Itsasotik, itsasoari begira

Karkara 2016ko urr. 31a, 08:49

Itsasoa sentitzeko hamaika modu daude. Guk lau ekarri ditugu lerrootara. Andoni Fernandez olatu handitan aritzen da surfean, Unai Zubizarreta bodyboard taularekin, Itziar Olasagasti traineruan eta Irene Ansorregi igerian.

Itsasoa: Ozeanoa, Lurraren azaleraren zatirik handiena estaltzen duen ur gaziko eremua. Itsasoan olatu ­gainean, arraunean, ur azpian edo igerian. Itsasoa bizitoki ez, baina bizimolde dute oriotar askok. Itsasoa bizitzeko hamaika modu daude, eta bost bizimolde ekarri nahi izan ditugu hona.

Olatu handiak harrapatzen aritzen da Andoni Fernandez­­. Itsasoa beretzat pasioa eta kirola da.  Unai Zubizarretarentzat, ordea, uretan ibiltzea hobby-a da. Gauza guztiez ahazteko momentua da. Berezia da. Itsasoarekin bat egiten duzu eta erlaxatu egiten zara. Itziar Olasagastik ere hori nabarmentzen du: erlaxazioa.  Ez gara joaten paisaiari begira, baina eragina dauka. Atseden hartzean ingurura begiratu eta paraje horietan kirola egiten zabiltzala ikustea ederra da.

Arraunari tira eta tira aritzen da Olasagasti, sarritan olatuen kontra tira egin behar izaten du; baina, bestetan, olatua hartu eta lehertu bitartean olatu gainean joaten da.  Oso polita da hori, aitortzen du. 

Irene Ansorregirentzat, itsasoak badu zerbait igerilekuak ez duena, hain zuzen Olasagastik azpimarratutako gauza berbera: olatuak hartzearen esentzia. Bukatzear zaudenean, azken metroak egiten ari zarenean, olatua hartu eta ia itsasertzera eramaten zaituenean sentitzen duzuna oso polita da. Asko gustatzen zait sentsazio hori, dio igerilariak.

Uretan zergatik?

Surf txikia egiten zuen aurretik, baina beretzat ez zen pasioa. Fernandezi sentsazio fuerteak ematen dituzten kirolak gustatzen zaizkio: eskia, snowa, motocrossa... eta, nola ez, olatu handiak hartzea. Futbola eta antzerakoak ez zaizkit sekula gustatu. Batetik, txarra nintzelako; eta, bestetik, lehiakortasun hori ez zaidalako gustatzen. Bata bestearen aurka aritze hori ez du gustuko. Olatu handien ehizan elkarrekin aritzen dira, ordea. Eta, elkarrekin aritze hori ere azpimarratu du Zubizarretak: Lagunekin zaude, giro onean; kirola egiten dugu; eta, gainera, deskonektatu egiten duzu. Olasagastik ere taldean egiten du arraun. Eta, denboraren poderioz, tostakideak lagun ere bilakatu zaizkio.

Igerian bi hilabeterekin hasi zen Ansorregi. Urarekin harremana ia jaiotzetik izan du, beraz. Aitak eramaten ninduen uretara oso txikia nintzela. Ordutik estutu besterik ez da egin Ansorregiren eta uraren arteko harremana. Geroago, igeriketako eskolak jasotzen hasi zen. Itsasoan igeri egin beharrean, igerilekuan egiten zuen. Oriotik Zarautzera joan zen, hango igeriketa klubera. Baina 12 bat urte zituenean, igerilekuan ez ezik, itsasoan ere hasi zen igeri egiten. Orduan hasi ginen lehen zeharkaldiak egiten, azaldu du.

