Nerea Mendizabal: "Sarritan modu mingarrian esaten ditugu gauzak, besteenganako bortizkeriarekin"

Karkara 2016ko aza. 4a, 15:42

Orioko Haurreskolan Errespetuzko Komunikazioa: bizitzarako komunikazioa izeneko ikastaroa emango du Nerea Mendizabalek. Azaroan hasi eta ekaina bitarte izango da, hilero larunbat batean: azaroaren 5ean, abenduaren 17an, urtarrilaren 14an, otsailaren 4an, martxoaren 4an, apirilaren 1ean, maiatzaren 6an eta ekainaren 3an.

Nerea Mendizabal, Psikopedagogian lizentziatua, Gizarte Hezkuntzan diplomatua eta Komunikazioan aditua da. ZUTANI jolasaren sortzaile eta egilea da: Komunikazio Ez Bortitzaren bizipen-prozesuan oinarritzen da eta gatazken ebazpena erraztuz lotura emozionala lantzea du helburu. Errespetuzko komunikazioa landuko du haurreskolan azaroaren 5etik aurrera.

Errespetuzko komunikazioa al da bizitzan erabili beharko genukeen komunikazioa?

Asmoa hori da. Nik uste dut gizaki guztiok eduki nahi dugula errespetuazko komunikazioa, tratu on bat. Hori da denon nahia, baina, askotan, ez zaigu erraza egiten ildo horretatik joatea. Beraz, bizitzako egoera desberdinetan aplikatzeko tresna edo baliabideak emango ditut ikastaroan.

Zer da, zehazki, errespetuzko komunikazioa?

Ni Komunikazio Ez Bortitzaren ereduan oinarritzen naiz. Marshall Rosenbergek garatu zuen eredua eta bortizkeria ulertzeko modu bat planteatzen du. Orokorrean, denok ulertzen dugu agresibitatea, irainak, indarkeria... bortizkeria izan daitezkeela. Denok ulertzen dugu hori errespetu falta bat dela. Baina Rosenbergek bortizkeriaren barruan edozeini atzeraka egin diezaioken edozer sartzen du. Erabilitako tonua, zenbait komentario, epaiketak, kritikak, isiltasunak, mehatxuak eta horrelakoak ere bortizkeria izan daitezke norbaiti negatiboki eragiten badiote.

Horrela, komunikazio ez bortitza edo errespetuzkoa, gerturatzea eragingo digun beste edozer gauza izango da.

Askotan ez gara konturatzen gure jarrera edo komentario batzuk bortitzak izan daitezkeela.

Hori da, baina bortitza kontzeptua zentzu zabalean hartzen badugu. Jotzea, iraintzea eta garrasi egitea, adibidez, bortizkeriaren barruan garbiago sartuko ditugu. Baina, errespetuari begira ari bagara, batzuetan esateko modua ere izan daiteke bortitza. Norbaiti hau egin behar duzu esatean exijentzia eta derrigortzea dago horren atzean, eta horrek atzeraka egingo badio, elementu bortitz baten moduan har genezake.

Eta hau zertarako? Errespetua denok behar dugun zerbait da; baina, horrez gain, norbaiten kolaborazioa nahi badugu edo guretzako garrantzitsuak diren baloreak ikusi nahi baditugu, adibidez, askoz ere eraginkorragoa da pertsona horrengandik gertu egotea, ulertzea edo berekin bat egitea. Ulertu behar dugu zer ari garen jartzen harremanetik eta lortu nahi dudan helburu horretatik urrunduko gaituena.

Enpatia al da horren oinarria?

Errespetuzko komunikazioa landu nahi badugu erreminta garrantzitsua izango da enpatia. Baina ez da bestea ulertzea bakarrik, ni neu ulertzea eta egoera batean gertatzen ari zaidana bestea epaitu edo errudun sentitu gabe adierazten jakitea ere oso garrantzitsua da.

Bi oinarri horiek landuko ditugu, beraz. Batetik, gertatzen zaiguna eta espresatu nahi dugun guztia nola adierazi; eta, bestetik, bestearena ulertzea. Izan ere, enpatia edo asertibitatea, orokorrean, ez dugu jaso edo ikasi. Gure emozioak gestionatzen ere ez zaigu erakutsi.

Sarritan beldur gara sentitzen duguna esateko. Zeren beldur gara?

Bi jokaera ikusten digutu normalean. Beldur izatea eta isilik gelditzea –eta orduan norbera geratzen da gaizki– edo gauzak modu txar batean esatea –kasu honetan bestea geratuko da gaizki–.

Ni oso sinzeroa naiz esateak eta gauzak horrela botatzeak eragina dauka harremanean eta lortu nahi den horretan. Eta, bestalde, ezer ez esatea eta barruan gordetzea norberarentzat da bortizkeria.

Sentimenduak espresatzearen beldurra hainbat gauzagatik izan daiteke: harremana aldatzeko beldurragatik, gauzak espresatzen ez jakiteagatik, gatazkak txarrak direla eta ebitatu egin behar direla ikasi dugulako... Askotan nahiago izaten dugu segurtasun afektiboa edo onartuak izatea, gauzak esatea baino.

Era berean, ez da erraza izaten sentitzen duguna errespetuz esatea. Zergatik?

Bai, sarritan modu mingarrian esaten ditugu gauzak, besteenganako bortizkeriarekin. Horren alternatiba izan daiteke gertatzen zaiguna adierazten ikastea, besteei minik egingo ez dien modu batean, eta besteari gertatzen ari zaiona ulertzea. Hortik aurkituko dira gatazkaren konponbideak. Behin niri zer gertatzen zaidan ulertuta eta besteak zer behar duen ulertzen dudanean, bion beharrak zaintzeko aukera gehiago izango ditugu.

Adibidez, gatazka batean beti berandu etortzen zara eta hori errespetu falta da esanez hasten banaiz, besteak hori kritika eta gaitzezpen bezala jasotzen du. Baina ezer ez badut esaten badakit hurrengoan ere berandu etorriko dela. Nik nahi dudana, beraz, jarritako ordua betetzea eta nire denbora errespetatzea da. Besteak, ordea, baliteke bere denbora nahi bezala gestionatzen ez jakitea. Edo baliteke, baita, bidean zerbait gertatu izana. Hortik abiatuta, beste soluzio batzuk bilatu ditzakegu, besta epaitu gabe, ulertuz denok ez dugula kapazitate bera denboraren gestiorako. Berandu etorri denari esan diezaiokegu, adibidez, hurrengoan etxetik irteten denean abisatzeko, eta horrela guk ez dugu gure denbora itxaroten pasatzen.

Gai horren inguruko ikastaroa emango duzu Orioko haurreskolan bihartik aurrera. Plazak beteta eta itxaron zerrenda dago.

Bai, plaza guztiak bete dira eta itxaron zerrenda dago. Hala ere, ikastaro gehiago ere antolatzen ditut, modalitate desberdinetan. Beraz, interesa izan duenak eta kanpoan geratu denak aukera gehiago izango ditu gai hau lantzeko.

Horri lotuta, errespetuzko komunikazioan familiekin lan asko egiten dugu eta Orion abenduan tailer bat egingo dugu. Familiak umeekin etortzeko izango da tailerra, mugimendua eta kontaktua landuko ditugu.

KARKARAk zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Orain arte bezala, kalitatezko eduki libreak eskaini nahi dizkizugu. Euskaraz informatzea da gure eginkizuna, eta zure eskubidea. Izan zaitez KARKARAko laguntzaile, urtean 40 euro besterik ez dira!


Izan zaitez KARKARAko laguntzaile!