Ana Priedek Gobernu Batzordea uzteko erabakia hartu du

Karkara 2016ko aza. 24a, 19:50
Argazkia: Urola kostako hitza

PSE-EEko zinegotziak, hauteskundeen ostean, Gobernu Batzordeko kide izateko erabakia hartu zuen. Orain, kasik bi urte pasa direnean, batzarretik alde egiteko erabakia hartu du. 

Pasa den asteazkenean, urriaren 19an, Joxe Anjel Zalduari Gobernu Batzordea uzteko erabakiaren berri eman zion Ana Priedek. PSE-EEko zinegotziak azaldu duenez, batzarraren egitekoa udal gobernuko proiektuen eta politiken jarraipena egitea da, informatzea. Priedek azaldu duenez, hasiera batean bilerak egiten zituzten; baina, azken urtean, ez direla biltzen dio; eta, ondorioz, batzarrak ez duela bere funtzioa betetzen gaineratu du. Arrazoi horregatik batzarreko kide ez izatea erabaki du.

Alkateari duela hilabete aurkeztu zion dimisioa. Zalduak oraindik ez du albistea publiko egin eta gaia ez du udalbatzarrera eraman. Joxe Anjel Zalduak, bere aldetik Priedek dimisioa aurkeztu diola onartu du, baina erabakia oraindik hartzeko daukala gaineratu du. Zalduak dioenez, dimisioa jaso ostean, alkateak erabaki bat hartu behar du –onartu edo ez–. Berak oraindik ez du iritzi garbirik. Hitz egin behar dudanekin hitz egin ostean erabakia hartuko dut erabakia, gaineratu du. Erabakia hartzeko epe-mugarik ez duela ere azaldu du.

Horren aurrean, Priede Gobernu Batzordean egotea bere esku dagoela galdetuta, hori berak ikusiko du gaineratu du Zaduak. Nik nere erabakia hartuko dut, dio eta gaineratu du: Anak ikusiko du zer egin.

Gobernu Batzordea ez, baina Bozeramaileen Batzordea bai

Bozeramaileen Batzarra eratzeko eskatu dio Priedek alkateari. Alderdi politiko guztiek osatuko lukete Bozeramaileen Batzarra. Priederen ustez udalerriari eragiten dieten gaiei jarraipena egingo litzateke honela eta horrek Udalari aniztasuna ematez gain, gardentasuna ere emango liokela uste du. 

Bukatzeko, Priedek argi utzi nahi izan du PSE-EE Gobernu Batzordean egon den arren, ez duela sekula itunik izan EAJrekin. Oposizioan dagoela eta orain arte ere hala egon dela argitu nahi izan du. 

KARKARAk zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Orain arte bezala, kalitatezko eduki libreak eskaini nahi dizkizugu. Euskaraz informatzea da gure eginkizuna, eta zure eskubidea. Izan zaitez KARKARAko laguntzaile, urtean 40 euro besterik ez dira!


Izan zaitez KARKARAko laguntzaile!