Kanpoan daudenak

Gontzal Aldai: "Erasmusak pertsona moduan hazten laguntzen dizu"

Karkara 2016ko aza. 16a, 08:21

Aiatik Italiako Padova hirira joan zen irailean. Otsailera arte izango da han, unibertsitateak eskaintzen dion Erasmus egonaldiari probetxua ateratzen. Gustura dago.

Noiz joan zinen?

Irailaren 27an iritsi nintzen Venezia ondoan dagoen Padova hirira eta gabonetan itzuliko naizen arren, otsaila amaiera arte geratzen naiz.

Zer dela eta?

Ingeneritza mekanikoko gradua ikasten ari naiz eta azken urterako atzerrira joatea aukera egokia zela pentsatu nuen eta horrela ari da izaten.

Aukera ona al da erasmusa ikasketei dagokionean? 

Erasmusak hizkuntza aldetik zailtasun maila igoarazten dizu, hasieran dena arrotza da baina zure egoeran dauden horrenbeste gazte ondoan izanik, beraien egoera berean zaudela ohartzen zara eta azkenean pixkanaka dena errazagoa egiten da. 

Askok diote erasmusa bizi esperientzia dela batez ere...

Guztiz ados nago, erasmusa bizitzako esperientzia aberasgarrienetakoa da. Jende pilo bat ezagutzen duzu eta beste kulturetako jendearekin nahasteak eta egunero elkarrekin bizitzeak, pertsona moduan ere hazten laguntzen dizu, aldaketa oso handia da.

Desberdinak al dira hango eta hemengo hezkuntza sistemak?

Hezkuntza sistemari dagokionez, Euskal Herrian 4urteko gradua da eta hemen berriz 3+2 sistema ado ezarrita. Hiru urtetan titulua lortzen duzu eta ondoren espezializazioa masterrean egiten duzu. Niretzat, alde hortatik, zailena italieraz eta ingelesez diren irakasgaiak aurrera ateratzea da.

Zein da Padovako zure txokorik gustukoena han?

Txoko pila bat daude, Padova hiri polita da eta herriko plaza izango zenaren antzekoan elkartzen gara maiz erasmus ikasleak eta bertako jendea. Sortzen den giroa aparta da! Beti dago zerbait desberdina egiteko aukera eta jende berria ezagutzeko.

Eta hemendik, zer sumatzen duzu faltan?

Faltan familia, neskalaguna eta lagunak sumatzen ditut; Errustako terrazako giroa eta etxean bizitzeko erraztasuna. Hemen berriz logela elkarbanatzen dut, sukaldea beste 200 lagunekin elkarbanatu behar dut... Hala ere, gaur egun, etxekoekin egunero nago kontaktuan eta alde horretatik ez zara hain urruti sentitzen, neskalaguna eta kuadrilako bat ere etorri zaizkit bisitan eta denbora uste baino azkarrago doa.

 

KARKARAk zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Orain arte bezala, kalitatezko eduki libreak eskaini nahi dizkizugu. Euskaraz informatzea da gure eginkizuna, eta zure eskubidea. Izan zaitez KARKARAko laguntzaile, urtean 40 euro besterik ez dira!


Izan zaitez KARKARAko laguntzaile!