Herriaren taupadak

Karkara 2016ko urr. 31a, 08:29

Herri batek bizia izateko behar du bizitza; eta bizi ahal izateko, beharrezkoak dira bihotz-taupadak. Herri bizi baten taupada izan daiteke merkataritza, patrika hustu baina bihotza edo dastamena gozatzen diguten dendariek nahiz ostalariek osatzen dutena.

Herri baten historia konta dezake komertzio batek. Gure aiton-amonen garaitan nolakoa izango zen irudikatzen dugu beren kontakizunekin. Gogoan izaten dugu urteak eskuko hatzekin kontatzen genituenean zer itxura zuten. Baita ordutik izan duen aldaketa ere. Akordatzen gara txoko horietan bizitako pasadizoez, eta, gutxi-gutxitan bada ere, gure sentitzen ditugu. Eta, gure sentitzen ez baditugu ere, herriaren parte direla uste dugu. Herritartasun hori aldarrikatzen du, besteak beste, hiru urtetik hona egiten duten festak. Aurtengo azaroan izango da 3. Moda Astea.

Kronologian atzera

Grabagailua piztuta esan nahi zuten hori esateko hitzik ez zutela izango uste zuten Maite Garcia Lertxundik –Ramiro argazkiak–, Joxe Ramon Iparragirre Aristiguietak–Iparragirre auto zerbitzuak, Joxenea–, Maria Lourdes Dorronsoro Azkuek –Dorronsoro janari-denda– eta Jone Gozategi Manzisidorrek –Gabon taberna–. Lotsagorrituta zer esan ez zekitela zioten, baina, galdetzerako, erantzuten hasi ziren. Haur ziren garaitara egin zuten bidaia eta orduko kontuak kontatzen hasi ziren. Argazki zahar bat ikusten ariko bagina bezala deskribatzen dute guztia, dendaren txokorik txikiena ere.

Orduko lan moldeak ere ekarri dituzte gogora: Guztia eskutik eskura ematen zen ordua. Guztia zakutan egiten zen, pisuarekin, dio Iparragirrek. Eta zorroak paperezkoak ziren dio Garciak. Eta paperarekin eta boligrafoarekin egin behar izaten genituen kontuak. Berriz hartu du hitza Iparragirrek. “Paper elefante” modukoa zen papera. Komuneko papera elefante zen garai hartan. Ez zegoen besterik, dio Dorronsorok. Eta esnea, kristalezko botiletan ematen zuten!  Gogoratzen zarete? Galdetu die Iparragirrek. Denak baietz egin dute buruarekin.  Eta olioa botila handitan ekartzen zuten, eta neguan, hotzarekin, gogortu egiten zenez, kandela jartzen zuten azpian, biguntzeko... Haurtzaroko oroitzapenen nostalgia nabari zaie hitzetan. Memoria fin-fina dute. Datak ere ondo aski gogoratzen dituzte.

Tradizioari segida ematen

Ikasteko gogo handirik ez zutenez, eta etxean lana zegoenez, familiako negozioan hasi ziren lanean. Duela 60 urte hartu zuen nire amak, baina lehendik ere denda zen, azaltzen du Iparragirrek. Gero, aita jubilatu zenean, nik hartu nuen haren testigua. Orain dela 32 urte inguru izan zen hori. Dorronsoro 14 urterekin hasi zen gurasoenean lanean. Ahizpa, anaia eta hirurok eraman dugu dendaren martxa. Manzisidorren kasuan, bi ahizpak ireki zuten taberna eta, horietako bat, beren ama zen. Amak laguntza behar zuenean laguntzen zien, baina gaixotu zenean, tabernaren ardurak berak hartzea beste erremediorik ez zuten izan. Langile bat daukagu gu baino urte gehiago daramatzana han lanean, Marijo Eizagirre.

Garciak bazuen ikasteko gogoa. Argazkilaritza ikasketak egin zituen, Madrilen. 1961ean ireki zuen denda aitak. Laborategia genuen dendan eta ni hor aritzen nintzen 10-11 urte nituenetik, laguntzen. Gero, ikastera joan nintzen. Urte bete egin nuen Madrilen. 17 urterekin itzuli nintzen eta lanean hasi nintzen aitarekin. Baina, ikasten jarraitu nahi nuenez, irakasle ikasketak egin nituen. 15 urte egin nituen irakasle lanetan. 1991n, aitak jubilatu nahi zuenez eta Orion zegoen argazkilari bakarra zenez, dendarekin jarraitzea erabaki nuen. Lanean eszedentzia eskatu zuen, baina orain arte jardun horretan ari da.

