It's a Malen!

Xabier Etxeberria 2016ko urr. 31a, 08:15

Haurrak ez du galdera ulertzen. Oraindik ez baitaki mutilek berez nahiago dutela mutilekin jolastu eta neskek neskekin.

Garaitsu honetan izan zen, iaz. Ikasturtea hasi da, haurrak ikastolan, gurasoak parkean. Ezer ez da aldatu. Errutina nagusi.

Berritasun bat ere bada, ordea. Ameriketatik gurera euskara ikastera etorri den familia bat. Euskaldun izan nahi dutenek euskaldun izaten saiatzen ez garenoi emandako beste lezio-zaplazteko eder bat.

Haurrak inguru berrian nola moldatzen ari diren galdezka telefonoz aiton-amonak. Han ere hemengo kontu berberak galdetuko dituzte. Ondo jaten al duzue? Txintxoak al zarete? Laguntxo berriak egin al dituzue? Txikienak baietz, ikastolan sarri jolasten dela Malenekin. Amonak Malen izena lehenengoz entzun duenez, jakin nahia du: Malen is a boy or a girl? Malen hori mutila al den edo neska, alegia. Eta bilobak, harrituta:

   - It's a Malen!

Erantzuna, bistan da, wonderfullgarria. Malen bat da, eta kitto! Haurrak ez du galdera ulertzen. Oraindik ez baitaki mutilek berez nahiago dutela mutilekin jolastu eta neskek neskekin. Oraindik ez daki mutilek berez futbolean aritzea dutela gustuko eta neskek panpinekin dendetara. Oraindik ez diogu irakatsi neskek berez kolore arrosa atsegin dutela eta mutilek urdina, eta abar eta abar eta abar.

Pentsamendu horiek buruan ditudala etxerakoan, gauza garrantzitsu bat ahaztu zait. Alabei ez, ordea.

   - Aita, ostirala da.

Ostirala = Txutxeak. Helduok pintxo-potea eta gure litxarkeriak nola, haurrek ere berenak merezi/behar dituztela aspaldi ulertua dut eta ostiral arratsaldetako zerga ordaintzera sartu gara gertueneko litxarkeri dendara. Ei, neskak, gogoratu: bost gauza. Bost bakarrik! Txikienak, txokolatezalea izanik, kinder arrautza horietako bat nahi omen du. Non daude? dendariari galdetu eta harek:

   - Kinder neskena edo mutilena?

   - Barkatu!?

Dendariaren azalpena, ogasun teknikari batena bezain zehatz eta tristea:

   - Mutilenek spidermanen jostailua dakarte barruan. Neskenek hello kittyrena.

Txistua irentsi dut. Begirada sabaira. Zeruko aita barka itzazu pekatarien pausoak. Hello kittyrena erosten bukatu beharko dudala jakinda, eztarrian gora datorkidan orrua geratzen saiatu naiz.

   - No me jodas! It's a kinder!

KARKARAk zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Orain arte bezala, kalitatezko eduki libreak eskaini nahi dizkizugu. Euskaraz informatzea da gure eginkizuna, eta zure eskubidea. Izan zaitez KARKARAko laguntzaile, urtean 40 euro besterik ez dira!


Izan zaitez KARKARAko laguntzaile!