Auzolanean egin dute skate parkea

Karkara 2016ko aza. 4a, 13:24
Argazkiak: Etxeluze

Larunbat honetan, azaroaren 5ean, Etxeluze gaztetxeko skate parkaren inaugurazioa izango da. 18:00etatik 20:00etara skate erakustaldia izango da, biniloz girotuta. Ondoren pintxopotea izango da eta 22:30etatik aurrera Parrazta eta Why Not!? taldeen kontzertuak izango dira.

Auzolanean egin dute Etxeluze gaztetxeko skate parkea. Gaztetxean, eszenarioaren atzeko aldean egin dute Orioko hainbat gaztek, elkarlanean, skate parkea. Azaroaren 5ean, larunbatean, auzolan horren fruitua jendaurrean aurkeztuko dute: 18:00etatik 20.00etara skate erakustaldia egingo dute: herrian skatean aritzen direnek elkarrekin patinatuko dute arrapala berrian. Ondoren, pintxopotea eta kontzertuak izango dira. 22.30ean hasiko dira kontzertuak, Parrazta eta Why Not!? taldeek joko dute.

Herriko gazteek egin dute skate parkea, auzolanean. 

Zergatik skate parkea?

Orion skatean aritzen ginen gazte dezente ginela konturatu ginen, eta guztiok adin buelta antzekoan geundela. Orion aterpea duen U bat egiteko nahia genuen, eta gaztetxea baino leku egokiagorik ez zegoela pentsatzen genuen denok. Gaztetxeak gustura hartu du proiektu hau, Etxeluzera jende gehiago eta berria etortzea eragingo baitu.

Dagoeneko badago U bat herrian. Honek zer desberdintasun izango ditu?

Orion dagoen U-a perfektua da udarako eta egunez patinatzeko, baina udazkena iritsi eta eguraldi txarra etortzen denean –eguzki orduak ere gutxiago dira– skatean ibiltzeko gogoa genuenean Donostiako pabiloi batera joaten ginen. Horregatik, barruko skate parkea egiteko gogoa genuela eta gaztetxean espazioa edukita, martxan jartzea erabaki genuen.

Noiz hasi zineten lanean?

Uda aurretik hasi ginen lanean, baina udaran errutina galtzen denez alde batera utzi genuen pixka bat proiektua. Orain, urrian, berriz hartu dugu martxa.

Zenbat lagun aritu zarete?

10 edo 15 pertsona inguru ibili gara lanean. Bakoitzak ahal zuenean eta ahal zuena egiten zuen. Egia esan, giro polita izan dugu lanerako elkartu garenean. Behin martxa hartuta, eta ez geratzeko, gaztetxean bazkaltzen edo afaltzen geratzea tokatu izan zaigu eta lagun artean egon garela esan daiteke.

Zer material erabili duzue?

Nahiko diru gastatu dugu azkenean materiala erosten: egurrezko tableroak, listoiak, kontratxapatua, tirafondoak... Materialak bere dirua balio du, baina, emaitza ikusita, merezi izan duela esan dezakegu.

Larunbatean estreinatuko duzue jendaurrean. Gogotsu?

U-a erabiltzeko moduan gaur, ostiralean, utzi ahal izango dugu. Beraz, jendaurrean aurkezteaz gain, larunbatean erabiliko dugu lehen aldiz guk ere. Lanean aritu garenok desiratzen gaude larunbata iristeko eta festa ederra egiteko.

Herri osoa gonbidatu nahi dugu bihar Gaztetxetik pasatzera egindako lana ikusteko, adinak edo skatean ez jakiteak ez du axola. Giro polita sortuko dela uste dugu, Orion skatean aritzen garen gazte guztiak elkarrekin patinatzen ikusteko aukera izango du jendeak arratsaldean, eta gauean herrian sortu berri den musika talde bat –Why Not!? izango da oholtzan.

Bestalde, negu honetan, astean egun batean skate parkea herriarentzat irekitzea erabaki dugu. Horrez gain, aurrerago gaztetxoentzako ikastaroak emateko asmoa ere badugu.

KARKARAk zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Orain arte bezala, kalitatezko eduki libreak eskaini nahi dizkizugu. Euskaraz informatzea da gure eginkizuna, eta zure eskubidea. Izan zaitez KARKARAko laguntzaile, urtean 40 euro besterik ez dira!


Izan zaitez KARKARAko laguntzaile!