Alex Telloren zuzendaritzapean aktore-kuadrilla bikaina ikusteko aukera izan genuen urriaren 6an kultur etxeko areto bete-betean. Antzezlana iaz Usurbilen egindako Kilometroak jairako prestatu zuen Alex Tellok eta Orioko Udalak ekarri du gurera aurten, Berdin-Berdinak kirol inklusiboko elkarteak proposatuta.
Gizarte-inklusioaren aldeko mezua zabaltzea da antzezlanaren helburua: gizarte honetan denok gara desberdin eta denok ditugu, gure gaitasun propioak bezalaxe, gure ezinak eta mugak ere. Hori onartu eta desberdintasuna poztasunez bizitzeko aldarria egiten du Jendartean bidaide antzezlanak, begiratu positiboa eskainiz askori urrutikoa zaion errealitateari.
Aktoreen lana bikaina iruditu zitzaidan; elkarrizketak, musika eta dantza uztartzen dituen gidoia, berriz, ondo josia eta alaia. Primerako ikuskizuna izan zen, gozatzekoa.
Taldea beste antzezlan baten ideia lantzen ari omen da orain. Ea hori ere Orion ikusteko aukera dugun!