harremana izatea zaila Korean egin zaizue ala toki guztietan?

Korean kanpotarrik ia ez dago. Kanpotarren %4a militarrak dira, Estatu Batuetako base bat baitago. Ingeles irakasle mordoa ere badago, eta, gainontzekoak, ingeniariak gara. Zuri oso gutxi daude.

Eta Australian, adibidez?

Han oso irekiak dira eta lagun asko egin genituen, baina oso-oso gertuko harremana euskaldunekin egin genuen. Azkenean zure egoera berberean daude eta, ez dakit horregatik den edo, horiekin erlazionatzen gara. Egin ditugu bertako lagunak, baina ez horrenbeste.

Bertakoak errutinaren gurpilean sartuta gauden bitartean, kanpotar bat iristen da eta beretzat dena da berria. Ez du erraza izan behar hemen lagunak ere egitea.

Bi urte, gainera, epe laburra da benetako lagunak egiteko. Ez du denborarik ematen.

Txina eta Japon aipatu ditugu. Korea bi herrialde horien eraginpean bizi al da?

Hego Korea japoniarren diktadurapean egon zen. Koreako kultura suntsitzen saiatu ziren. Oso gaizki tratatu zituzten, ondorioz, japoniarrei gorroto handia diete. Baina, egia da, ekonomikoki, dependentzia handia dutela Japoniarekiko. Teknologia asko han saltzen dute.

Ipar Korearekin duten harremana dela eta, Txinarekin ez dute oso harreman ona. Txinatik material asko inportatzen dute, beraz, lotura badago. Eta Txinatik turista asko joaten dira Koreara, bereziki kirurgia plastikoa egitera. Korean obsesionatuta daude edertasunarekin. Biztanleriaren %60k operazioren bat egin du. Ederra izatea betebehar bat balitz bezala ikusten dute, beren lana dela uste dute. Ez bazara ederra hori lortzeko nahikoa lan egin ez duzulako da. Hori pentsatzen dute.

Edertasun kanonak hemengoak bezalakoak al dira?

Oso desberdinak dira. Azala oso zuria eta aurpegia txikia izatea. Begi handiak. Sudur handia. Emakumeak eta gizonak, guztiak operatzen dira.

Biak berdin?

Ez, emakumeak gehiago. Oraindik oso matxista da. Teknologikoki eta ekonomikoki asko garatu dira, baina sozialki ez da garatu.

Nola bizi dute Ipar Korearekin duten gatazka?

Pena handiarekin. Familia asko bananduta daude, batzuk iparraldean eta besteak hegoaldean bizi direlako. Berentzat Korea bakarra da eta bat izatea nahi dute. Egunen batean elkartuko direnaren itxaropena daukate.

Iritsi ginenean protokolo bat zeukatela azaldu ziguten. Edozer gertatuz gero, metro sarrera guztiak bunkerrak direla esan ziguten, beraz, hara sartzeko. Tentsio momentuak badaude, estatu batuarrek proba militarrak egiten dituzten egunak esaterako. Iparraldekoek probokazio gisa ulertzen dituzte eta itsasora misilen bat edo botatzen dute. Guztia probokatzeko da, sekula ez da ezer gertatzen. Eta ez dut uste gertatuko denik.

Hego Korea erasoko balute amerikarrak atzetik joango liratekeela badakite, eta hori ez dute nahi, ezta Txinak ere, interes handia baitaukate Ipar Korean.

KARKARAk zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Orain arte bezala, kalitatezko eduki libreak eskaini nahi dizkizugu. Euskaraz informatzea da gure eginkizuna, eta zure eskubidea. Izan zaitez KARKARAko laguntzaile, urtean 40 euro besterik ez dira!


Izan zaitez KARKARAko laguntzaile!