Naia Garro: "Hemen ere askok eskuak burura eraman dituzte"

Karkara 2016ko aza. 11a, 10:08

Estatu Batuetan da Naia Garro. Ikastera joan eta hauteskundeen gorabeherak gertutik bizitzeko aukera izan du. Bizipen horiek kontatu dizkio KARKARAri. 

Euskal Herrian, eta mundu guztian, Estatu Batuetara begira gaude. Eta zu han. 

Lehengo urtean ikasturte bat Estatu Batuetan egitea erabaki nuen, gure lehengo batxilergoko maila, hemengo High Schooleko 11.ena. Orain, Wisconsineko herri txiki batean nago, familia amerikar batekin eta noruegako ahizpa batekin.

Oihartzun handia izan dute AEBko hauteskundeek hemen. Han ere zeresan handia sortuko zutela imajinatzen dut... 

Hemen igaro ditudan hiru hilabeteetan telebista, irrati eta aldizkariak bete dituen gai bakarra egon da: hauteskundeak. Ez dugu besterik entzun. Telebista piztu eta partidu bakoitzaren kanpainak, eztabaidak, zeinek irabaziko ote zuen erakusten zuten inkestak... Irratian musika entzuten saiatzen nintzen, baina ez zegoen hauteskundeak besterik. Etxeko buzoia ere hauteskundeen berrien gainezka izan dugu...

Trumpek irabazi du eta askok eskuak burura eraman dituzte. Han ere harridura sortu al du Trumpen garaipenak? 

Ikastolan bertan, egun batzuk lehenago, gure hauteskundeak izan ditugu, ikasleak Clintonen edo Trumpen alde zeuden jakin nahi zuten. Emaitza Clintonen aldekoa izan zen eta, nire estatua, Wisconsin, Trumpen alde atera dela jakiterakoan... Bai, hemen ere askok eskuak burura eraman dituzte. Nire inguruan gehienak Hillaryren alde zeuden, eta hala daude oraindik ere, Trumpen garaipena onartu nahi ezinik.

Zu noiz arte egongo zara han? 

Oraindik Trump ofizialki presidente izan arte, ordea, pare bat hilabete pasako dira, bere izendapena urtarrilaren 20ean izango baita. Ni Ekaina inguruan bueltatuko naiz, beraz, Obama eta Trump lehendakari izan ditudala igaroko dut urtea.

KARKARAk zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Orain arte bezala, kalitatezko eduki libreak eskaini nahi dizkizugu. Euskaraz informatzea da gure eginkizuna, eta zure eskubidea. Izan zaitez KARKARAko laguntzaile, urtean 40 euro besterik ez dira!


Izan zaitez KARKARAko laguntzaile!