Itsasoa, bidaiatzeko aitzakia

Euskal Herriak Kantauri itsasoko zati handi bat hartzen du. Hondartza asko daude, uretako kirolak praktikatzeko gune ugari; baina, hala ere, Euskal Herriak ere baditu mugak. Kirol honekiko –olatu handien surfa– geroz eta lotura handiagoa duzunean, gehiagotan praktikatu nahi duzu, baina hemen egunak mugatuak dira. Hortaz, kanpora joaten naiz olatu handien bila. Perun, Mexikon eta Indonesian izan da Ostolaza, besteak beste. Azkenekoz Perun izan zen. Peru surfaren habia bilakatu zen. Olatu handien kultura oso zabaldua dago han. Pico Alto ezaguna da, nik aspalditik nuen begiz jota. Ez da Hollywood. Ez dago masifikaziorik. Eta hain justu hori da Ostolazak surfagatik bidaiatzen duenen bilatzen duen gauzetako bat, masifikazioak saihestea. Toki asko Everest bezala dira, eta, horregatik, jende asko ibiltzen da. Baina jendetzarik nahi ez baduzu, bestelako zortzimilakoak aurkitu behar dituzu. Eta hori egin du Ostolazak Peruko Pico Alton. Estalgabetu zutenean famatua egin zen, baina orain aparra jaitsi zaio. Asko gustatu zitzaidan.

Gainontzekoak sekula ez dira horren urrun joan pasioz bizi duten kirol hori praktikatzera. Salbuespenak salbuespen, ia beti Kantauri itsasoko uretan ibili izan dira.

Iaztik zeharkaldiak aitzakia ere badira Ansorregirentzat erbestera ez, baina bai Euskal Herriko kostaldeko herriak bisitatzeko. Liga bat dago. Donostian hiru zeharkaldi daude, Deban bat, Zumaian beste bat… zeharkaldi dezente daude. Nik ez ditut guztiak egiten, oporretara joaten bainaiz eta orduan bateren bat galtzen baitut. Baina, gainontzean, hara eta hona joaten da udan Ansorregi, zeharkaldiz zeharkaldi.

Etxetik kanpora, itsasoa faltan

Oriotik kanpora bidaiatzera joateaz gain, ikasketengatik ere joatea egokitu zitzaion Itziar Olasagastiri. Iruñeara joan zen. Hemen bizi garenean ez gara ohartzen itsasoa hor daukagula. Iruñean sei urte pasa nituen eta faltan sumatzen nuen. Lasaitasun handia ematen dit itsasoak eta horren falta nabaritzen nuen. Iruñean ibaia zegoen, baina ez da berdina. 

Lehorrean bizi direnek ez dute hondartza beren egunerokotasunean; baina, kostaldean bizi direnek, bai. Beren eguneroko bizian presentzia du itsasoak eta hori nabarmen sentitu zuen Olasagastik Iruñean bizi zenean. Mareak berak gure eguneroko bizitzan dakartzan aldaketak dakartza, eta, aldaketa horiek, eragina dute gugan.

Izan kirolari edo ez, itsasoarekin lotua estua dute kostaldeko herritarrek.

Negua ere itsasoan

Hondartza udan betetzen da jendez. Eguzkizalez. Uretan freskatzea gogoko dutenez. Buelta eta buelta emanda beltz jarri nahi dutenez. Baina, neguan ere hondartzara lagun asko joaten dira, bereziki uretako kirola egiten dutenak.

Traineru liga udan izan arren, neguan hasten dira udan punta-puntan egoteko prestatzen. Euskal Herriko Bodyboard zirkuitua bukatu berri den arren, Zubizarretaren ustetan negua garai hobea da olatu artean jolasean aritzeko. Fernandezek ere hori berresten du. Udan olatu txikiak izaten direla azaldu du, beraz, urte sasoi horretan beste kirol modalitate batzuk praktikatzen ditu.

Ansorregik, ordea, ez du neguan hondartzarik zapaltzen. Udaran bakarrik joaten naiz. Zeharkaldiak ere udan izaten dira soilik. Neguan ez dira egiten.

Itsasoaren alde iluna, arriskua

Adrenalina dantza bizi daiteke olatuen dantzan, baina beti hankak lurrean eta burua hotz eduki behar dira, arriskua ahalik eta gehien ekiditeko. Itsasoa ondo ezagutu behar da, dio Fernandezek. Itsasoa zenbat eta gehiago ezagutu, itsasoan gero eta gehiago goza daiteke. Baina uretan ibiltzea ez da itsasoaz gozatzeko modu bakarra. Laukote honek itsasoari begira ere gozatzen du.

KARKARAk zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Orain arte bezala, kalitatezko eduki libreak eskaini nahi dizkizugu. Euskaraz informatzea da gure eginkizuna, eta zure eskubidea. Izan zaitez KARKARAko laguntzaile, urtean 40 euro besterik ez dira!


Izan zaitez KARKARAko laguntzaile!