Eskolako gogorik ez zutelako, familiako ogibideari amaiera data ez jartzeko edo herrian lanbide hori ez desagertzeko hartu zuten denda.

Maldan gora gehiago behera baino

Oso esklaboa da. Laurek horrela definitzen dute negozio propio bat edukitzearena. Oso lotua da. Dena den, gauza guztiek bezala, honek ere alde txarrak eta onak dituela diote.

Ez daude inoren menpe eta hori positibotzat ikusten dute. Dena den, beren nagusiak bezeroak direla argitu du Gozategik. Ez digute agintzen, baina bezeroaren nahiaren arabera egiten dugu lan. Eta, bezeroaren kontsumitzeko ohiturak aldatu ahala, berak ere lan egiteko modua aldatu behar izan dutela gaineratu dute; bezeroen beharretara egokitu behar izan dutela diote. Honela azaltzen du Dorronsorok: ekintzaileak %100ean gara. Bizmodua atera behar duzu, beraz, errealitate horretara egokitu behar duzu.

Bezeroak ez ezik, lan tresnak eta lan egiteko modua aldatu direla azaldu dute. Lehen lana fisikoagoa zen, dio Iparragirrek. Orain, buruarekin lan gehiago egin behar da. Asko aldatu da guztia.

Bezeroak eskatu bakarrik ez, eman ere egiten dute. Ezagutu egiten gaituzte eta, askotan, konprenitu egiten gaituzte, dio Gozategik. Harremana egiten dugu bezeroekin. Askotan dendariak baino psikologoak gara berentzat, gurekin askatzen dira, kontatzen du Dorronsorok. Eguneroko hartu-eman horretan loturak sortzen direla onartu dute. Lotura estuak.

Gerora, segidarik ez

Berak jubilatzean dendako pertsiana jaitsi eta sarraila giltzaz itxita geldituko dela diote. Ez dute uste beren seme-alabek negozioarekin jarraituko dutenik, ez dituzte horretara animatzen, behintzat. Bizimodu hobeago bat izatea nahi dugu, dio Gozategik. Guk lanak eskatzen duen loturagatik gauza asko galdu ditugu eta ez dugu nahi berak ere galtzerik.

Jarraipenik ez izateak pena ematen dien arren, argi dute errealitatea hori izango dela. Herritarrei ere, ziurrenik, euria egiten duenean kafea hartzen duten taberna, azken orduan erosketak egiten dituzten denda edo kamera digitalarekin ateratako ehunka argazkietako bateren bat inprimitzen dieten denda itxita ikusteak pena emango die.

Moda astea

Aurten azaroan izango da Arkupek antolatutako moda astea, 4tik 11ra, ostiraletik ostiralera. Arkupen merkatariaz gain ostalariak ere sartu dira, elkar laguntzeko eta ekitaldi aberasgarriak antolatzeko asmotan. Aste honetan lehen urratsak emango dituzte elkarrekin.

Azaroak 4, ostirala:
- Kontzertuak: Endaia plazan, Kalakari eta Gure Txoko tabernen artean, eta Arrantzale kalean, Karela pizzeriaren eta Arkaitzen artean, Low riders eta Woodstock taldeek kontzertuak eskainiko dituzte, hurrenez hurren. 18:30ean hasiko dira kontzertuak.
- Pintxo Arkupe: Arkupe izeneko pintxo bat egongo da, eta hori janez gero, saski baten zozketan parte hartuko da.
- Hatoz, Errusta eta Kalakari tabernetatik DJ Tourra egingo da gaueko 22:00etatik goizeko 4:00etara.

Azaroak 11, ostirala:
- Kontzertuak: Low riders banda eta Woodstock musika akademia Endaia plazan eta Arrantzale kalean. 18:30ean.
- Pintxo Arkupe

Astean zehar, Arkupeko dendaren batean erosketak eginez gero, zozketa batean hartuko duzu parte. 100 euroko bost sari zozketatuko dira.

KARKARAk zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Orain arte bezala, kalitatezko eduki libreak eskaini nahi dizkizugu. Euskaraz informatzea da gure eginkizuna, eta zure eskubidea. Izan zaitez KARKARAko laguntzaile, urtean 40 euro besterik ez dira!


Izan zaitez KARKARAko laguntzaile!