Inklusioaren aldeko mezu ederra

Jabier Zabaleta 2016ko urr. 31a, 08:21

Alex Tellok zuzendutako Jendartean bidaide antzezlana egin zuten Orioko kultur etxean. Jabier Zabaletak kritika egin zuen.

Alex Telloren zuzendaritzapean aktore-kuadrilla bikaina ikusteko aukera izan genuen urriaren 6an kultur etxeko areto bete-betean. Antzezlana iaz Usurbilen egindako Kilometroak jairako prestatu zuen Alex Tellok eta Orioko Udalak ekarri du gurera aurten, Berdin-Berdinak kirol inklusiboko elkarteak proposatuta.

Gizarte-inklusioaren aldeko mezua zabaltzea da antzezlanaren helburua: gizarte honetan denok gara desberdin eta denok ditugu, gure gaitasun propioak bezalaxe, gure ezinak eta mugak ere. Hori onartu eta desberdintasuna poztasunez bizitzeko aldarria egiten du Jendartean bidaide antzezlanak, begiratu positiboa eskainiz askori urrutikoa zaion errealitateari.

Aktoreen lana bikaina iruditu zitzaidan; elkarrizketak, musika eta dantza uztartzen dituen gidoia, berriz, ondo josia eta alaia. Primerako ikuskizuna izan zen, gozatzekoa. 

Taldea beste antzezlan baten ideia lantzen ari omen da orain. Ea hori ere Orion ikusteko aukera dugun!

KARKARAk zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Orain arte bezala, kalitatezko eduki libreak eskaini nahi dizkizugu. Euskaraz informatzea da gure eginkizuna, eta zure eskubidea. Izan zaitez KARKARAko laguntzaile, urtean 40 euro besterik ez dira!


Izan zaitez KARKARAko laguntzaile!