Guztira 67 lagun ari dira euskara ikasten

Karkara 2016ko aza. 15a, 08:27

Iaz jarri zen martxan lehendabizikoz Orioko Euskaltegia kosta tailerrean. Aurten matrikulen kopurua jaitsiko zela uste zuten, baina ez da horrela izan. Iazko emaitzei eustea lortu dute. 

2015eko urriaren 15ean egin zen Orioko Euskaltegiaren inaugurazio ekitaldia. Orduan, duela urtebete, hitzok erabili zituen AEKko ordezkariak: Urteak eman ditugu horrelako hitzarmen bat egin nahian, azken finean, gure helburua, edozeini euskaraz bizitzeko eta euskara ikasteko aukera ematea da.

Antza, oriotarrek ere zerbitzu horren beharra ikusten zuten, erantzuna oso ona izan baitzen eta aurten ere . Orioko Udaleko euskara teknikariaren hitzetan, iazko boomaren ostean aurten matrikulazioa zertxobait jaitsi egingo zela uste zuten. Baina ez da horrela izan. Eta, ondorioz, oso gustura daudela aitortu du Jabier Zabaletak.

Ikasturte honetako matrikulazioa, gutxi gorabehera, iazko kopurutan ibili da. Eta, Zabaletaren ustetan, horrek ondorengoa erakusten du:
  • Orion bizi den jendeak baduela gogoa euskara ikasteko eta sentitzen duela horren premia.
  • Udalak eta AEKk eskaintzen duten zerbitzua ondo baloratzen dutela.
Euskara teknikariak azaldu digunez, guztira, 67 ikasle daude Euskaltegian. Horietako 40, taldeetan dabiltza eta 27 autoikaskuntzan. Eta, bataz beste, 10 lagun dabil talde bakoitzean. Zabaletak azaldu digunez, horrez gain, AISA talde bat dago, 12 lagunekoa, HABEk subentzionatzen duena. Talde horretan oinarrizko euskara ikasten dute eta etorkinentzat da. 

Euskaltegitik kanpo ere, eskolak

Iaztik euskara eskolak Euskaltegian egiten dituzte. Euskaltegia kosta tailerrean kokatzen da. Iaz talde guztiek han jasotzen zituzten eskola guztiak. Aurten, ordea, eskola batzuk kultur etxeko bilera gelan jasotzen dituzte. Ordutegi bera dutenez, Euskaltegian ez dute tokirik. Izan ere, Euskaltegiak gela bakarra du eta eraikinaren goiko pisuan dagoen espazio bat erabiltzen badute ere, ordu jakin batzuetan hura ez da nahikoa. 
 
 
 
 
 

Autoikaskuntzan 27 lagunek eman dute izena eta, horrez gain, lau talde osatu dira maila hauetan:

  • A1-A2 maila, goizean. Talde honetan ikasle gehienak iaz A1 maila egindakoak dira. Aurten, beraz, segida emango diote euskalduntzeari.
  • A2 maila, arratsaldean. Talde honetan ere iazko ikasleak daude, ikasten segitu nahi dutenak.
  • A1 maila, goizean. Aurten euskara ikasten hasiko diren ikasleak dira, 0 mailakoak. Oraingoz, kultur etxean hartzen dituzte klaseak.
  • Alfa/B2/C1 maila, arratsaldean. Talde honetan perfil diferentetako ikasleak daude: batzuk euskalduntzetik datoz eta ikasten segitu nahi dute; beste batzuk, berriz, alfabetatu nahi duten edo EGA titulua atera nahi duten euskaldunak dira.

KARKARAk zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Orain arte bezala, kalitatezko eduki libreak eskaini nahi dizkizugu. Euskaraz informatzea da gure eginkizuna, eta zure eskubidea. Izan zaitez KARKARAko laguntzaile, urtean 40 euro besterik ez dira!


Izan zaitez KARKARAko laguntzaile!